INFO

Donald Trump, berriz ere Etxe Zurira

Estatu Batuetako hauteskundeetako azken estatuetako emaitzen faltan, Donald Trump izango da berriz ere presidente 2025etik aurrera. Aurreko bi bozketetako emaitzak hobetu ditu, eta boto-kopuruan ere hautagai errepublikanoa izan da nagusi.

Donald Trump, bere bikote Melania Trumpekin, garaipena ospatzen. (Jim Watson | AFP)

Emaitza estuak iragarri zituzten hilabete luzetan inkestek, baina hauteslekuak itxi eta bizkor samar joan da errepublikanoa gailentzen. Inkestetan aurretik zegoen baina demokratek itxaropenena zeukaten hainbat estatuetan, Floridan edo Texasen, kasu. Hegoaldeko estatuetatik Kamala Harrisen garaipena ezinezko bihurtu da gauak aurrera egin ahala. Ipar Carolina izan da swing state edo estatu lehiatuen artean errepublikanoen aldera joaten lehena, eta Georgia hurrena. Asteburuan Harrisi ezusteko garaipena iragartzen zion Iowako inkesta ere oker zebilela geratu da hauteslekuak itxi eta gutxira.

Hegoaldeko bi estatu lehiatuak irabazita ere, demokratek itxaropen puntu bati heldu diote, hasieratik beraien egitasmoa iparralde industriala irabaztean baitzegoen: Pennsylvania, Wisconsin eta Michiganek Etxe Zuriari eusteko 270eko zenbaki magikoa ematen zuen demokraten kanpainako kalkuluetan. Arizona eta Nevada ere jokoan zeuden estatuak ziren, baina iparraldekoetan txukun ibili ezean, Trumpen garaipena geraezina zen.

Donald Trumpek berariaz landu eta bisitatu dituen estatuak dira, langile tradiziokoak izanik eta sindikatuek aparteko indarra duten lekuak. Kanpainako lehen ekitaldietako bat Detroiteko langile beltzekin egin zuen. Inkestek agerian utzi dute gizonen artean (‘Bro’ estrategia deitu diote Fox katean) boto-emaile ugari dituela komunitate beltz eta latinoan, Barack Obama bera joateraino berariaz Harrisen aldeko botoa gizon beltzei eskatzera.

Sindikatu gehienek demokraten aldeko botoa eskatu zuten, baina ez denek, eta hori bera errepublikanoek garaipentzat hartu zuten. Kamioilarien sindikatuko buruak, esaterako, Milwaukeeko konbentzio errepublikanoan parte hartu zuen, bere kide gehienak Trumpen alderantz lerratzen ari zirela sumatuta.

Gako batzuk

Detroit inguruan beste arreta guneetako bat Dearborn izan da. Gehiengo arabiar eta musulmana daukan hirian botoen % 88 lortu zituen Joe Bidenek 2020an, orain, aldiz, hirugarren geratu da, Jill Stein Berdea ere aurretik duela. Hala eta guztiz, Donald Trump izan da hiruretan lehen geratu dena, etengabe esan arren nahi duena egiten utzi beharko litzaiokeela Netanyahuri.

Latinoen artean, are nabarmenagoa izan da eskuineranzko joera. Berriz ere, gizonen artean nagusiki, baina baita emakumeen aldetik ere. Lehendik ageri zen joera indartu egin da. Badirudi gehiengo zurian zertxobait hobetu dutela demokratek, eta oro har biztanleen gehiengoa izanik, erreakziorako itxaropena zeukaten. Baina askoz handiagoa izan da Trumpen mezua, immigrazioaren aurka eta ekonomia hobetuko duela aginduz, erakarri duen jende kopurua. Ez hori bakarrik: hiri demokratetan atzetik geratu arren, emaitzak hobetzea lortu du Donald Trumpek (edo bestela esanda, demokratek ez dituzte hain emaitza onak errepikatu). Era berean, lehendik ere errepublikanoak ziren landa-eskualdeek are argiago egin dute Trumpen alde, demokratak erabateko gutxiengoan uzteraino.

