INFO

Korrikak ingurugiroan duen inpaktua neurtu du lehendabiziko aldiz

Ingurumenean duen inpaktuaren berri izateko eta datozen edizioetan isuriak murrizteko aukerak aztertzeko helburuarekin neurtu dute Korrikaren 23. edizioak utzitako karbono-aztarna. Datuen arabera, amaierako ekitaldirako joan-etorrien garraioak sortu zuen isuri gehien.

Lander Crespo aditua eta Ane Elordi Korrikako arduraduna, aurkezpenean. (Monika del Valle | Foku)

Aurten Korrikaren 23. edizioa egin da eta, horrekin, lehen aldiz kalkulatu dute nolako karbono-aztarna sortzen duen ekintzak. Besteak beste, ingurumen-inpaktuaren berri izateko eta, hurrengo edizioei begira, isuriak murrizteko aukerak aztertzeko egin dute.

Lander Crespo kliman adituak egin du ikerlana eta, datuen arabera, amaiera-ekitaldiak sortu zuen isurketa gehien eta inpaktu negatiboena parte-hartzaileen garraioak eragin zuen. Gainera, emisioen %69 inguru erregai fosilen bidezko ibilgailuek eragin zuten eta, horietatik, amaierako ekitaldia ikustera joan ziren partaideen garraioak bota zuela isurien %74.

Beraz, amaierako ekitaldiak isuri guztien %55 ekarri zuen, garraioak sortu zuelarik kopuru horren %92a. Korrikaren gainontzeko ekitaldiek baino askoz nabarmenagoa izan da aurtengo ekitaldiaren eragina.

Bestalde, salmentarako produktuek ere -arropa, esate baterako- isurien %19 sortu zuten. Aipatu beharra dago beste faktore batzuk ikerketatik kanpo geratu direla, hala nola, elektrizitatea, azpiegituren muntaketa, ur-kontsumoa, Korrika Kulturalen barruko ekitaldiak, web-orriaren zein mugikorrerako aplikazioaren kudeaketa eta publizitatearen, bideoen eta abestien prestaketa.

Hemendik aurrera, garraioaren erabilera optimizatzen eta salmenta-produktuen ingurumen-inpaktua txikitzen saiatuko dira. Halaber, etorkizuneko kalkuluetarako datu-bilketa hobetzeko asmoa dute.

Alderaketa batzuk

Antolatzaileek ondorioztatu dutenez, «Korrikak eta antzeko ekitaldi handiek ingurumen-inpaktu nabaria izaten dute, ezin ukatu; hortaz, kalkulu berri horiek, bistan da, lagungarriak izango dira ekintza jasangarriak identifikatzeko eta emisioak gutxitzeko. Izan ere, Korrika hainbat balioren inguruan sortu eta garatu da; horien artean daude, nola ez, ingurugiroaren babesa defendatzea eta haren kontrako jarduerak gutxitzen saiatzea».

Asteazken honetan egindako aurkezpenean Crespok, bide batez, antzeko ekitaldien arrastoak alderatu ditu. Haren hitzetan, Korrikak besteek baino askoz ere partaide gehiago izanik ere, New Yorkeko, Madrilgo eta Sevillako maratoiekin konparatuta beheko postuetak agertzen da kutsatze mailan.