Irungo Harrera Sarea, sei urte begiak irekita eta itxitura fisiko nahiz sinbolikoak zartatzen
Sei urte dira Irungo Harrera Sareak begiak ireki eta muga bistan jarri zuela. Sarean ari diren hiru bolondresek, Amets Arzallus, Itziar Gomez eta Malen Garmendiak, denbora horretan egin duten lanaren berri eman zuten Donostian, eta begiak soilik ez, bihotzak ere irekitzeko beharra nabarmendu zuten.
Euskal Herriaren hegoa eta iparra lotzen dituzten bideetan mugak agertzen eta desagertzen dira, segun eta nor den, nolakoa den, batetik bestera igaro nahi duena. Irunetik Hendaiara ala Beratik Sararako joan-etorria egitean ez dute gendarmezko murrurik aurkitu, salbuespenak salbuespen, euskaldun zuriek, baina batez ere 2018az geroztik, ikusi zuten beste gorputz batzuek bazutela hor muga bat, hain desberdina Melillako hesien eta Mediterraneoko olatuen aldean, eta hain antzekoa, aldi berean. Orduan hasi zen Irungo Harrera Sarearen (IHS) bidea.
Goldatu elkarte memorialistak antolatutako ‘Atzoko eta gaurko erbesteratze eta migrazioak’ zikloaren baitan, Amets Arzallus, Itziar Gomez eta Malen Garmendia IHSko kideek Bidaso inguruan 2018tik egiten duten lana eraman zuten Donostiako Okendo Kultur Etxera asteartean.
Urte hartako udaren hasieran hasi zen talde bat batzen, ikusita bazela denbora bat Iruneko Renferen tren geltokira migranteak iristen hasi zirela –trenez ez, autobusez baizik, bertan gelditzen baitira–. Egunak joan eta egunak etorri, instituzioek egoera bideratzeko jarrerarik ez zutela ohartuta, kezkak eta galderak sortu zitzaizkion hainbat pertsonari, besteak beste, orduan SOS Arrazakerian zebilen Itziar Gomezi. Sorreratik hartu du parte Irungo elkartasun sarean, eta hasierako une horiek gogoratu zituen Donostiako hitzaldian.
Abiapuntua afari bat izan zen. Sinplea, baina sinbolikoki indartsua: herriko jendearen laguntzarekin, Afrikatik Europarako bidaia zeharbideetan ezkutatuta egitera behartuta izan ziren horiek Irun erdiguneko San Juan plazan elkartu ziren otordua egitera, udara hasierako gau batez. Afari soil horrek antolatzaileek espero ez zuten arreta mediatikoa izan zuen eta, geroztik, «bat-bateko antolatze bat suertatu zen», oroitu zuen Gomezek.
Hastapenetan, bidean ziren pertsonen oinarrizko beharrak asetzea izan zen IHSren zeregin nagusia, batik bat, otorduak eskaintzea. Baina ibilian ikasten joan dira sarean parte hartzen duten bolondresak eta, hala, euri egun batek, adibidez, arropa aproposa falta zutela ikusarazi zien, eta hala sortu zen arropategia, jendearen dohaintzekin nahiz militanteen erosketekin hornitzen dutena. Arropategiaren helburua, baina, ez da soilik hotzerako jantzi egokiak banatzea. Donostian kontatu zutenez, Europara iristean, Gurutze Gorriko zentro batera edo itsas portu batera adibidez, jantzi bat ematen zaie, «kasik uniforme bat». Eta uniforme horrek bidea zaildu dezake, Poliziak begi kolpe batez ikusten baitu jantzita daraman pertsona paperik gabeko migrantea dela. [Hemen, ‘Erre gabeko bideetan’, Gari Garaialdek Irundik Baionarako bidai klandestino bati buruzko kronika, ‘7K’n argitaratua]
Halaber, Hendaia aldera Santiago zubia igarotzea ez da erraza –zazpi pertsona hil dira ibaiko uretan itota, eta beste hiru heriotz eragin dituzte Euskal Herrian 2018tik muga politiken zorrozteak–, hainbat bider atzera botatzen baitituzte gendarme frantsesek, eta huts bakoitzeko gau bat eman behar dute Irunen. 2018ko hasiera haietan ez zuten lolekurik, eta Lakaxita gaztetxean atondu zuten eremu bat bolondresek; olana bat eta lastaira batzuk.
«Hasieran, iruditzen zitzaigun ondo artatuta zeudela: olana bat, koltxoiak, jana. Baina konturatu ginen hori ez zela modua eta erabaki genuen Lakaxitatik ateratzea», kontatu zuen Gomezek.
Arzallus: «Zer gutxiago, behar horrekin, eta jakinda jendea baliatu daitekeela behar horretaz diru asko egiteko, arrisku hori hartu gabe muga pasatzeko informazioa ematea baino?»