Goizaldeko ordu bata baino lehen (07:00ak baino lehenxeago Euskal Herrian), Washingtoneko Howard Unibertsitatean demokraten jaian elkartutako jendeari etxera joateko esan diete, Kamala Harrisek ez duelako hitza hartuko gaur gauean. Oraindik ez dute erabat galdutzat eman, eta zenbait estatutako zenbaketa amaitu arte itxaron behar dela esan dute. Giroa oso desberdina zen Floridan errepublikanoen ospakizunean, noski.

Inkestek bete-betean asmatu dute 43 estatuetan nork irabaziko zuen (hiruzpalau falta arren, ez da ezustekorik espero) eta zazpi estatu lehiatuetan erabaki da nor sartuko den Etxe Zurian urtarrilaren 20an.

Senatua ere berreskuratu dute errepublikarrek

Presidenteaz gain, Ordezkarien Ganbera eta Senatuaren herena ere berritu dira hauteskunde hauetan. Errepublikanoek Senatuaren kontrola izango dute, gutxienez 51 senatari izatea bermatu baitute. Behe-ganberaren osaketa ez dago oraindik guztiz argi; demokratek 2022an galdutako gehiengoa berreskuratzea gerta liteke, baina alde txikia izango lukete ziurrenik hor ere.

Testuinguru horretan, Trumpek Etxe Zuritik izango lukeen galga bakarretakoa izango litzateke Ordezkarien Ganbera, beti ere demokraten alde iragarritakoa betetzen bada.

Egoera berriak ondorio asko izango ditu, berehalakoan sumatzen ere zailak direnak: bai Estatu Batuen baitan, baita nazioartean ere. Etxe barruan, orain artean Donald Trumpek izan dituen arazo judizialen amaiera adieraziko du ia ziur, besteak beste Justizia Saila bere agintepean egongo delako.

Era berean, argi geratu zaio polarizazioaren estrategiak on egin diola: zentrora hurbiltzea aholkatu diotenei, edo Nikki Haleyrekin kanpaina egitea haren boto-emaileak erakartzeko, muzin egin die, eta muturreko mezua erabili du. Eta ezin ahaztu bere kanpainako lelo nagusietakoa, deportazioaren aldekoa izan dela. Datu ofizialen arabera 12 milioi inguru dira paperik gabeko etorkinak AEBetan, baina Donald Trumpek askoz gehiago direla dio, 30 milioi inguru, eta denak atxilotu eta kanporatuko dituela esan du, mugaldean horretarako esparruak eraikiz.

Hori guztia, ia langabeziarik ez daukan herrialde batean; ekonomia indartsu dabil, eta pandemia osteko inflazioa ere kontrolatzea lortu du. Baina herritarren inpresioa da ekonomia eskas edo ez oso ondo dagoela; Washington Posten hauteskunde eguneko galderan hala erantzun zuen % 67ak. Eta datuek diotena baino gehiago balio du ziurrenik jendearen inpresio orokorrak. 

Hautagai bozkatuena, lehen aldiz

Demokratek Trumpen arriskuaz ohartarazi dute etengabe, aurkariak etsaitzat hartzea, estatubatuarren aurka armada erabiltzearen mehatxua, espetxeratzea eta abar. Baina errepublikanoen mezua ere ezinbestean mobilizatu ezean herrialdea galduko zutela izan da. Eta itsu-itsuan mobilizatu dira. Trump, lehen aldiz, hautagai bozkatuena izan da (Hillary Clintonek, hauteskundeak galdu arren, ia hiru milioi boto gehiago izan zituen).

Alderdi Demokratak berriz, hausnarketa sakon bati ekin beharko dio: izango da abortu-eskubidean gehiegi zentratzea argudiatuko duenik (2022ko agintaldi erdikoetan ere aipatu zen hori, eta emaitzak askoz hobeak izan zituzten), kanpainan Bidenengandik aski ez bereiztea lortu ez izana leporatuko dionik Harrisi, edo langileen arrangurei jaramon nahikorik ez egitea. Orain bertan, Joe Bidenek bi hilabete eta erdiko agintaldia dauka, Donald Trump Etxe Zurira itzuli aurretik.