Hulk Hogan ezkertiar baten bila
Artista eta intelektual gehienen babesa eta bultzada alde izan ditu Kamala Harrisek baina ez du ezertarako balio izan. Hortik eragiteko aukerarik ba al da «Donald Trumpen lurraldean»?
Alexandro Mazedoniakoak Aristoteles irakasle zuen, Neron Erromako Enperadoreak Seneka, Prusiako Friedrich Handiak Voltairerekin askotan hitz egiten zuen, eta frantsesez, alemaniarra izan arren.
Donald Trumpek, aldiz, Hulk Hogan izan du ondoan, garaipen honetarako laguntzaile.
Aro guztiak ezberdinak dira, jakina. Amerikako Estatu Batuetako hauteskunde hauek argi eta garbi erakutsi dute artista zein intelektualen atxikimenduak ez duela ezertarako balio izan.
Izar handiei buruz hitz egiten badugu, Taylor Swift, Bruce Springsteen, Whoopy Goldberg, Jennifer Lopez (buruz ari naiz) eta beste askok beren outing politikoa egin dute kanpaina honetan zehar, biluztu egin dira Harrisen alde, baina AEBen gehiengoa beste alde batera begira zegoen. Hainbeste ekitaldi, kontzertu... alferrik.
Eta zeri begira ba? Hulk Hogan wrestlerra (borrokalaria) Donald Trumpen zaleei animatzen ikusi dugu; Swift, Springsteen eta abar baino erakargarriagoa ote?
«I know my chickens», ingelesez esaten den moduan: oiloak ezagutzen ditu Trumpek, bazekien zertan zebilen
Hoganek 40 urte inguru daramatza, ez dakit zehazki, betiko erakustaldia egiten: betiko elastikoa (ikuskizunaren bukaeran urratzen duena), betiko bibote hori luzea, betiko gorpuzkera, buruan betiko zapia, Pantani baten antzera. Ba al da hori baino pertsonaia amerikarragorik? Harley Davidson bat gidatzen imajinatzen dut, bi kiloko txuleta jaten eta Coca-Cola edaten, nola ez.
Donald Trumpek ondo baino hobeto daki zer pizten duen wrestling-aren munduak, eta ez bakarrik behin baino gehiagotan parte hartu duelako, ekitaldi batean edo bestean...
«I know my chickens», ingelesez esaten den moduan: oiloak ezagutzen ditu Trumpek, bazekien zertan zebilen. Eta Hulk Hogan agertuz gero, dena oso nabarmena da, ez dago sekreturik: publikoak erraz onartzen du ikusten ari den guztia faltsua dela, akrobaziak eta gainerakoa. Ikaragarria bezain faltsua.
Herriko nortasuna
Absurdoa irudituko zaigu, baina oinarri horien gainean bideratu du Trumpek bere garaipen berri hau.
Eta ez ziren soilik artistak eta kulturgileak... Kirolari ospetsu askok ere Kamala Harrisen alde egin du. Ezertarako ez.
Alderdi Demokratikoaren aurkariek honako hau aurpegiratzen diete orain: «Herriko benetako nortasuna ezin izan duzue ulertu, zuek bakarrik Los Angelesen edota New Yorken zaretelako irabazle, jende aberatsari esker». Horrelakoak entzuten ari gara egun hauetan, eta egia da, wrestling baino absurdoagoa da dena.
Nola jokatu aurrerantzean, zein baliabiderekin? Hori da galdera. Ezkerreko borrokalari baten bila hastea litzateke erremedioa. Egongo al da wrestler «sozialista» bat? Beste Hulk Hogan bat, ados, baina sentimendu eta ideologia ezberdinarekin.
Aurkitzea zaila izango da baina zergatik ez? Aldi berean intelektualen babesari eutsi beharko zaio, jakina. Bestela bi aldeen arteko desberdintasunik ez litzateke izango.