Ahal moduan moldatu ziren IHSko kideak gazte afrikarrei –gehienak mutil gazteak direla zehaztu zuten, baina emakume «asko» ezagutu dituztela esan zuten, sarri haurrekin edo haurdun– lo egiteko leku duinagoak eskaintzen, ez gutxitan, bolondresen etxeak zabaltzen edo ostatua ordainduta. Baina garbi zuten, haien lana, laguntza praktikoa emateaz gain, politikoki eragitea ere bazela. Hala, arreta postua San Juan plazara mugituz eta handik eraginez, Gomezek sarearen lorpen handienetako gisa definitzen duena iritsiko zen: Gurutze Gorriaren aterpetxea, hiru egunez –batzuetan bost egunez ere bai, ongi azaltzen ez diren salbuespenezko kasuetan– ostatu har dezaten irekia.
Mugen mutazioak
Hori gertatu baino lehen iritsi zen Amets Arzallus IHSra, 2018ko uda amaieran, arreta zentroa artean Lakaxitan zela. Baina atzerago egin zuen denboran azaltzeko zerk eraman zuen sarera, 1990eko hamarkadaraino. «Hendaiarra naiz, muga ertzean bizi izan naiz beti, ez bada ertz batean, bestean. Lehen mugak bazuen halako gorputz bat, traba zen hara eta hona ibiltzen ginen familiontzat, baina nik 10 urte inguru nituela sortu omen zen Schengen [Europako barne mugetan kontrolik gabeko eremu bat ezartzeko baldintzak eta bermeak ezarri zituen Schengen Hitzarmenak 1995az geroztik]. Gero muga pixka bat aldatzen joan zen, eta euskalduna ez zen norbaiten begietatik mugak zer arrisku eta zer traba sor zitzakeen ohartzen hasi nintzen 2018an. Geltokian bai, baina mugaren inguruan ere gero eta jende gehiago agertzen hasi zen, askotan noraezean. Irun edo Behobian bazaude beste aldera begira, ikusten dituzu, batzuetan erdi-ezkutuan, bestetan polizia furgoneta baten ondoan harrapatuta… gero eta gehiago ikusten genituen eszena horiek», errepasatu zuen.
Bereziki asaldatu zuen eszena bat kontatzera pausatu zen bertsolaria. Bertso afari batetik bueltan zen, kotxez, goizaldeko 02.00ak aldera. «Euri giroa zen –ekarri zuen akordura–. Donostiatik iparraldera joateko, A8an barrena, Oiartzungo ordainsaria pasatu eta Behobian atera nintzen. Iristear nintzela ikusi nituen euripean, dozena bat pertsona oinez autobidean, motxila txikiekin. Momentuan ezin erreakzionatu, baina buruan bueltaka gelditu zitzaidan eszena hori. Nire gorputzak esan zuen: zer egin dezaket? Horrela hurbildu nintzen IHSra».
«Laguntza kriminalizatzen ari dira eta, agian, IHSra hurbiltzeko pausu bat emateko prest zena, atzera botako du horrek. Baina guk badakigu elkartasuna ez dela delitua», adierazi zuen Gomezek
Malen Garmendiak ere aitortu zuen inoiz ez zuela ikusi Bidasoko muga, «muga fisiko bezala». «Baina 2018an konturatu nintzen bazela muga bat pertsona arrazializatuendako. Gurutzatzen saiatzen direnean, itzularazten dituzte Irun aldera. Baina muga ez da soilik marra bat, ez da soilik Bidasoa ibaia. Espazio zabalago bat da. Harrapatzen bazaituzte autobus batean Bidartera iristen, bueltatzen zaituzte zubira, eta atzera berriz. Haiekin hitz egin ondoren, konturatzen zara beraien imajinarioan badutela muga fisikoa gurutzatzearen ideia, hesi bat, edo itsaso bat. Ez daude ohituta zubiak ikustera. Kostatzen zaie ulertzea: zein da arazoa? Muga psikologikoa deitzen diogu Irungoari, inpotentzia handiz bizi baitute. Saiatu, eta itzularazi, behin eta berriro. Hildakoak egon dira, eta berez, nork esango luke muga hori gurutzatzea arriskutsua dela? Bada, bai», azaldu zuen.
Ez dute konplexurik esateko, eta aldarrikatzeko, baietz, IHSren lanetako bat dela –beste askoren artean– pertsona migranteei muga pasatzen laguntzea, nahiz eta sareko kideek badakiten arriskutsua izan daitekeela: zazpi pertsona epaiketaren zain daude, migrante batzuek haien bidea egin zezaten laguntzeagatik. «Laguntza kriminalizatzen ari dira eta, agian, IHSra hurbiltzeko pausu bat emateko prest zena, atzera botako du horrek. Baina guk badakigu elkartasuna ez dela delitua», adierazi zuen Gomezek.
