INFO
Entrevista
Nagore Oria
Zangoza ikastolako zuzendari pedagogikoa

«Euskararen erabileran eragin beharra dago, aisialdi eskaintza sortuz»

Gaurko egunari azken ukituak ematen erantzun ditu GARAren galderak Nagore Oria (Altza, Gipuzkoa, 1982) Zangoza Ikastolako zuzendari pedagogikoak. Urte eta erdiko lanaren ondoren, heldu da Nafarroa Oinez ospatzeko ordua, eta jaiaren inguruko xehetasun eta berritasunak lehen eskutik kontatu dizkigu.

Argazkiak: IÑIGO URIZ FOKU

Nafarroa Oinez festak euskararen eta Nafarroako ikastolen aldeko bultzada eta sostengua izan nahi du, noski. Baina horiez gain, zein dira aurtengo aldarrikapen nagusiak?

Nafarroa Oinez antolatzen hasi ginenean gure ikastolako «ipuina» kontatzen hasi ginen, garrantzitsua baita nondik gatozen eta nora goazen jakitea. Orain dela 46 urte familia ausart eta zoragarri batzuek izan zuten helburu berarekin jarraitzen dugu, kalitatezko hezkuntza eta euskaldunaren alde ari gara lanean. Hasierako urte haietan auzolana izan zen oinarri, eta Nafarroa Oinez honetan auzolanaren balioa nabarmendu nahi izan dugu, gure identitatean daramagu eta. Auzolana aurrera eraman ahal izateko, baliabide ekonomikoek garrantzi handia dute, eta Zangozako Ikastolaren biziraupena bermatzeko finantzabide berriak bilatu beharrean gaude. Zangozaldean despopulazioaren gaiak kezkatzen gaitu, geroz eta haur gutxiago jaiotzen baitira eskualdean eta familia gutxiagorengan erortzen da zorraren pisua. Azkenik, 1991n inauguratutako eraikina egungo errealitatera egokitu nahi dugu. Eraikinak isolamendu eskasa du, eta hezetasunak kentzeko eta jasangarritasun energetikoa hobetzeko obrak behar ditu.

Oraingo ekitaldian zein alderdiri eman nahi izan diozue garrantzi berezia?

Egitarau anitza dugu, baina betiere iraunkortasunaren eta ingurumenaren zaintzaren esparrutik abiatuta. Berrikuntza gisa, aurten jendeak etxetik edalontziak ekar ditzala eskatzen ari gara, irteeretan saski batzuk izango ditugu eta saski horietara edalontziak jaurtitzea izango da erronka, eta hala saskia PIZTU! dezaten. Horrela, edalontziak modu dibertigarriago eta arduratsuagoan berrerabili eta edalontziari bigarren bizitza bat emateko.

Arrainak itsasoa behar duen gisara, Nafarroak euskara behar du. Zergatik da hain garrantzitsua Nafarroa Oinez festa Zangozan ospatzea?

Zangozako Ikastola Euskal Herriko mapan kokatu nahi dugu. Aniztasun handiko herrialdea gara, eta aniztasun horretan Nafarroako ekialdeko herri eta eskualde honek badu zer esana. Ikastolen sarearen parte gara, guztiok gehitzen dugu, eta guztion babesarekin biziraun. Aurten Beskoitzen ospatu genuen “Non eta Mugan” ekitaldian periferian gauden ikastolen lanaren aitortza balioan jarri zen eta garrantzitsua izan zen guretzat. Bestalde, Nafarroa Oinez ez da egun bateko jaia; urte osoan zehar euskarazko jarduera asko egin ditugu Zangozaldean, eta horrek zonari kultur eskaintza aberatsa eskaini dio.

Gizarteak, ohiturak eta festak antolatu eta bizitzeko moduak aldatu egiten dira denbora pasa ahala, eta ezinbestekoa da aldaketa horietara egokitzea. Lortu al du hori Nafarroa Oinezek?

