INFO

Este navegador no soporta el elemento video.

Harri totemikoa altxatu dute Sakanan GARAren omenez

Egunkari baten euskarriak papera eta, digitalizazioaren garai hauetan, pantailak dira. Baina harria gure kulturari estuki lotuta dago. Horren adierazle, igande honetan, GARAren 25. urteurrenaren karira, Sakanan egin den ekitaldi hunkigarria.

GARAren omenez Altsasuko San Pedroko zelaietan ezarri duten harria. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

GARA egunkariaren 25. urteurrenaren harira, Altsasuko San Pedroko zelaietan egindako ‘Egin eguna’ historiko haiek gogoan izan dituzte igande goiz honetan. ‘Harri Herri. Iraganetik etorkizunera’ lelopean antolatu diren ekitaldien artean, GARAren omenez zizelkatu den harriaren inaugurazioa izan da aipagarriena, sinbologiaz beteriko unea izan baita.

Sakanako GARAzale eta ‘Eginzale’ talde batek antolatu du jardunaldi hunkigarri eta xumea. 200 bat lagun elkartu dira ermitaren ondoan, bertan kokatzen baita 1988. urtean ‘Egin egunean’ ezarritako harri oroigarria. Orain, estaltzen zuten ikurriña, Nafarroako ikurra eta Palestinako ikurrak kendu ondoren, harri horren beste aldean, GARAren izena irakur daiteke zizelkatuta.

Ekitaldian, Mertxe Aizpurua GARAko lehenengo zuzendaria eta Iñaki Soto, egungo zuzendaria, izan dira. Eskerrak eman dizkie Sotok antolatzaileei, eta gogoan izan du tokiaren sinbologia: «‘Egin egunak’ hemen egiten zirelako eta, zentsu horretan, gune hau guretzat sinbolo bat da, gaur egungo fake news-ak garai haietan bertsio ofizialak zirelako. Gure hedabideak sortu ditugu bertsio ofizial horiei aurre egiteko».

Kazetaritzaren balioa ekarri du gogora, baita adierazpen askatasuna ere: «Gertatu den guztia kontatu izango ez balitz, herri okerragoa izango ginatekeelako».

Hor dago, urte osoan zehar, GARA eta NAIZ Artefaktuarekin egiten ari diren memoria biziaren ariketa. «Guretzat garrantzitsua izan da, ariketa kolektibo bat izan delako, atzera begiratu eta ikusi zein gauzkak egin ditugun, batzuk ondo eta beste batzuk ez hain ondo», aipatu du umoretsu. 

Iñaki Sotok eskerrak eman nahi izan dizkie bereziki Altsasu eta Urdiaingo biztanleei, ekitaldia antolatu izanagatik: «Beraiek erakusten dutelako, azken finean, gure proiektua zertarako den –azpimarratu du–. Euskal Herrian jende pila bat ari da lanean kulturgintzan, politikagintzan, kirolaren munduan... alor anitzetan, eta guretzat garrantzitsua da jende horri garrantzia eman eta haien berri zabaltzea interneten, paperean eta irratiaren bidez».

Ekitaldiaren ondoren, Iortia plazan herri bazkaria egin da. Egunean zehar, halaber, ‘Egin’ eta GARAren azal historikoen erakusketa izango da Altsasuko hainbat tabernetan.