Ekimenarekin jarraitu ahal izateko leku berri bat bilatuko du Donostian KASek
Egiako afarien debekuaren ondoren, elkartasun ekimenarekin jarraitu nahi du. Horretarako, «elkartasunez gain laguntza» eskatu du gaur egin duten agerraldian eta «beste toki bat» bilatuko dutela aurreratu. Telegram kanal batetik pairatu dituzten erasoak salatu dituzte ere.
KASek (Kaleko Afari Solidarioak) agerraldia egin du gaur arratsaldean Kalkutako Teresa plazan, debekua jaso arte Egiako afariak banatzen zituen tokian. Bertan, jaso duten elkartasuna eskertu dute, baina ekimenarekin jarraitu ahal izateko «elkartasunez gain laguntza» beharko dutela nabarmendu.
«Kaleko afari solidarioekin jarraituko dugu, ez baita segurtasuna ezbaian jartzen duen ekintza, baizik eta pertsonen elikadura-segurtasuna elkartasunaren bidetik bermatzen duena», aldarrikatu dute jendetza batek babestutako agerraldian.
Elkarteak ostegun honetan iragarri duenez, Udalak agindutakoa betez, Egia auzoan afariak banatzeari utziko dio. Hala ere, kolektibo horretako bozeramaileek aurreratu dute hiriko beste puntu bat bilatuko dutela, egoera ahulean dauden kolektiboei elikadura errazteko.
Amarako plazan eta Alde Zaharreko Konstituzio plazan ere egiten dire, eta hauekin bat egingo duen espazio berri bat nahi dute, baina beldur dira Udalak ez ote dituen banaketa horiek guztiak debekatuko.
Kriminalizazioaren salaketa
Azkenaldian Lo Que No Te Cuentan de Donosti Telegram kanaletik erasoak pairatu izan dituztela salatu dute. «KASeko kideak seinalatu, KASeko kideak iraindu, KAS kriminalizatu, KASeko kideak mehatxatu, KASeko jasotzaileak jipoitu eta pareko ekintza-mezuak sustatu eta egikaritzen ditu», azaldu dute, jarrera horiek «gizatasunaren aurkako gorroto eta delitu ekintzak direla eta auzibide penala exigitzen dutela» gaineratuz.
Kanal honetatik egin zuten legearekin bat ez zetorren astelehenean egin zuten afarien kontrako elkarretaratzea. Mobilizazio horretan PPk Donostian dituen hiru zinegotziak (Borja Corominas, Jorge Mota eta Vanesa Velez) izan ziren.
Telegram kanal horrek «KAS jomugan du, suntsitu nahi du, desagerrarazi. KAS omen da, bere diskurtsoaren arabera, segurtasun ezaren sorburua», azpimarratu dute.
«Gaur Martin Ibabek Hiri Segurtasuneko Zinegotziaren hitzak ez direla egia salatu nahi dugu. Honakoa da goizean esan duena: aurreko astean afarietan laban, matxete, pastilla, droga konfiskazioa egin zutela eta horrek ez duela inongo zerikusirik jateko beharrarekin, baizik eta delitu-ekintzarekin lotura zuzena duela. Guk hitz horiek guztiz gezurtatu nahi ditugu; ez da egia horrelakorik gertatu zenik aurreko asteko afarietan, inondik inora ere», gaineratu dute.