INFO

Euskaltel-Euskadik Paul Hennequin gazte dohaintsua fitxatu du eta Movistarrek Jefferson Cepeda

Frantsesak hainbat top10 pilatu ditu aurten eta «azkarra, batez ere klasikoentzat» dela definitu du Jorge Azanza taldeko zuzendariak. Cepedak, aldiz, Caja Ruraletik egingo du saltoa bere urterik onena sinatu ostean, eta Debora Silvestrik beste bi urtetarako luzatu du kontratua Laboral Kutxarekin.

Paul Hennequinek Euskaltel-Euskadin korrituko du. (SPRINT CYCLING)

Paul Hennequinek (2002, Bordele) Euskaltel-Euskadi taldearekin fitxatu du hurrengo bi denboraldietarako, 2025 eta 2026rako alegia. Gazte frantsesak maila eta garapena azaldu ditu bere herrialdeko egutegian.

Hennequin Nice Métropole Côte d'Azur taldean lehiatu da azken hiru urteetan, Estatu frantseseko egutegian lehiatzen. Aurten, hainbat top10 pilatu ditu, hala nola, Tour de la Provence, Región Pays de la Loire Tour, 4 Jours de Dunkerque, bigarren postuarekin bertan, Boucles de la Mayenne eta Tour de l'Ain itzulietan baita La Roue Tourangelle klasikoan ere, eta bi etapa garaipen erdietsi zituen Marokoko Tourrean. Iaz, berriz, Aljeriako Tourra irabazi zuen.

«Asko esan nahi du niretzat Euskaltel Euskadi taldearekin bat egiteak, hain irudi eta historia zoragarria baitu. Taldeak aukera ematen dit amets bat egia bihurtzeko, eta sekulako aurrerapausoa da nire ibilbidean. Aurrera egiten jarraitzea espero dut, taldeari laguntzea eta emaitza hobeak lortzea. Zentzu horretan nire lehen lasterketa 1.1 irabazi nahi dut laranjaz jantzita eta beste asko. Azkarra eta txirrindulari erasokorra naiz. Nahiago dut saiatu eta porrot egin, damutu baino», adierazi du Hennequinek.

Jorge Azanza Euskaltel-Euskadiko kirol arduradunaren hitzetan, «Hennequin Frantziako talentu gaztea da, eta oso ondo molda daiteke bere herrialdeko lasterketetan, guretzat garrantzitsua den egutegian. Izan ere, hainbat postu ditu lehen hamarren artean. Oso txirrindulari gaztea da, azkarra, batez ere klasikoentzat, eta taldearen Frantziako partaidetzetan bertan ikusi ditugun saio politak izan ditu. Aurrerapena izan dezakeela eta aurrerapausoak eman ditzakeela gurekin pentsatzen dugu».

Cepeda, Caja Ruraletik Movistarrera

Bestalde, Jefferson Alveiro Cepedak (Quito,Ekuador, 1996) saltoa emango du Caja Ruraletik World Tourreko Movistar taldera 2024an bere ibilbideko urterik onena sinatu ostean. Bi urtetarako sinatu du talde nafarrarekin, 2026ko urte amaiera arte.

Aurten oso emaitz ainak lortu ditu: laugarren amaitu zuen O Gran Camiñoko sailkapen nagusian, bosgarren amaitu zuen Flecha Brabanten eta zilarra lortu zuen bere herrialdeko txapelketako erlojupekoan eta brontzea linean. Gainera, Txinako Qinghai Lakeko Tourrean garaile izan zen, Limousineko Tourrean etapa bat irabazi zuen, borroka eman zion Kussi Neilako Lagunetan Burgosko Itzulian eta Christensenekin lehia polita mantendu zuen Ordiziako Klasikoan, nahiz eta ez irabazi.

Jefferson Alveiro Cepeda. (CAJA RURAL)

«Movistar beti gustatu izan zaidan talde bat da eta pozik nago taldekide izango naizelako. Taldean dauden pertsona batzuk ezagutzen ditut eta uste dut hori ona izango dela ahalik eta azkarren adaptatzeko eta nire ezaugarriekin elkarrekin helburuak betetzeko», adierazi du Jefferson Cepedak.

Caja Rurali eskerrak eman eta honakoa gehitu du: «Oso gogor lan egin dut, urtez urte. Denboraldi honetan oso erregularra izan naiz eta maila ona izatea lortu dut. Hala, aukera hau sortu zait, nire ibilbidean aurrerapauso bat da eta ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatuko naiz».

Debora Silvestri, beste bi urtez Laboral Kutxan

Debora Silvestrik (1998, Isola della Scala, Italia) taldearekin berritu du eta hurrengo bi denboraldietan, 2025ean eta 2026an, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa taldean jarraituko du.

26 urteko txirrindulari italiarrak bere aurrerapena erakutsi du, eta taldeko txirrindulari nabarmenetako bat izan da, bai itzulietan, bai klasikoetan. Izan ere, 2024an Vuelta, Giroa eta Tourra lehiatu ditu, baina erorikoek eta osasun arazoek bere aurpegirik onena eskaintzea eragotzi diote. Aurten, Pionera Race (1.2) irabazi zuen eta laugarren sailkatu zen Ardècheko Tourrean.

Debora Silvestri, lasterketa batean. (SPRINT CYCLING)

Silvestri iazko maiatzean iritsi zen euskal multzora, talderik gabe geratu ondoren, eta epe horretan bere balio-aniztasuna ziurtatu du. Txirrindulari osoa eta profesionala 2018tik, hazi egin da eta erreferente izan da euskal taldearentzat errepidean nazioartean duen esperientziari eta mailari esker.

«Oso pozik nago aukera berri honengatik. Taldea asko hazi da bi urte hauetan, eta harro nago harekin batera hazten jarraitu ahal izango dudalako. Nire maila igotzea eta datozen bi urteetan Laboral Kutxa taldearentzat emaitza onak lortzea espero dut», azpimarratu du Silvestrik.