Bizkaiko Arte Grafikoetako langile bat atxilotu dute bigarren greba egunean
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, urriaren 29an greba ziklo berri bat hasi zuten Bizkaiko Arte Grafikoen Hitzarmen duin bat adosteko helburuarekin. Asteazken honetan berriro ere grebaren jarraipena zabala izan dela baieztatu dute sindikatuek, eta atxilotu bat izan dela salatu.
ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk beste 5 greba egun deitu dituzte Bizkaiko Arte Grafikoen sektorean; urriaren 29an, 30ean, 31n eta azaroaren 4an eta 5ean. Greba eta mobilizazio txanda berri honen arrazoia «patronalak negoziazioak blokeatzen jarraitzea» da. Sindikatuen arabera, urriaren 24an egindako azken bileran, Cebek patronalak «ez zuen ezer jakin nahi izan sindikatuen plataformaren azken mugimenduaz».
Asteazken honetan, mobilizazio ziklo berri honen bigarren greba egunari ekin diote. Sindikatuek azaldu dutenez, mobilizazioak pikete informatibo batekin hasi dira gaur Basaurin, patronalari lotutako Biolid SL enpresaren aurrean. Ertzaintzaren Brigada Mugikorrak ez dio utzi enpresa batzordeari piketeak egiten, informazioa emateko eskubidea urratuz eta langile bat atxilotu du.
Sindikatuen iritziz, neurriz kanpoko jarduna da eta atxilotutako langilea kargurik gabe berehala aske uzteko eskatu dute.
Gaurkoan ere grebaren jarraipena zabala izan dela eta sektoreko hainbat enpresaren ekoizpena geldiarazi dela baieztatu dute.
ELA, LAB, CCOO eta UGTk negoziazioa blokeatzeko jarrera bertan behera uzteko exijitu diote Cebek patronalari. «Sektoreko langileek merezi dute baldintza onak dituen hitzarmen bat berreskuratzea, erosteko ahalmena bermatuko duena eta alderdi atzerakorrik ez duena», adierazi dute. Azken hitzarmena 2009-11 izan zen.