INFO
Entrevista
Barbara Stammel
Margolaria

«Nire barruan espazio bat ireki zain egoten naiz margotzeko, buruak ez du kontrolik bertan»

Denboraren joana islatzen dute Barbara Stammelen erretratuek. Begirada indartsuak, sarkorrak, ikuslea interpelatzen dutenak. Artistak subkontzienteari libre uzten dion uneetan sortuak. Donostiako La Central arte espazioan daude hauetako batzuk, bisitarien zain.

Barbara Stammel, erakusketan. (Maialen Andres | Foku)

Groseko La Central galerian Barbara Stammelen eta Sergi Cadenasen erretratuak daude eskegita. Denboraren joanak harilkatzen ditu bi sortzaileen lanak.

Bi margolan eta eskultura bat jarri du ikusgai Cadenasek. Tamaina handiko lau obra aukeratu ditu Stammelek, hiru neurri ertainekoak eta beste hainbat txikiak. Emakumezkoak zein gizonezkoak. Ez dira urte asko gizonezkoak pintatzen hasi dela. Hasieran denak emakumeak ziren.

«Irudi bat agertzen da buruan. Eta margotzeko gogoa. Imajinarioa Euskal Herrira ekartzeko irrika fisikoa. Existentzia eta horrela adieraztea. Batzuetan ez dago irudirik, baina bai desioa sortzeko. Nire eskuak buztinean sartu, nahastu eta barreiatu pigmentuak, materiari eragin, ikasgelan agertu arte. Irudia mihisatzen dut. Prozesu honetan sinesten dut. Sormen-prozesua azkarra da. Eta, pintoreak dioen bezala: ‘Nire koadroak gehiago dira prest nago’». Modu honetan aurkezten du bere burua Barbara Stammelek ere webgunean.

Söckingen (Alemania) 1960an jaioa, Getarian bizi da margolaria 90eko hamarkadatik. Kontaezinak dira urte guztia haeutan bere eskutik sortu diren erretratuak. Begiak nabarmentzen dira ikusi batera. Begirada indartsuak, sarkorrak. Mihise gainean egindako pintzelkadak nabariak dira.

«Erretratu bakoitzean, Stammelek figurazioa eta abstrakzio kontrolatu bat konbinatzen dituen teknika bat erabiltzen du, pintzelkada solteak eta pintura-geruza lodiak erabiliz. Askotan, aplikatuak baino gehiago zizelkatuak dirudite. Horrek ia ukipenezko kalitatea ematen die obrei, aurpegiak buztinean moldatuak baleude bezala, margotuak izan beharrean. Subjektuen aurpegiak zeharkatzen dituzten inperfekzioek, markek eta pigmentu-arrastoek sakontasuna eta izaera gehitzen dituzte. Aurpegi horiek, adierazkortasunez beteta, bizitzaren eta sentitutako esperientzien istorioak kontatzen dituztela dirudi, haiengan zaurgarritasun- eta sendotasun-sentsazioa sortuz, eta ziurrenik behatzaile askorengan oihartzun egiten duen dualtasuna», adierazi dute La Central arte galeriaren arduradunek.

Bere obraren garapenaz galdetu diogu: «Askoz leunagoak direla esan didate, ez hain hermetikoak edo agresiboak. Ikuslearekin kontaktua gehiago bilatzen dutela, gertuago daudela. Azken 30 urteotan pixkana egindako garapena da, ez da aurrez hala erabakitakoa, urteetan zehar ni aldatu egin naiz eta ondorioz nire lana ere bai».

Batzuetan pertsona ezaguna erretratatzen du. Helen Mirreni eskainitako lana da horren adibidea. «Asko gustatzen zait aktore bezala eta horren gain zahartze prozesua nola daraman interesatzen zait», dio. Edo enkarguak jasotzen ditu. Erakusketan aita eta seme baten margoak daude, elkarren ondoan. «Egin nituenean erretratuak eurei eman nizkien eta lanean jarraitu nahi izan nuen. Bertsio berriak dira erakusketan ikusi daitezkeenak. Aurpegi batzuk gustukoak ditut eta gehiago landu nahi ditut».

Bulkadari jarraiki margotzen du Stammelek. Behin margoa eginda daukala dator obraren gaineko hausnarketa. «Erreflexioa beti da intelektotik eginak eta ez nago seguru askotan buruak esaten diguna beti egia denik. Egunean zehar ez dakit zenbat pentsamendu ditugun, eta haiei jarraitzen diegu. Sinetsi egiten dio buruari. Agian interesgarria litzateke ez sinestea», kontatu du, irribarrez.

