Hamar eta hamabost hilabete arteko kartzela eskaerak Lapurdiko bost gazterentzat
Iragan martxoan Polizia frantsesak Lapurdin atxilotu zituen bost gazteak astearten honetan epaitu dituzte Baionan. Fiskalak hamar eta hamabost hilabete arteko espetxe eskaerak egin ditu. Epaia urtarrilaren 14an jakingo da.
Baionako auzitegian epaitu dituzte astearte honetan iragan martxoan Lapurdiko hainbat tokitan atxilotu zituzten bost gazteak. Seigarren bat ere atzeman zuten, baina aske geratu zen.
Kazeta.eus agerkariak berri eman duenez, prokuradoreak espetxe zigor eskaerak egin ditu bost gazteentzat. Zehazki, hiru auzipeturentzat hamabost hilabeteko kartzela galdegin du, horietatik bederatzi zigorra betetzeko beharrik gabe.
Beste batentzat hamabi hilabeteko espetxealdia eskatu du, horietatik zortzi betetzeko beharrik gabe. Bosgarrenarentzat, berriz, hamar hilabeteko kartzela zigorra, osorik gibelapenarekin. Epaia urtarrilaren 14an jakingo da.
Gazteok hainbat protesta ekintzarekin zerikusia zutelakoan atzeman zituzten. Poliziak bere garaian azaldu zuenez, besteak beste, azken urteetan U14 kolektiboak frantziar besta nazionala salatzeko Donibanen eta Hendaian burutu zituen mobilizazioekin zerikusia zuten auzipetuek.
Horretaz gain, Hendaiako tren turistikoaren kontra pintadak egitea egotzi zien Poliziak. Era berean, erretreten ereformaren aurkako Baionan izandako martxa baten amaieran manifestari eta Poliziaren artean izan ziren istiluetan parte hartu izana leporatu zieten.
Akusazioak egiaztatutzat eman ditu fiskalak, eta DNA arrastoetan zein poliziek ezkutuan eginiko jarraipenetan harturiko oharretan oinarrituta auzipetuen identifikazioak eta, ondorioz, ardurak frogatutzat eman ditu.
Defentsako abokatuek, ordea, aipaturiko identifikazioak zalantzan jarri dituzte, beren ustetan epaiketan aurkezturiko elementuak ez baitira aski auzpetuen ardurak zehazteko. Hala, gertakariak izan zirenean gazteetako bi, lana edo ikasketak tarteko, beste toki batean zeudela jakinarazi dute, hainbat agiri aurkeztuta.
Gazteei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin dute Baionako Auzitegiaren aurrean.