‘El arte en el croquis de escalada/Art in climbing topos’ liburuak aitortza jaso du Banff-en
Juancar Sanz, Eli Azurmendi eta Rafa Elorzaren obra finalista izan da ‘Mountain Image’ sailean. Egileok oso harro daude nazioartean sona handia duen mendiko kultur ekimen horretan jasotako aitortzarengatik.
Datozen egunotan, Banff-eko Mendi eta Liburu Jaialdiak makina bat begirada jasoko ditu; izan ere, larunbatean hasi eta azaroaren 3 arte edizio berri bat izango du. Nazioartean ospe handia duen mendiko kultur ekimen horrek bi atal jorratzen ditu: zinea eta liburua.
Bada, azken atal horretan euskal ekoizpen batek aitortza jaso berri du. Juancar Sanz, Eli Azurmendi eta Rafa Elorzaren ‘El arte en el croquis de escalada/Art in climbing topos’ liburua finalista izan da ‘Mountain Image’ sailean. Makina bat libururen artean, lau izan dira azken fase horretara igaro direnak: Simon Carterren (AEB), ‘The art of Climbing’, Monica Dalmassoren (Frantzia) ‘Sauvage’, Ahtushi Deshpanderen (India) ‘Speacking Stones: Rock Art of Ladakh’ eta Euskal Herrian bertan ekoitzi den ‘El arte en el croquis de escalada/Art in climbing topos’.
Lau finalista horietatik, epaimahaiarentzat liburu onena ‘Sauvage’ izan da. Chamonixen bizi den mendi gidaria eta argazkilaria da Dalmasso. Goi mendian girotua dagoen argazki liburu bat da. Bazter ezberdinetan esanahi sakona bilatzen diren argazkiak biltzen ditu, eta testu poetikoekin lagunduta ere. Hain zuzen ere, Cedric-Sapin-Defour idazlearenak.
Zalantzarik gabe, Sanz, Azurmendi eta Elorzaren obrak lortutako aitortza azpimarratzekoa da, besteak beste, liburu bikaina izateaz gain, izen handiko jaialdi batean jaso duelako. Sari honen inguruan hitz egiteko Elorza bera NAIZera hurbildu dugu.
Lehenik eta behin, zorionak.
Bai, milesker
Liburua argitaratu zenutenetik, ibilbide oparoa izaten ari da. Ale ia gehienak salduta, hemen zein nazioartean harrera beroa… Eta orain mundu zabalean oso famatua den Banff-eko Mendi eta Liburu Jaialdian finalistak izan zarete ‘Mountain image’ atalean. Nola sortu zen lehiaketa horretara liburua aurkezteko asmoa?
Guk hasieratik eman nahi izan diogu liburuari nazioarteko proiekzioa. Horregatik dago gazteleraz eta ingelesez idatzia. Garbi geneukan errentagarria izateko, liburua mundu osoan saldu behar zela. Arrazoi horregatik, liburua Trentoko (Italia) eta Banff-eko (Kanada) mendi zinemaldietan egon da. Baina gauza bat da jaialdi horietan aurkeztea, eta bestea saritua izatea. Halere, oso harro gaude lortutakoarekin.
Aipatu dugu hemen zein nazioartean liburuak harrera bikaina izan duela. Haatik, beldur eszenikoa eman al zizuen Banff bezalako jaialdi batean aurkeztea?
Ezta gutxiagorik ere! Irabaziz gero, Kanadan izango ginen inolako beldurrik gabe. Guk produktuan konfiantza osoa daukagu. Ziur gaude hobetzerik badaukala, baina liburu hori erabat originala da eta txukun egina dago. Hau guztia apaltasun osoz esaten dugu, baina urteetan egindako lanak eta ikerketak hori erakusten digute.
Denera, lau finalista zeundeten; den-denak izen handiko egileak. Besteak beste, Simon Carter ospetsua. Soilik finalista izatea zuentzat sari edo aitortza handia da, ezta?
Bai, jakina. Aurkeztutako liburuetatik lau aukeratzen dituzte finalerako. Hor egotea arrakasta handia da, benetan. Denak punta-puntako lanak, mimo handiarekin eginak eta oso desberdinak. Simon Carter ezagutzen dugu aspalditik; bai, gure CVCEPHOTO lehiaketan parte-hartzailea eta saritua. Liburu horretan, gainera, munduko eskalatzaile onenen laguntza izan du argazkietan eta testuetan.
Dakidanez, oso gutxigatik ez duzue irabazi. Arantzaren bat geratu zaizue?
Behin finalera iritsita, gezurretan arituko ginateke ezezko erantzun batekin. Baina aldi berean kontziente gara, duela hiru urte Eliren tailerrean biltzen hasi ginenean hirurok, lortutakoa amestea erokeria hutsa zela. Hortaz, pozarren gaude!
Arestian aipatu dudan bezala, ‘El arte en el croquis de escalada/Art in climbing topos’ liburuak aitortza jaso du, ez solik Banff-en, baizik eta makina bat lekutan eta erosleen artean ere. Liburuak langa guztiak gainditu ditu?
Ez dugu uste hala denik. Hain zuzen ere, bigarren edizioa prestatzen gabiltza. Gainera, Jon Herranz zinemagile bilbotarra honen inguruan film labur bat prestatzen ari da, 2025eko Mendi Film Jaialdian estreinatuko dena eta hainbat lekutan erakusteko asmoa duguna.
Hortaz, modu batera edo bestera esateko, liburuaren ibilbideak ez du etenik. Eta gogoratu behar dugu eduki horren inguruko erakusketa bat duzuela.
Hala da. Aurreneko ekimena da bigarren edizioaren edukiak prestatzen hasi eta finantziazioa bilatzea. Eta filmak edo erakusketak lortzen duten arrakastari jarraituz, horiek bultzatu eta zaindu. Adibidez, oraintxe bertan erakusketa Potesen (Kantabria) dago eta urtarriletik martxora arte Donostian ikusgai izango da. Badaude beste leku batzuk ere martxan!