INFO

Palestinatik iritsitako bost familia etxegabe geratuko direla salatu du Etxebizitza Sindikatuak

Nazionalitate bikoitza izateagatik Palestinatik Euskal Herrira ekarritako bost familia abenduaren 31n etxebizitzarik gabe geratuko direla salatu du Etxebizitza Sindikatuak. Gobernu espainolaren proiektu batekin etorri ziren eta orain finantzatzeari utziko dio, azaldu dutenez.

Asteazken honetan Gasteizen Etxebizitza Sindikatuak eskainitako prentsaurrekoa. (Raul BOGAJO | FOKU)

Palestinatik Euskal Herria etorritako espainiar-palestinar nazionalitatea duten bost familia abenduaren 31tik aurrera etxebizitzarik gabe geratuko direla salatu du Etxebizitza Sindikatuak. Gobernu espainolak finantzatutako programa batekin etorri ziren, baina utzi beharko dutela esan diete.

Etxebizitza Sindikatuko bozeramaile den Karla Pisanok Gasteizen asteazken honetan eskainitako prentsaurreko batean adierazi duenez, Madrilek abuztuan jakinarazi zien familiei urriaren 31n programa finantzatzeari utziko ziola, baina asteartean epe hori abenduaren 31ra arte azteratu zen.

Familien eskaerak «argiak» direla esan dute: asilo eskaeraren ebazpena «ahalik eta gehien» bizkortzea eta kalitatezko eta behin betiko etxebizitza alternatiba bermatzea.

Programa honekin, iazko azaroan palestinako 26 familia etorri ziren Estatu espainolera. Hauetako bost, hamar adingaberekin, Gasteizera eraman zituzten. Pisanok adierazi duenez, «ongizatea errespetatzen ez duen estrategia bat» burutzen ari dira, epea luzatuz, azkenean familiek beraien kabuz merkatu librean aukera bat aurkitzeko epea luzatuz.

«Badakigu etxebizitzaren egoera oso larria dela, are gehiago gerratik ihes egin behar duten familientzat», adierazi du Etxebizitza Sindikatuak. «Askok alokairuak aurkitu nahi dituzte, baina ez dute lortzen ezin dituztelako jabeen filtro arrazistak eta klasistak gainditu. Nominak aurkezteko eskatzen diete, baina gerratik atera berriak badira, zer nomina aurkeztuko dituzte?», gaineratu dute.

Halaber, bost familietako bat alokairuko iruzur baten biktima izan dela deitoratu dute. Azaldu dutenez, 700 euro ordaindu dituzte «existitzen ez den etxebizitza bat ikusi ahal izateko».

Lakuarekin «ardura partekatua»

Proiektua Gobernu espainolarena izan arren, Lakuako Gobernuak egoera «jasanezin» honen aurrean duen ardura seinalatu dute ere, «ardura partekatua.

Azaldu dutenez, Gasteizera ekarritako bost familia hauentzat «baliabide guztiak prest» zituztela esan zuten Lakuatik, baina aterpetxeetan eta hoteletan egon dira, «pilatuta, janaria prestatzeko aukerarik gabe eta bizitza garatzeko leku nahikorik gabe. Gainera, gutxienez hiru aldiz lekualdatu dituzte, Etxebizitza Sindikatuaren arabera.

Horrela, antzerako egoeran dauden beste familia batzuei Etxebizitza Sindikatura hurbiltzeko deia zabaldu diete, «familia guztiekiko elkartasuna antolatzeko» izan ere, «palestinar herriarekiko elkartasuna hemendik hasten da».