Emakumeen sufrimenduak elkarlotuta
EL LLANTO
Estatu espainairra, 2024. 107’. Zuzend.: Pedro Martín-Calero. Gidoia: Isabel Peña, Pedro Martín-Calero. Akt.: Ester Expósito, Mathilde Ollivier, Malena Villa, Àlex Monner. Musika: Olivier Arson. Argaz.: Constanza Sandoval.
Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean oso zaila izaten da generoko filmak aurkitzea, baina Pedro Martín-Caleroren beldurrezko proposamena –Isabel Peña gidoilariarekin batera idatzi duena–, ‘El llanto’, bertan estreinatu zen. Ez hori bakarrik, izan ere, zuzendaritza onenaren saria jaso zuen.
Andrea, Marie eta Camilaren istorioa azalduko du; hauen kontakizunak solte aurkeztuko dira, baina argumentuek loturak dituzte. Gizon misteriotsu bat segika dutelakoan, beldurtuta, eromenak hartuko ditu; inork ez die sinetsiko. Atalka, presentzia beldurgarri berak zelatatzen dituen garai desberdinetako hiru emakumeen istorioa erretratatzen du. Fenomeno horrek, beren beldurrak, traumak eta eguneroko bizitzan jasaten duten zapalkuntza agerian uzten dituen hari gisa jokatuko du.
Filmak bi denbora-lerro nagusi ditu: Andrearen oraina eta Marieren iragana, eta horrek aukera ematen du pertsonaia bakoitzaren esperientzien azterketa sakona egiteko. Narratiba dual honen bidez, indarkeriaren eta sufrimenduaren jarraitutasuna denboran zehar nabarmentzen dira.
Egitura horrek emakumeen sufrimenduak elkarlotuta daudenaren ideia azpimarratzen du, eta nola izuak errealitate sakon eta mingarriak komunikatzeko bide gisa balio dezakeen.
Filmak harrera ona izan du, eta zuzendaritza lana eta aktoreak nabarmentzen dira bereziki.