Athleticek ez du inongo oztoporik aurkitu gailurrerako bidean Espanyolen aurka (4-1)
Duela 44 urte Everesteko gailurrera ikurrina eraman zuten Martin Zabaleta eta Pasang Tembari omenaldia egin die klub bilbotarrak, eta ondoren, jokalariek, eta Berenguerrek bereziki, erakustaldia eskaini diete zelaian.
Egun berezia zen gaurkoa zenbait arrazoirengatik. Zaleek bazkalordua aurreratu behar izan badute ere, San Mamesek oso giro polita erakutsi du 46.713 ikuslerekin eguzkia lagun izan dutela. Nazioarteko partidek Liga geldiarazi dute azken hamar egun hauetan eta emaitza on bat ateratzea ezinbestekoa zitzaion Athletici datozen asteetan datorkionari aurre egiteko, are gehiago azken jardunaldian Gironan galdu ostean, eta baita Oscar de Marcosen 415. partida garaipen batekin ospatzeko. Guardiako hegalekoak Txetxu Rojo gainditu du (414) eta aurretik bakarrik ditu Jose Angel Iribar (466), Joseba Etxeberria (445) eta Iker Muniain (434).
Berezia kirol arlotik, baina baita emozio aldetik ere. Bularreko Minbiziaren aurkako Munduko Eguna ospatzen den egunean, duela 44 urte Everesteko gailurrera ikurrina eraman zuten Martin Zabaleta eta Pasang Tembari omenaldia egin die klub bilbotarrak, eta ondoren, jokalariek erakustaldia eskaini diete zelaian.
Izan ere, lehen zatia besterik ez dute behar izan bere talde ohiaren aurka aritu den Ernesto Valverderen jokalariek Espanyol nokeatzeko. Hiru gol sartu dituzte lehoiek lehen 45 minutuetan. Lehenengoa, oso goiz, seigarren minutuan. Dani Vivian atzelariak belaunarekin sartu du neurketako lehen gola korner batean.
Eta ordu erdira iritsi baino lehenago, minutu bateko diferentziarekin, Iñaki Williamsek beste bi gol egin ditu, biak Berenguerren paseaz eta eskuin zitalarekin area barruan. Lehengoan, gainera, kontrol bikaina egin du, bi atzelariren artean, Joan Garcia atezainaren ate barrura bidaltzeko baloia.
Lehen zati honek izan duen alderdi negatiboa Yuriren txartel horia izan da.
Berenguerren saria
Eta bigarren zatia hasi bezain laster, Unai Nuñezek ere ikusi du txartel horia. Eskerrak ordurako emaitza nahikoa izan zitekeen, baina bi atzelari ohartarazita egotea arriskua ekar zezakeen.
Normala denez kasu hauetan, Espanyolek aurrera eman du pausoa, baina ez zuen aukera garbirik lortzen. Beste aldean, bitartean, Iñaki Williamsek korrika egiten jarraitzeko gogotsu agertu da, baina bere pase-erdiraketa bat ez da zuri-gorrien hanketara iritsi.
Bai, ordea, 55. minutuan. Ordurako bi gol pase eman dituen Alex Berenguerrek bere sari pertsonala lortu du laugarrena eginda eta haurdun dagoen bikoteari eskainiz. Area barruan atzelari bati iskin egin eta, orain bai, partida erabakita utzi zuela esan zitekeen.
Osteguneko Europa Leagueko norgehiagokara begira, Ernesto Valverdek lehen aldaketak egiteko aprobetxatu du eta, hala, txartel horia zuen Yuri eta Galarreta kendu eta Boiro eta Prados zelairatu ditu aldi berean.
Nico Serranori –bere lehenengo minutuak aurtengo denboraldian– eta Djalori ere aukera eman die entrenatzaileak Williams anaiei atsedena emateko ostegunera begira, eta 78. minutuan partidako beste protagonista, Berenguer, zelaitik kendu du nekea eta hasiera batean garrantzia handirik ez duten gihar arazoengatik.
Espanyolek 4-1ekoa egitea lortu du 92. minutuan, Tejeroren falta batekin. Berdin zuen; gailurrerako bidea eginda zegoen jada. Azken unean ez da ezer gehiagorik gertatu eta bidean ez da oztoporik agertu. Ligak Europa Leagueri pauso emango dio orain.
PARTIDAKO FITXA:
4 - Athletic Club: Agirrezabala; De Marcos, Vivian, Nuñez, Yuri (Adama, 62'); Jauregizar, Galarreta (Prados, 62'); Iñaki Williams (Djalo, 73'), Berenguer (Unai Gomez, 78'), Nico Williams (Serrano, 73'; eta Guruzeta.
1 - RCD Espanyol: Joan Garcia; Omar El Hilali, Kumbulla (Tejero, 73'), Sergi Gomez, Brian Olivan; Gragera (Cabrera, 46'); Jofre Carreras (Cardona, 62'), Kral, Pol Lozano, Carlos Romero (Pere Milla, 46'); eta Veliz (Cheddira, 46').
Golak: 1-0, 6': Vivian. 2-0, 28': Iñaki Williams. 3-0, 30': Iñaki Williams. 4-0, 55': Berenguer. 4-1, 92': Tejero.
Epailea: Mateo Busquets Ferrer. Txartel horia atera die Athleticeko Yuri (45+3') eta Nuñezi (48'), eta Espanyoleko Pere Milla (51'), Cabrera (74') eta El Hilaliri.
Gertakariak: Lehen Mailako 10. jardunaldiko partida. San Mames, 46.713 ikuslerekin. Partidaren atarian omenaldia eskaini zieten dduela 44 urte Everesteko gailurrera ikurrina eraman zuten Martin Zabaleta eta Pasang Tembari.