Tren geltokitik abiatu eta muga-ertzak ikuskatzeaz arduratzen den lantaldera batu zen Arzallus. «Itzulia egin eta gero bileratxo bat egiten da muga zeharkatu nahi eta behar duenari informazioa emateko. Bide luze eta zaila izan dute, askotan mugak zeharkatu dituzte norbaiten eskutik eta asko ordainduta, eta badakigu gure muga, gaur egun, oinez edo garraio publikoz zeharkatu daitekeela. Donostiatik topoa iristen da Hendaiara, Hondarribitik doan barkua turistaz betea ikusten dut nik, Irundik Urruñara autobusa dago. Zer gutxiago, behar horrekin, eta jakinda jendea baliatu daitekeela behar horretaz diru asko egiteko, arrisku hori hartu gabe muga pasatzeko informazioa ematea baino? Oinarrizko beharrizana da», agertu zuen bertsolariak Okendo Kultur Etxean.
Bidean laguntzeko baliabideak eskaintzeaz gain, Arzallusek gaineratu zuen IHSko bolondresek badutela beste «oinarrizko beharrizan bat» asetzeko beharra, zailagoa agian, baina jana eta lolekua bezain garrantzitsua, bere ustez. «Iristen diren gehienak urtetako bidea egitetik datoz; ondoen iritsi denak oso baldintza gogorrak pasatu ditu. Oinarrizko beharrizan bat da, beraz: jarri ondoan eta maitasun edo goxotasun pixka bat eskaini. Gizatasun pixka bat eskaini, bere autoestimua hain zartatura dakarren pertsonari. Keinu hori ospitalea non dagoen erakustea bezain garrantzitsua dela uste dut. Muga pasatzeko antsietatez datoz, iristeko antsietatez, eta ez da erraza atseden pixka bat har dezaten, baina izugarri garrantzitsua da. Ez gara ari bulego batean informazioa jasotzeko zain dagoen jendearekin, zauriturik, puskatuta dagoen jendearekin baizik», adierazi zuen.
Mugen politikak gogortuko badira ere, «pertsona hauek ez dute beraien bidean etsiko, behar eta desio horietan jarraituko dute», baieztatu zuen Malen Garmendiak
%99,9ren hautua
Gaur egun, 40-45 pertsona inguruk parte hartzen du IHSn, Gautxorin (mugak ikuskatzeko gauez itzuliak egiten dituen taldea), arropategia eta harrera taldeetan banatuta. Hala ere, elkartasun sarea «amaraun bat» da, Itziar Gomezek esan modura, eta Irundik landa ere bada jende ugari antolatuta, besteak beste, Hendaian, bidean diren pertsonei Baionara iristen laguntzeaz arduratzen direnak.
Baiona baita Hendaiara iristea lortu dutenen lehen helmuga garrantzitsuena, bertako aterpetxeak baduelako «halako berme bat», Arzallusen hitzetan, eta bertan «har dezakete arnas». «Komeria handiena», baina, Irundik Baionara iristeko bidea dela esan zuen.
Berez, Estatu frantsesera igarotzeak asiloa eskatzeko eskubidea galtzea dakar, Europako legediak zehazten baitu migrazio prozesuan ari den pertsonak zapaltzen duen lehen estatu europarrean soilik eska dezakeela babes hori. Eskubide hori, beraz, Irunen galtzen da, Europara Estatu espainiarretik iristen diren askoren kasuan. Eta, horren jakitun izanik ere, «%99,9k muga igaro nahi dute», argitu zuten Donostian hizlariek. Aukera horren alde egiteko arrazoiak anitzak izan daitezkeela azaldu zuten: batzuk kolonia frantsesetatik datozelako eta, beraz, hizkuntza menperatzen dutelako, beste batzuek, agian, senide edo lagun bat dute Estatu frantsesean. Baina erabakia argia da: IHSak 40.000 pertsona inguru ezagutu ditu sei urteko ibilbidean, eta horietatik Hegoaldean gelditu asiloa eskatzea erabaki dutenak, 40 baino gutxiago direla zehaztu zuten. «1.000 pertsonatik 1 baino gutxiago», esan zuen Arzallusek, ohartaraziz asiloa eskatzearekin «beste odisea bat» hasten dela.
Hala, mugen politikak gogortuko badira ere, indarkeria ugaritu, «pertsona hauek ez dute beraien bidean etsiko, behar eta desio horietan jarraituko dute», ohartarazi zuen Garmendiak. Egoerak iraun bitartean –iraungo du, besteak beste, Gobernu frantsesak berriki iragarri duelako sei hilabetez berrartuko dituela mugetako kontrol iraunkorrak– eta instituzioen ardurak eskasak izaten jarraitzen duten neurrian, elkartasuna josten segitzeko asmoz da IHS, eskuak zabal eta begiak erne, migrazioarena ez dadin ulertu «distantziara dagoen ideia abstraktu baten gisan», Arzallusek esan modura. Eta mina eman behar badu, eman dezala: «Minak aberasten zaitu. Minak organikoagoa izan behar du, gu ere humanizatu gaitezen. Bestela, iragazgaitz izaten jarraituko dugu, nola migrazioarekin, hala hango eta hemengo gerrekin», esan zuen.