INFO

Ane Urkiri izango da NAIZeko zuzendari berria

NAIZek zuzendari berria izango du aurrerantzean. Orain arte Kirolak saileko arduraduna izan den Ane Urkiri Ansola arduratuko da proiektuaren gidaritzaz eta, horrela, Iñaki Altunari lekukoa hartuko dio. Ostegun honetan eman dute aldaketaren berri, Bilboko erredakzio berriaren aurkezpen ekitaldian.

Este navegador no soporta el elemento video.


Ane Urkiri Ansolak hartuko dio erreleboa Iñaki Altunari NAIZen zuzendaritzan. Orain arte Kirolak saileko buru izan da Urkiri eta hedabideak duen «muskulu soziala» indartzen jarraitzeko asmoa agertu du, komunitateari «gertuago» begiratuz. Bilbon GARA-NAIZek duten egoitza berriaren inaugurazio jaia baliatu dute Urkiriren aurkezpena egiteko, hedabidearen komunitateaz ezin hobeto inguratuta. Zuzendari berriaren aurkezpen gisa bideo bat ondu dute, bertaratutakoek zein komunitatea osatzen duten gainontzeko kideek Ane Urkiri ezagutu dezaten.

Este navegador no soporta el elemento video.

«Kazetaritzak zentzurik badauka, eragiteko gaitasuna edukitzea da», adierazi du Urkirik, «hori erakutsi digute ‘Egin’-ek eta GARAk, beti zorrotz eta fin arituta». Duela 12 urte sortu zen NAIZ, «xede berberarekin», eta oraingoa «entrenatzaile aldaketa» bezala ikusten du zuzendari berriak: «Albisterik onenak kontatzeko dauzkagu baina joko zelaia uneoro aldatzen da, eta horrek erronka ugari planteatzen dizkigu».

Iñaki Soto GARAko zuzendariak aurkeztu du Urkiri, etorkizunari baikortasunez begiratuz, baina utopiatik ihesi. «Anbizioa dugu eta zuen babesa dugu», zuzendu zaie Soto ekitaldira bertaratutakoei, esker onez. Ziur dago hori dela aurrera egiteko behar dena, «hori, eta asmatzea, ez baita erraza».

Hunkituta, baina konfiantzaz mintzatu da Urkiri: «Erronka mardula daukagu aurretik, baina pertsona onez eta kazetari onez osatutako lantaldea daukagu».

Komunikabide berezia dela jakitun da Soto, inor baino hobeto, eta horren adibide da asteburuan Altsasun egindako ospakizuna. Monolitoa jarri diote bertan GARAri; zuzendariak azpimarratu duenez, «ez da Europan egongo, ziur asko, ezta munduan ere, honelako monolito bat daukan komunikabide bakar bat», are gehiago, «ziur ez dagoela sortu zuen komunitateak bere kabuz honelako harri bat jarri duen komunikabiderik».

12 urtez izan da Iñaki Altuna NAIZeko zuzendaria, hain zuzen ere, proiektua sortu zenetik. Kazetaritza ikaslea zen orduan aurrerantzean ardura bere gain hartuko duen Ane Urkiri; hain zuzen ere, hedabide digitalak beharrezko duen belaunaldiarteko erreleboa eskainiko dio mutrikuarrak.

Txiki geratu da egoitza berria, proiektua babesten duen komunitate zabalaren erakusgarri. Bertan izan dira, besteak beste, Iñaki Antiguedad ekintzaile eta irakaslea, Ane Elordi Korrikaren koordinatzailea, Laura Mintegi idazlea eta Beñat Zarrabeitia kazetaria, EH Bilduko legebiltzarkide Peio Otxandiano eta Oihana Etxebarrieta, baita Bilboko EH Bilduko bozeramaile Maria del Rio ere, beste askoren artean.

Egoitza berria

GARAk eta NAIZek Bilbon duten erredakzio berriaren inaugurazioa baliatu dute Ane Urkiri NAIZeko zuzendari gisa aurkezteko. Kale Nagusitik Arriaga plazara mugitu dute egoitza eta toki aldaketarekin batera hainbat berrikuntza ere badakartza. Besteak beste, NAIZ Irratiaren estudio bat ere hartuko du eta teknologian eta zerbitzuan aurrera urrats bat emateko bidea markatuko du.