Intuizioa eta emozioak, bide

Oso modu intuitiboan egiten dut lana. «Kontua ez da ‘hau egin nahi dut eta hori lortuko dut’... Nire barruan espazio bat ireki zain egoten naiz, nire buruak ez du kontrolik bertan. Berez ateratzen dira. Subkontzientearen mugimendu hori da niri interesatzen zaidana».

Emozionalak dira Stammelen lanak. «Sentimendu asko ikusten dira koadroetan. Zaurgarritasuna erakusten dute. Eta jendearentzat ez da atsegina, ez du zaurgarria izan nahi. Askotan esan izan didate nire artea zaila dela. Irudi atseginak nahiago dituzte etxeko paretetan. Pertsona ezezaguna ere ez dute jarri nahi. Nik beti esaten diet koadro bat erakargarri egiten bazaie ez dela edonor. Eurekin bat egiten badu dagoeneko ezaguna da. Eta errefusa sentitzeak ere esanahiren bat du berarekin.  

«Gaur egun oso interesgarria iruditzen zait gizaki bezala zaurgarri agertzea gizartearen aurrean. Ea zenbat denboran agoantatzen dugun zaurgarri izaten. Eta ea zein puntutan babestu behar dudan nire burua», nabarmendu du.

«Narkotizatuta gaude, coronavirusaren garaian garbi ikusi zen. Agintariek edozer gauza esan, onartu egiten dugu», dio, beste une batean.

Ispilua

Ispiluaren efektua. «Erretratatu baten aurpegian eta begiradan ikusle bakoitzak gauza desberdinak ikusiko ditu. Eta sentituko. Eta horrek ikuslearekin dauka zerikusia. Nire margoak ikusi eta ‘Ze bortitza zaren!’, esan izan didate. ‘Nik ez dut hori ikusten, zuk ikusten duzu, beraz bortitza zu zara’, erantzun izan diot. Margotutako pertsona baten begirada aurrez aurre duzunean gauza interesgarriak gertatzen dira, interpretazio ugari daude».

Publikoarengan eragitea ondorioa da, ez helburua, Stammelen kasuan. «Norbaitek koadro batekin lotura sentitzen badu oso ondo, agian balizko bezeroa da. Izan ere, koadroak saldu nahi ditut, nire lanetik bizi nahi dut. Baina lehenengo pausua nire burua espresatzea da».

Beldurtu ala harritu al zara subkontzientea agerian uztean? «Lehenengo bulkada zentsuratzea da! Hori ere... Zenbat aldiz autozentsuratzen gara konturatu gabe? Margotzean agerian geratzen zait. ‘Espresio hau ze itsusia den’, edo ‘pertsona honek beldurgarria ematen du’ pentsatu izan dut. Edo ‘ez dut izaera jakin bat erakutsi nahi’. Eta gero diot, neurekiko, zergatik?. Erreakzio horren kontziente izatea garrantzitsua da», aitortu du.

‘Ez duzu psikologoaren beharrik’, esan diogu. «Koadroak dira nire psikologoak», erantzun du, barre algara artean. 

Pigmentoetatik, pinturak 

Olio margoak Stammelek berak egiten ditu bere estudioan. «Pigmentoak erosten ditut eta linaza olioarekin nahastuz prestatzen ditut. Oso puruak dira, ez dago beste osagairik. Kalitate handia eskaintzen didate». Inportantea da margoa berehala ez lehortzea, hurrengo egunetan lanean jarraitu ahal izateko.

Artetik bizi nahiko luke. Ez da lantegi erraza. «Orohar jendeak ez du artea baloratzen eta prezioak garestiak iruditzen zaizkio. Ez da gauza bera gertatzen beste gauzekin. Sakeleko telefonoekin, adibidez. Bi urtetik behin berria erosten dute, gainera. Iphone batek nire koadro txiki batek baino gehiago balio du», dio.

Britainia Handia eta Holandan bezalako herrialdeetan estimu handiagoa dute Stammelen erretratuek. «Han erretratuaren radizio luzea dute, hemen aldiz, paisaiak ditu publikoak gustukoago», zehaztu du.

La Central bezalako arte espazioaren irekiera txalotu du. «Oso ausarta iruditzen zait garai hauetan arte galeria irekitzea. Gusto ona dute gainera eta bisitari dezente dabil erakusketan», esan du.