Pilota goxoaren aroa bukatu da Emakume Master Cup Zirkuitoan
Igandean Hondarribian hasiko den Lau eta Erdikoan 70 emakumek hartuko dute parte, lau mailatan banatuta, baina denak pilota mistoarekin.
Emakumeen esku pilota azken urteetan izaten ari den garapen izugarriaren baitan, aurrera pausu berri bat emango du urriaren 27an Hondarribian hasiko den Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxa txapelketan. Izan ere, azken urteetan emakume pilotariek izandako jarraikortasunari eta hobekuntzaren eraginez, kirol honen hastapenetan horren garrantzitsua izan den pilota goxoa motz geratu zaie egungo pilotariei eta urteko txapelik preziatuena pilota mistoarekin bakarrik jokatuko da. Hori bai, ohi bezala, pilotari bakoitzak bere behar eta dohainei egokitutako txapelketa bat izango du, kaiolako lehia lau maila desberdinetan banatuko da: gazteen A eta B mailak, promesak eta eliteak, emakume bakoitza eroso sentitu dadin.
Pilotariek jauzi hau gogo onez hartu dutela esan genezake, gainera, aurtengo edizioan 12 pilotari berrik eman baitute izena Lau eta Erdiko txapelketa honetan.
Aldai, laugarrenaren bila
Elite mailari dagokionez, zirkuituko azken torneotako final handienetatik at, Amaia Aldaik, egungo txapeldunak, gogoz prestatu du aurtengo kaiolakoa eta bere laugarren txapelaren bila abiatuko da. Baina emakumeen esku pilota kualitatiboki bezainbat hazi da kuantitatiboki eta garaipen hori kolokan jar dezaketen pilotarien izenak ere izugarri ugaritu dira eta Gaminde, Zabaleta, Arrizabalaga, Etxegarai, Garai, Ibarrola eta enparauek gauzak oso zail jarriko dizkiote dimoztarrari. «Parte hartzaileen kalitatea eta kopurua ikusita, inoizko Lau eta Erdikorik onenaren aurrean gaudela esan genezake beldur handirik gabe eta piztutako ikusminak ere hala berresten du», azaldu dute antolakuntzatik.
Igande honetan Hondarribian hasiko den txapelketa honek dagoeneko finkatua dauka bere ibilbide orria eta finalerdiak abenduaren 1ean jokatuko dira, Basaurin, ETB-1 eta www.eitb.eus-ek zuzenean emango duten jaialdian. Finalak aldiz, abenduaren 15ean jokatuko dira, Sestaon, kate autonomikoaren kamerak bertan direla.