INFO

Nafarroa eta EAE lotzeko AHTaren zundaketak hasi direla salatu dute

Iza, Sakana, Goierri eta Lautadari eragiten dien eremuan zundaketak hasi dituztela salatu du ‘Stop AHT zundaketak’ plataformak. Lursailen jabe partikularrek eta zenbait udalek ez zuten baimenik eman, baina espainiar Gobernuak zundaketa batzuk egiteko bidea aurkitu duela iragarri zuen.

‘Stop AHT zundaketak’ plataformaren prentsaurrekoa. (NAIZ)

Urriaren 9an, espainiar garraio azpiegitura agintariek esan zuten, AHTaren Nafarroako korridorearen eta ‘euskal Y’-aren arteko tartean, AHTaren proiektu informatiboa egiteko zein aukera hartuko zuten erabakitzeko omen diren zundaketak egiten hasiko zirela. Bailara horietan aurkitu duten aurkakotasunak eragin dizkien zailtasunengatik, behin-behineko okupazioen bidez eta urgentziaz egingo zituztela zehaztu zuten.

Bi aste geroago lan horiek hasiak direla baieztatu du ‘Stop AHT zundaketak’ plataformak. Ohar baten bitartez azaldu duenez, aurreko asteko ostegun goizean Otxobiko herritar batek, zundaketak egiteko baimenik eman ez duen eta egingo zirelako jakinarazpenik jaso ez zuen bere udalera jo zuen, trenbide ondoan zundaketa egiteko makina bat zegoela eta ur eske ari zirela esanez.

«Udaleko ordezkariak bertaratu zirenean ADIFeko lurretan ari zirelako aitzakian hala-moduzko baimena erakutsi eta ur eskaera berretsi zuten. Bertako ura erabiltzeko udalaren ezetzaren aurrean, eta makina eta ura haraino eramateko herriko bideak erabiltzeko baimenik ez badute ere, ura kanpotik ekarri eta zundaketarekin aurrera jarraitu dute», azaldu du.

Oraingoan Otxobin izan bada ere, balizko baimenaren arabera, hurrengoa Uharte Arakil eta Etxarri Aranatz artean izanen litzateke.

Hori dela eta, ‘Stop AHT zundaketak’ plataformak protokolo bat aktibatu du. Zundaketa saiakeraren baten berri edo lekuko izatekotan, zundaketen aurkako ekimenaren telefonora (656 711 130) eta bertako udalera deitzeko deia egin du herri ekimenak.

«Orain arte bezala, oso garrantzitsua da, gu guztion, herritar eta talde guztien ekimena. Egiteko bide legala aurkitu dutela diote eta legala den, ikusteko dagoen arren, horrek ez du zilegi bihurtzen. Etsita eta kikilduta nahi gaituzte, baina elkarrekin asko egin dezakegu, haien asmoak gelditzeraino», adierazi dute.

Bestalde, datorren larunbatean, azaroak 2, Iturmendi eta Bakaiku arteko zundaketa puntuetarainoko mendi martxa batean elkartuko dira eta zundaketen aurkako erantzuna «pizten» jarraituko dutela nabarmendu dute.