INFO
Entrevista
Ainhoa Jauregi Cabezon
Hamaikako zuzendaria

«Gazteekin konektatzea dugu erronka nagusi bat, euskararen normalizazioan eragiteko»

Ainhoa Jauregik (Hernani, 1981) gidatuko du, Onintza Alustiza eta Maddi Mochalesekin batera eta Iñaki Uriari lekukoa hartuta, Hamaikaren eraldaketa. 2006an proiektua sortu zenetik guztiz aldatu da testuingurua eta, euskararen normalizazioan eragiteko, gazteekin konektatzean jarriko dute indarra.

Ainhoa Jauregi Cabezon, Hamaikako zuzendaria. (Jon URBE | FOKU)

Lanbidea aunitz gustatzen zaio Ainhoa Jauregi Cabezon (Hernani, 1981) Hamaikako zuzendariari, erronka berriak maite ditu eta esku artean dutena polita izan daitekeela iruditzen zaio. Lankideak ondoan, gogotsu heldu dio eraldaketari.

Kontaidazu zure ibilbidea.

Kazetaritza ikasi nuen Leioan eta ikasten ari nintzela ‘Argia’-n aritu nintzen praktiketan. Gero Lokalia Txingudin, eta hortik Bainet ekoiztetxera heldu bitartean arropa dendetan egin nuen lan. Baineten 14 urtez ibili nintzen, ‘Bricomanía’ eta ‘Decogarden’ saioetan gehienbat. Dokumentazioa, gidoiak, eskaletak eta lokuzioak egiten nituen; produkzioa ere ukitu nuen. Pandemian publizitatea eta hainbat saio erori ziren eta jende askok joan behar izan genuen.

2020ko irailean Iñaki Uriak deitu zidan ea Hamaikan lan egin nahi nuen, Bilbon magazin bat martxan jarri nahi zutela-eta. Momentu zailak izan ziren, baina oso aberasgarriak. Asko gustatu zitzaidan. Ondoren Donostiara etorri nintzen. Kanpo ekoizpenak eta marketina eramaten hasi nintzen eta, horrekin batera, zuzendaritzako bileretan parte hartzen. Duela bi urte hausnartu genuen barrukoa berrantolatu behar zela, etekin gehiago ateratzeko, jendea motibatzeko, eta aholkularitza batekin lanean hasi ginen. Iñakik mahai gainean jarri zuen erretiratzeko asmoa zuela eta prozesuak berak eraman gintuen nik hartzera bere lekukoa.

 

Ardura postuetara emakumezkoak iristea ez da erraza, badator aldaketa bat eta horrek emango digu gauzak kontatzeko ikuspegi feminista askoz ere presenteago edukitzea



Hiruko zuzendaritza bat osatu duzue Maddi Mochales, Onintza Alustiza eta zuk.

Estrategia hiruron artean daramagu eta kontsentsuz egiten saiatzen gara. Taldea osatzearen arrazoi nagusia da ezin dela dena pertsona baten gain utzi. Onintza finantzaz arduratzen da, Maddi berrikuntzaz eta ni gehiago harreman publikoez. Hiruron artean daramagu barruko gidaritza.

Hiru emakume zarete, belaunaldi berri batekoak.

Ikusten duzunez, lantaldean gehienok emakumeak gara. 30 langiletik agian lau gizon bakarrik ditugu. Bai da apustua emakumeei aukera gehiago ematea, ez da ez dugula gizonezkorik nahi, baina ardura postuetara emakumezkoak iristea ez da erraza, aukera batzuk zabaltzen ari dira baina oraindik lan pila bat dago. Azkenaldian Amagoia Mujikak hartu du ‘Berria’-ren ardura, Ane Urkirik NAIZekoa, badator aldaketa bat eta horrek emango digu gauzak kontatzeko ikuspegi feminista askoz ere presenteago edukitzea, lehen pertsonan kontatuko dugulako hori, eragiteko beste modu bat da. Gizartean bezala oztopo batzuekin topatzen gara oraindik egunerokoan. Askoz gehiago demostratu behar dugu eta ohitura batzuk oso errotuak daude.

