Zaintzako langileak eta mugimendu feminista, elkarrekin Gasteizen, aliantzetan sakontzen
Aliantzak garrantzitsuak dira feminismo inklusiboago bat izateko eta helburuak lortzeko. Baina aliantzak egitea ez da homogenizatzea, eta Euskal Herriko Mugimendu Feministan subjektua ezin da homogeneoa izan. Halako ideiak plazaratu zituzten igandean Gasteizko Emakumeen Etxean egindako topaketan.
Joan den igandean 80 emakume* bildu ziren Gasteizko Emakumeen Etxean, aliantzen inguruan hausnartzeko. Mahai-inguru nagusian, ‘Aliantza feministak zaintza sistema bat aldarrikatzeko’ izenekoan, hizlari ugarik parte hartu zuten: Txefi (Trabajadoras No Domesticadas Bizkaia), Dora (Munduko Emakumeak Bizkaia), Katia (Bidez bide Donosti), Miriam (Nafarroako Etxeko eta Zaintzako langileak), Karina eta Ana (Arabako Etxeko eta Zainketako Langileen Elkartea), Mariana (LAB eta TND Bizkaia), Marina (Denon Bizitzak Erdigunean) eta Maite (Gasteizko Mugimendu Feminista).
Galderak ere hamaika pausatu zituzten: «Zer dira aliantzak guretzat? Erabilgarriak zaizkigu? Nola eraikitzen ditugu aliantza hauek pribilegio eta ezberdintasunetatik? Migratuek aliantzak izan nahi ditugu Euskal Herriko Mugimendu Feministarekin? Eta euskaldunontzat zergatik dira garrantzitsuak emakume* migratuak gure borroketan? Zein beste kolektiborekin eraiki nahi ditugu aliantzak?».
Ondorioztatu zutenez, aliantzak garrantzitsuak dira feminismo inklusiboago bat izateko eta helburuak lortzeko. Baina aliantzak egitea ez da homogenizatzea, eta Euskal Herriko Mugimendu Feministan subjektua ezin da homogeneoa izan.
Elkarrizketarako espazio seguruak
Elkarrizketarako espazioak sortu behar direla uste dute. «Kontziente izan behar dugu aliantzak desberdintasunetatik sortzen direla, baina desberdintasun hauek baliatu behar ditugu. Espazio seguruak sortu behar dira, epairik gabekoak eta pribilegioek ezin gaituzte nagusitasunera eraman eta migratuek ezin dute gutxiagotasun sentsaziorik izan».
Aditu bezala aurkeztu zituen hizlariak dinamizatzaileak. Izan ere, sarri akademiarekin lotzen da aditu izatea, eta ez esperientziarekin, jaurdunaldi hauek, ordea, modu horizontalean antolatu zituzten.
Hizkuntzarekin inguruan hitz egin zuten eta behin baino gehiagotan adierazi zuten euskara ikasteko nahia, baina denbora eta baliabideak falta dituzte. Era berean, honen inguruan politikak aurrera eramatea aldarrikatu zuten.
Nondik mintzatzen den, hor dago koska
Gizonak interpelatu zituzten: «Emakumeak ari gara honetan hausnartzen, baina non daude gizonak?». Eta zurien papera ere zalantzan jarri zuten. Baieztatu zutenez, nondik hitz egiten dugun, hor dago gakoa: «Zuriek ez dute besteen izenean hitz egin behar baizik eta bestearekin, pribilegioak borrokaren zerbitzura jarriz. Kapitalismoari aurre egin nahi diote denek eta horrek batzen ditu. Helburu bera lortzeko bakoitzak beretik eragin dezake».
Mugimendu feminista askorentzat arrotza da; beste batzuek, aldiz, sentitzen dute bertan gonbidatu bezala daudela. Horri aurre egiteko harrera-protokolo bat lantzen hasi direla iragarri zuten.
Orain arteko militantzia eredua oso produktibitateari begirakoa izan dela ere gogoetatu zuten: Gauzak aurrera atera, denborarik ez ‘galdu’…, horregatik, ikuspuntua aldatzeko beharra azpimarratu zuten: harremanei garrantzia eman, espazio informalak erdigunean jarri… Greba prozesua honen eredu izateko saiakera izan zela oroitu zuten.
Kolektiboa garrantzitsu ikusten dute norbanakoaren ahalduntzerako. Eta espazio mistoak eta ez-mistoak beharrezkotzat jotzen dituzte.
Eztabaida zabaldu eta entzuleek ikuspuntu berriak gehitu zituzten. Aurrera begirako beharrak identifikatzen ahalegindu ziren. Eta gero, espazio informalei egin zieten tokia: bazkaria, tailerrak, dantzaldiak…
Pozik geratu ziren antolatzaileak zein bertaratutakoak. Eta horrelako espazioen garrantzia azpimarratu zuten aliantzetan sakontzen jarraitzeko.