Parte-hartzearen konplexutasuna eta beharrezkotasuna mintzagai Burujabetzak jardunaldietan
Boterea eta parte-hartze prozesuak izan dituzte mintzagai ostiral goiz honetan Oiartzunen, ‘Burujabetzak’ jardunaldietan antolaturiko hitzaldi batean Julen Mendozak eta Xabier Lertxundik. Larunbat honetan amaituko dira jardunaldiak, egun osoko egitarauarekin.
«Boterearen deszentralizazioa, rol aldaketak, parte-hartzearen konplexutasuna eta ikuspegi sistemikoa», horiek izan dituzte hizpide ostiral goiz honetan Julen Mendoza Errenteriako alkate ohi eta egun Kogarri gizarte berrikuntzarako aholkulariak eta Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak Oiartzunen, ‘Burujabetzak’ jardunaldietan antolatutako ‘Gobernu arkitektura berriak eta parte-hartzearen auzia’ hitzaldian.
Mendozak aitortu du gizarte eraldaketarako beharrezkoa dela «ikuspegi lineak batetik, ikuspegi sistemikora pasatzea», hau da, sistema batean dauden elementuak eta horien artean gertatzen diren harremanak kontuan hartzea. «Egungo demokrazia ez da gai konplexutasunari erantzuteko. Demokrazian sakondu behar dugu demokrazia salbatzeko. Konplexutasunean sakontzeak suposatzen du demokrazian sakontzea eta beste arkitektura batzuk sortzea eta boterearen deszentralizazioan eragitea».
Boterea deszentralizatzeak baina, rol aldaketak ematea eragiten du, eta Mendozak galdetu du ea gizartea prest dagoen aldaketa horretarako. Hernani Burujabe herri ariketa kolektiboaren bitartez, hori praktikara eramaten ahalegintzen ari direla azaldu du Lertxundik, eta bertatik ari direla ikasten, Udalak, herritarrek eta ehun ekonomikoak osatutako proiektuan.
Parte hartzearen garrantzia
«Ez da udal Gobernuaren plan bat, herri egitasmo bat da eta hori zaindu behar da fase guztietan», azaldu du Lertxundik. Eta zentzu horretan, nabarmendu du aldeko masa kritiko bat gorpuztea ezinbestekoa dela egitasmoak aurrera egiteko eta horretan asko lagundu duela praktikotasunak, sektore estrategikoetan gauzatzen ari ziren ekimenek: energia komunitatea, bertako moneta...
Egonkortze fase batean dago Hernani Burujabe proiektua bertako alkatearen esanetan, eta konplexutasunei aurre egiteko deia zabaldu du, betiere ariketa kolektiboa izaten jarraituz: «Prozesu konplexua da eta horretarako egitura konplexua diseinatu behar dugu. Beti ildo berdinari jarraituz: ariketa kolektiboa izan dadila. Momentuoro eztabaidatzen dugu erabakiak nork, non eta nola hartu behar dituen. Gobernu ekosistema bat diseinatuta daukagu gaur egun, behin betikoa ez dena, eraldatzen jarraituko duelako. Ulertzen dugu konplexutasun honetara jendea atxikitzea zaila dela, baina gure lana da hau azaltzea».