Nafarroa Oinez festak urte asko daramatza, eta egoeretara egokitzen jakin duen festa dela uste dut. Gizartearen aisialdi ohiturak aldatzen ari direla argia da; aisialdi eskaintza handia dagoela ere nabari dugu. Baina Nafarroa Oinezek euskal jendartean bere lekua baduela uste dut, eta izaten jarraituko duela ere bai. Guk bederen, beso zabalik hartuko ditugu Zangozara gerturatzen direnak.

Erronka handiak dituzte bai euskarak, bai ikastolek etorkizunean. Zeintzuk dira Zangozako Ikastolaren helburu nagusiak?

Orain dela 46 urte Zangozako Ikastola sortu zenean euskara eta euskal kultura zonaldean zabaltzeko asmoa izan zuten, eta helburu honekin jarraitzen dugu. Gainera, gure ikasleen garapen integrala bermatu nahi dugu, eta konpetentzietan oinarritutako pedagogia aurrera eraman.

Despopulazioak laguntzen ez digun arren, erronka berezia dugu matrikulazioarekin, eta ikasle kopurua mantentzea eta matrikulazioa handitzea gustatuko litzaiguke. Pertsonak hezten ari garen heinean, garrantzi berezia ematen diogu irakasleen prestakuntza eta profesionaltasunari ere, eta etengabeko formazioan ibiltzen gara.

Azkenik, komunitatea osatzen dugun kideen satisfazioa neurtu ohi dugu, garrantzitsua baita guretzat pertsonak entzun eta nola dauden jakitea.

Eta hezkuntza proiektuaren ezaugarri nagusiak zeintzuk dira?

Zangozako ikastolak kalitatezko hezkuntza eskaini nahi du Zangozaldean. Horretarako, etengabe egiten du hobekuntzaren eta berrikuntzaren alde. Pertsonak erdigunean jartzen dituen antolamendu eredua da gurea, familien beharretara egokitzen saiatzen dena eta ikasleen zein langileen ongizatearen alde egiten duena.

Gainera, balioetan oinarritutako hezkuntza bultzatzen dugu. Aniztasuna errespetatuz eta hainbat balio piztuz, hala nola elkartasuna, besteekiko errespetua, elkarrizketarako jarrera… Hezkidetzan funtsatutako hezkuntza-sistema da.

Ez dugu ahaztu behar, ikastolaren ezaugarri nagusietakoa euskalduntasuna dela. Ikastolaren ardura handienetarikoa, heziketa integral baten barruan, ikasleen euskalduntasuna lantzea izanik, euskara eta euskal kulturaren transmisio, garapen eta sustapenaren alde aritzen garela. Eta euskaldun eleaniztunak ditugula helburu, munduari zabalik daudenak.

Jakina da euskararen egoera ez dela onena aspaldian Nafarroan, nahiz eta zenbait esparrutan hobekuntzak izan diren. Zuek nola ikusten duzue euskararen gaur egungo osasuna Zangozan eta Nafarroan?

Kezkatzen nauen gaia da. Urte asko daramatza ikastolak lanean, eta argi dago 46 urte hauetan egin den lanari esker Zangozaldean euskararen ezagutza zabaldu dela. AEK ere lan bikaina egiten ari da helduen euskalduntzean. Baina euskararen erabileran eragin beharra dago, aisialdi eskaintza sortuz eta eskainiz.

Zeintzuk dira, zuen ustez, euskarak Zangozan eta inguruetan etorkizunean izango dituen erronka nagusiak?

Euskararen ezagutzan lanean jarraitu behar dugu, baina hizkuntza-ohituretan eragiteko tresnak behar ditugu. Jendeak ohituraz hizkuntza bat erabiltzen du, eta hori aldatzea zaila egiten da. Argi dago hizkuntza-politiketan eta gizartearen kontzientziazioan eta aktibazioan jauzi bat eman behar dela, euskarak lehentasun izan behar duela erabaki politikoetan, eta hori une hauetan urrun ikusten dut.