INFO

Komikigile apartak direla erakutsi dute Zangozako Ikastolako ikasleek

Euskal Herriko Ikastolen Komiki Lehiaketaren laugarren edizioan hartu dute parte Zangozako Ikastolako hainbat ikaslek eta aurkeztutako lanek erakusten dute sormen handiko neska-mutikoak direla. Sari potoloa, ordea, Trapagarango Itxaropena Ikastolak eraman du. Orotara, 127 lan aurkeztu dituzte.

Joseba Larratxe eta Aritz Trueba ilustratzaile eta komikigile profesionalek osatu dute epaimahaia. (ZANGOZA IKASTOLA)

Euskaldunak eta Itsasoa izan da aurtengo edizioko gaia. Jakina da euskaldunok harreman estua izan dugula itsasoarekin mendeetan zehar eta herri arrantzalea izan garela; horixe bera ardatz gisa hartuta sortu behar izan dituzte komikiak parte hartzaileek. Lehiaketa 12 eta 16 urte bitarteko nerabe eta gazteei zuzenduta egon ohi da, eta oraingo honetan hilabete pasatxo izan dute sortzaileek euren lanak pentsatu eta binetetan islatzeko.

Lehiaketaren helburu nagusia da, batetik, Euskal Herriarekin eta euskal kulturarekin loturik dagoen gai bat lantzea eta horri buruzko istoriotxo bat kontatzea komiki formatuan. Eta bestetik, nola ez, gazte eta nerabeengan komikigintza, zehaki, eta sormena, oro har, sustatzea. Eta badirudi helburuak, hein handi batean, lortzen ari direla. Izan ere, antolatzaileen arabera gero eta gehiago dira urtetik urtera lehiaketara aurkezten diren hautagaiak.

Parte hartzaileek, gehien jota, lau orrialdeko lanak aurkeztu ahal izan dituzte, eta euren komiki guztiak ikusgai eta eskuragarri daude ikastolen jaien web orrialdeetan. Baina ez hori bakarrik, arestian aipaturiko komiki garailea Xabiroi aldizkarian argitaratu dute urriko alean. Bestalde, parte hartzaileen artean tablet bat eta hiru urteko bilduma zozkatu dituzte, besteak beste.

ADITU BATEN BISITA

Euskal Herriko Ikastolen Komiki Lehiaketaren laugarren edizio horretan aritu dira epaimahaikide gisa Aritz Trueba, eta Joseba Larratxe ilustratzaile eta komikigile profesionalak eta Ikastolen Elkarteko komunikazio taldeko kide Koldo Aldabe. Nabarmendu behar da, gainera, Joseba Larratxek Zangozako Ikastolara egin zituela pare bat bisita pasa den apirilean. Egonaldi horietan irakasle lanetan aritu zen, eta ikasleei komikigintzaren zenbait azalpen eta nondik norako aipatu zizkien.

Orotara, bi saio egin zituzten; lehena, apirilaren 8an egin zuten, eta ondoren ikasleek Zangozako Ikastolako irakasle batekin jarraitu zuten lana. Handik gutxira, apirilaren 29an Larratxerekin izan zuten bigarren hitzordu bat, eta hala, DBHko ikasleek komiki munduaren inguruan gauza asko ikasteko aukera izan zuten. Azkenik, ikasle horiek lehiaketan parte hartzera gonbidatu zituzten. Komikiak bakarka edo taldean egiteko aukera izan zuten ikasleek. Asko eta asko izan ziren parte hartzaileak, baina hamar lanek soilik pasa zuten azken galbahea. Aukeratutako hamar lan onenen artean Jone Andiarena ikaslearen lanak lortu zuen finalerako txartela.

Finalera heldu bai baina, arestian aipatu gisa, Trapagarango Itxaropena Ikastolako ikasleen komikia izan da ekitaldi honetako lehenengo saria irabazi duena Gaztelugatxeko itsaslamina izeneko lanari esker. Bertan egileek herri bateko neskato baten eta arrantzale gazte baten arteko maitasun istorioa kontatzen dute. Ekaitz batek arrantzale gaztea betirako itsaso hondora eramango du, eta neskatoa itsaslamina bihurtuko da haren bila joateko. Itxaropena ikastolako ikasleen komikiaren teknika landua, narrazioa, eta kalitatea azpimarratu ditu epaimahaiak.

LAN BIKAINA

Bigarren sailkatua, berriz, Bakearen harria izeneko komikia izan da. Leixa Urmeneta Madariaga, Larzabaleko Manex Erdozaintzi Ikastolako ikaslea izan da lan horren egilea. Aipatzekoa da komiki horrek epaimahaiaren aipamen berezia jaso duela, komikigintzaren baliabideak erabiltzeko moduagatik, alde batetik, eta erabilitako baliabide linguistikoengatik, bestetik; izan ere, egileak noka erregistroa erabili du komikian, eta ezaugarri hori lan gutxitan ikusi ohi omen da.

Azken fasera edo finalera iritsitako gainontzeko finalistak hauexek izan dira: Trapagarango Itxaropena ikastolako Daniela Muñoz eta Eneritz Lopez Balearen abentura lanagatik; Oiongo San Bizente Ikastolako Maitane Arpon, Julia Perez, Noa Berrio eta Daniel Baptista Bermeoko mamuak komikiagatik; eta, azkenik Algortako San Nikolas Ikastolako Saioa Larrea, Ainhize Azkune eta Oihane Aurrekoetxea Orioko azken gizakia istorioagatik.

Epaimahaikide eta antolatzaileen esanetan, aurtengo edizioa arrakastatsua izan da inoiz baino lan gehiago aurkeztu direlako eta hori pozgarria omen da eurentzat. Lan horietako asko talde lanean sortuak izatea ere berri ona omen da, komikigintza, azken batean, talde lanean oinarritua dagoelako.

Liburu ibiltariak laugarren edizioa aurten

”Liburu Ibiltaria” izeneko egitasmoaren bidez Euskal Herriko ikastoletako DBH3ko ikasleei aukera eman nahi zaie euskaraz ongi pasatzeko eta euskal hizkuntzaren bidez sormenerako esperientzia berriak izateko, aisialdi modu berriak eraikiz.

Ekimena “Ikastolak Herriari” proiektuaren barnean kokatzen da. Laugarren edizio hau Ziburuko Pierres Larzabal Kolegioan abiatu zen 2023ko urrian, eta oraingoan ere ikastolen jaien antolatzaile izan diren ikastolez gain, beste hainbat ikastolak ere hartu dute parte.

Ikasleen arteko elkarlana da egitasmoaren helburu nagusietako bat, eta hala, liburu ibiltariak ehundaka egile izan ditu aurten ere. Komiki lehiaketan bezalaxe, oraingo honetako gaia Euskaldunak eta Itsasoa izan da, eta ikasleek gai horren inguruko kontakizuna sortu dute liburu ibiltarian txertatzeko.

Esan bezala, Ziburuko Piarres Larzabal Kolegioan hasi zen ibilbidea kontakizunak eta liburu hori bera euskal geografiako ikastoletatik pasa da azken hilabeteetan zehar; modu horretan ikastola ezberdinetako ikasleek euren ekarpena egin dute. Horrela, ikastolaz ikastola bidaia eginez, liburuak istorioa osatu du urratsez urrats.

Liburuari amaiera Bizkaian eman zitzaion, 2024ko Ibilaldia jaiaren antolatzaile den Getxoko San Nikolas Ikastolan, hain justu ere. Orduantxe argitaratu eta eman zuten ezagutzera elkarlanean sortutako liburua. M.A.