Osasunak eta AEK-k euskara sustatzeko hitzarmena luzatu dute
Duela sei urte hasitako ibilbideari eutsiko diote Osasunak eta AEK-k, hizkuntza-kudeaketarako sinatutako hitzarmena berritu baitute. 2027 urtera arte egongo da indarrean. 2018an hasi zuten elkarrekin bide hau.
Osasunak eta bere Fundazioak hizkuntza-kudeaketa plan zenbait diseinatu dituzte AEKren laguntzarekin 2018an lehen hitzarmena sinatu zutenetik. Orain, hitzarmen horren luzapena sinatu dute 2027ra arte.
AEK-k azaldu duenez, plan hauetan sentsibilizazio jarduerak, euskara eskolak eta itzulpen plana landu dira urte hauetan. Ahize AEKren aholkularia arduratu da plan hauek ezartzeaz.
Egindako bidearen balorazio hona egiten dute AEKtik. Izan ere, Osasunan euskararen presentziaren gorakada izan da bazkideekiko eta herritarrekiko harremanetan zein euskarrietan. Arlo horietan, Sadar zelaiko errotulazioa, bazkideentzako mezu eta eskutitzak, webgunea eta lehen taldearen X sareko euskarazko kontua aipatu dituzte.
Euskarak gora Osasunan
Halaber, ikasturtez ikasturte, gora egin du euskara ikastera animatu diren langileen kopuruak, eta 23/24 ikasturtean hamalauk egin dute urratsa. Horretaz gain, haurrekin aritzen diren futbol eskoletako teknikari guztiek jaso dituzte hizkuntza-aniztasunaren gaineko motibazio saioak, bai eta egoera hobeto kudeatzeko oinarri metodologikoak ere. Gaur egun, futbol eskoletako bost taldetik batean euskaraz dihardute; dagoeneko, 330 haur aritzen dira euskaraz, eta azken urteetan horrelako bost talde osatu dira Iruñerrian eta Lizarran. Era berean, azken urteotan Osasunak parte hartu izan du administrazio publikoek eta euskalgintzak sustatutako ekitaldi eta kanpainetan; esate baterako, Euskaraldian eta Korrikan.
Haatik, aurrerapausoak eman arren, hitzarmen berriak erakusten du oraindik ere lan eskerga dagoela egiteko. Horregatik, hemendik aurrera, lehentasun batzuk nabarmendu dira: adibidez, bazkideei ematen zaizkien zerbitzuek eta komunikazioek ildo nagusietako bat izaten jarraituko dute; gainera, Taxoaren bertze ekintza bat garatuko da, harrobiko jokalariekin eta bertako proiektu berriaren inguruan.
«AEKrentzat hagitz pozgarria da elkarlan honetan segitzea; izan ere, aintzat hartuta Osasunaren irismen ikaragarria, horrelako eragile indartsu batek euskara normaltasunez erabiltzeko bideak urratzeak bat egiten du, zeharo, AEKren misioarekin eta jardunekin», nabarmendu du.