Zer motibaziorekin heldu diozu erronka honi?

Hasteko, Hamaika proiektuan sinesten dut. Berrikuntza txertatzen badugu eta egungo eskaerei erantzuten badiegu, badugu esperantza belaunaldi berriengan eragiteko. Gure lehenbiziko helburua da euskararen normalizazioan eragile izatea. Daukagun arazoa da belaunaldi berriek dena gaztelaniaz eta ingelesez kontsumitzen dutela, mugikorretatik, sare sozialen eta plataformen bidez. Ea lortzen dugun nolabait beraiekin konektatzea. Euskal hedabide guztion egoera da zaila gauden testuinguruan, baina ikus-entzunezkoak izanda uste dut aukera gehiago izan ditzakegula. Lortu behar dugu gazteekin konektatzea eta frogak egitea da kontua, asmatu arte. Erronka handia da: lehenengo hiru segundoetan ez baditugu engantxatzen badoaz beste batera.

Ainhoa Jauregi Cabezon, Hamaika Telebistako platoan, Donostian. (Jon URBE/FOKU)

Hamaika jada ez da telebista bakarrik.

Ikus-entzunezko proiektu komunikatibo bat da. Webgunea ere badaukagu, streaming-a, sare sozialak, spotify... Ez ditugu ahazten telebistako ikusleak, haien babesa izan dugu urteotan guztiotan eta hor jarraitzen dute. Askok fundazioan ekarpena egiten dute, oso eskertuta gaude eta horiek ere zaindu behar ditugu.

Nolako komunitatea duzue?

Oso ezberdina. Telebista ikusten duen komunitate hori 55 urtetik gorakoek osatzen dute. Facebooketik webgunera joaten direnak nire adin bertsukoak dira, 40tik aurrerakoak, eta Tik-tok eta Instagram gazteagoentzat dira. Youtuben nahiz telebistan oso ondo funtzionatzen du ‘Musika Zuzenean’ saioak.

Azkenaldian podcastak eta kale galdeketak egin ditugu eta erantzun ona izan dute. Gazteek parte hartzen duten hori kontsumitzea errazagoa da, animatzen joaten dira elkarren artean. Bide bat izan daiteke galderen bidez aktualitatea bera jorratzeko. 


Lan karga dezenterekin dabil jendea eta horretara ere bagoaz, baldintzak hobetzera. 2025ean indarrak non jarriko ditugun ondo zehaztu nahi dugu. Sektorea ez da asko zaindu, eta funtzio garrantzitsua daukagu

 

Baliabide ekonomikoak baldintza dira.

Diru-laguntzen bidez finantziatzen gara asko eta uste dugu momentu batean gaudela non erakundeek babestu behar gaituzten inoiz baino gehiago. Askotan badaukagu ideia edo edukiak aldatuko genituzke, baina lantalde txikia gara eta lau lurraldetan gaude [Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñea]. Lan karga dezenterekin dabil jendea eta horretara ere bagoaz, lan baldintzak hobetzera. 2025ean indarrak non jarriko ditugun ondo zehaztu nahi dugu. Sektorea ez da asko zaindu, eta funtzio garrantzitsua daukagu, euskara indartzeko, euskal kultura eta identitatea ondo markatzeko eta demokrazian egon behar dugulako ikuspegi desberdinetako hedabideak. Albiste faltsuei aurre egiteko ere bai.

Lantaldea oso garrantzitsua da eta talentua mantetzea kostatzen zaigu. Baldintzek zerikusia izango dute, baina belaunaldi berriak asko mugitzen dira. Taldean gazteak ditugu eta beren jakituria baliatzen dugu. Gazteak eta adin bat dugunak elkarrekin joatea garrantzitsua da.

Arrakalarik ikusten duzu euskararen transmisioan belaunaldi gazteetan?

Bai, hizkuntzan zein nortasunean. Ez dakit zer gertatu den, baina transmisioan huts egin dugu, guk daukagun euskaldun izatearen sentimendu hori askok ez daukate. Hori da erronka handi bat: nola eragin hor.