INFO

Euskarak pantailetan bizi duen egoerari buruzko dokumentala estreinatuko da Euskal Zine Bileran

30 minutu irauten dituen ‘Urak eginen du bide’ dokumentalean, euskalgintza, soziolingustika eta ikus-entzunezkoetan adituak diren pertsonak elkarrizketatu dituzte egileek alde batetik, eta pantailen munduari lotuta dauden profesional ezagunen esperientziak bildu dituzte, bestetik.


‘Urak eginen du bide’ dokumentala estreinatuko da asteazken honetatik datorren astelehenera arte Lekeition (Bizkaia) egingo den 47. Euskal Zine Bileran. Euskarak pantailetan bizi duen egoera, hizkuntzaren normalizazioan duen eragina, eta euskarak mundu digitalean aurrera egiteko dituen erronkak aztertzen ditu dokumentalak, hainbat aditu eta aurpegi ezaguni egindako elkarrizketen bidez, Pantailak Euskaraz ekimenetik jakinarazi dutenez.

Benito Ansola zinemazale eta zinegileak 1978an sorturiko Euskal Zine Bilera da Euskal Herrian ospatzen den euskarazko zinemaldirik zaharrena, eta funtsezkoa izan da euskarazko zinemagintzaren sorreran, garapenean eta biziraupenean ere. Bertan aurkeztu zituzten lehenengo proiektuak gaur egun nazioarteko aintzatespena duten hainbat euskal profesionalek, hala nola Asier Altunak, Telmo Esnalek, Aitor Arregik, Jon Garañok, Lara Izagirrek edota Paul Urkijok.

Pantailak Euskaraz ekimenaren ustez, Euskal Zine Bilerak «euskarazko ikus-entzunezkoen alde egin duen eta egiten duen lan aparta kontuan izanik, testuinguru ezin hobea da» 'Urak eginen du bide' dokumentala aurkezteko. Euskarak pantailetan eta ikus-entzunezkoen munduan bizi duen egoera, honek euskararen normalizazio prozesuan duen eragina eta hizkuntzak mundu digitalean aurrera egiteko dituen erronkak aztertzen ditu, hainbat aditu eta aurpegi ezagunen elkarrizketa eta testigantzetatik abiatuz.

Dokumentalaren zuzendari, egile eta ekoizleak June Agirre Ansa, Alex Altuna Tojal eta Oier Markotegi Zubillaga zinemagile gazteak dira. Mondragon Unibertsitateko ikus-entzunezko gradu amaierako lana egiteko jarri ziren Pantailak Euskaraz elkartearekin harremanetan, gaiaren inguruko ikus-entzunezko bat egin asmoz.

Bada, Mondragon Unibertsitatearen baliabideak erabiliz, Amaia Pavon HUEZIko irakasle eta ikertzailearen tutoretzapean, eta Pantailak Euskaraz elkartearen lankidetzarekin egin duten dokumentala izan da emaitza. Gradu amaierako lanaren aurkezpen onenari saria jaso zuten ekainean unibertsitatean.

30 minutu irauten dituen dokumentalean, euskalgintza, soziolingustika eta ikus-entzunezkoetan adituak diren pertsonak elkarrizketatu dituzte egileek alde batetik, eta pantailen munduari lotuta dauden profesional ezagunen esperientziak bildu dituzte, bestetik.

Horrela, dokumentalean agertzen dira, besteak beste, Itziar Ituño aktorea, Antton Telleria esatari, aurkezle eta umoregilea, Sua Enparantza aktorea, Maialen Arzallus kazetari, aurkezle eta bertsolaria, Nerea Arriola aktorea, Libe Mimenza Euskal Hedabideen Behategiko zuzendari eta NOR taldeko ikertzailea, Urtzi Urkizu Berria-ko kazetaria, Miren Manias EHUko irakasle eta ikertzailea, Olatz Altuna soziolinguista, Kike Amonarriz soziolinguista eta aurkezlea, Maialen Arteaga Gazte Euskaltzaleen Sareko kidea, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, Gari Goikoetxea UEMAko euskara teknikaria eta Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz-eko bozeramailea.

Helburuak

Dokumentalaren helburuak dira «azken hamarkadan euskarak pantailetan galdu duen lekuaz jabetzea, egoera horrek (beste hainbat faktorerekin batera) euskararen jabekuntzan eta erabileran izan duen eragin negatiboaren kontzientzia hartzea eta, azkenik, euskarak pantailetan zein kaleetan etorkizun osasuntsu bat izan dezan herritarrak, eragileak zein erakundeak aktibatzea».

Izan ere, Pantailak Euskarazen ustez, «erakundeek bitarteko gehiago bideratu eta legezko egitura egokiak martxan jartzea, profesionalek zein sare sozialetako sortzaileek euskarazko eduki gehiago sortzea, eta herritarrek mota guztietako pantailetan euskarazko edukiak kontsumitzearen apustua egitea, funtsezkoak izango direla euskarak gaur egun bizi duen erronka nagusietako bat, pantailen eta digitalizazioaren erronka, gainditzeko».

Euskal Zine Bileran ostiralean izango den estreinaldiaren ostean (19:00etan), dokumentalaren beste hainbat aurkezpen emanaldi antolatuko ditu Pantailak Euskarazek: azaroan Bilbon, abenduan Donostian eta Durangon, 2025eko urtarrilean Aretxabaletako Huezinema jaialdian, eta ondorengo hilabeteetan interesa duten herrietan proiekzio eta solasaldiak eskainiko ditu.