Alavesek hozka egin ezinik jarraitzen du etxetik kanpo, Vila-Realen aurka 3-0 galduta
Luis Garcia Plazaren taldeak kolpe latza jaso du Ceramica zelaian, 3-0 galduta. Lehen zatian arabarrek hobeto jokatu arren, bigarrenean ezinean aritu dira Txapeldunen Ligako postuetan dagoen Vila-Realen aurka. Etxekoek penaltiz egin duten bigarren gola nahiko eztabaidagarria izan da. [Estatistikak]
Haritz eroriari orok egur. Vila-Realek astindu ederra eman dio Alavesi. Agian ez hainbeste jokoari dagokionez, baina bai, behintzat, markagailuari begiratuta. Mallorcari 1-0 irabazirik Alavesek apur bat suspertu arren, bost partida jarraian galdu ondoren, ematen du oraindik burua altxatu ezinik dabilela.
Vila-Realek historian aurrenekoz beltzez jokatu du, denboraleak Valentzian eragindako hondamendiaren oroigarri. Bai etxekoak, baita bisitariak ere, Força Valencia (Indarra Valentzia) kamisetarekin zelairatu dira. Partida hasi aurretik, minutu bateko isilunea egin dute Valentziako ereserkiarekin.
Lehen minutuetan bi taldeei partidan sartzea kosta egin zaie. Hotz hasi dute neurketa. Conde eta Sivera atezainek ez dute lanik izan. Area ertzeak zapaldu gabe aritu dira, babazorroen lehen aukera iritsi den arte. 25. minutuan Luis Garcia Plazaren taldea bizkor atera da kontraerasoan. Tenaglia ezker alboko atzelariak baloia erdiratu, eta Kike Garciak buruz errematatu du, baina Vila-Realeko atezainak langara alboratu du baloia. Hortxe eman dute lehen abisua arabarrek.
Marcelinoren taldeak baloiaren jabetza izan badu ere, ez dute askorik kikildu Alavesen atzeko lerroa. Alaves hobekien ari zen momentuan, orduan iritsi da Vila-Realen kolpea. Halakoxea baita futbola.
Zelai erdian Alavesek egindako falta bat azkar atera dute, eta zertxobait tokiz kanpo harrapatu dituzte babazorroak. Konturatu orduko, Pepe aurrelariak eskuin hegalean jaso du baloia, eta segituan ikusi du area ertzean Akhomach taldekidea. Marokoarrak baloia jaso orduko, maisuki buelta erdia eman, eta urruneko zutoin ondo-ondotik sareetara bidali du baloia. Non begia, han baloia.
Lehen zatiaren hondarrean Alavesek Vila-Realen area ertza zapaldu du, batez ere geldikako jokaldietan. Aukera batean Tenagliak ez du erdiratzen asmatu, eta bestean, Pica erdiko atzelari gazteak jaurtiketa ona egin duen arren, Guevarak oztopatu du errematea.
Marcelionok halabeharrez bi aldaketa egin behar izan ditu lehen zatian, min hartu baitute Kiko Femenia Alaveseko jokalari ohiak, eta Akhomach goleatzaileak. Azken honen lesioak itxura txarra zuen, ohatilan utzi baitu berdegunea. Haien ordez irten dira Navarro eta Pino.
Penalti eztabaidagarria
Lehen zatian ez bezala, bigarrenean aurrerapausoa eman du Vila-Realek. Etxekoek bizi ekin diote bigarren erdiari, Alavesen areara askoz gehiago gerturatuta, eta bereziki Sivera atezaina estututa.
“A resetear, corregir errores y seguir apretando”.
— Deportivo Alavés (@Alaves) November 9, 2024
️ @Antonio_6Blanco tras el #VillarrealAlavés #GoazenGlorioso ⚪️ pic.twitter.com/hQGTNVrcuu
Bost minutu eskasean epaileak Vila-Realen bi jokaldi baliogabe utzi ditu, jokoz kanpo adierazita. Lehenengo jokaldian Ayozek jaurtitutako baloia Siverak alboratu duen arren, bigarren ahaleginean Pepek sarea zulatu du. Gaitz erdi arabarrentzat, markagailuak 1-0 segitzen zuelako.
Vila-Real soka tenkatzen ari zen bitartean bigarren golaren bila, babazorroek kosta ahala kosta gol bateko errenta mantentzen ari ziren. 81. minutuan, ordea, iritsi da soka luzea ekarriko duen jokaldia.
Epaileak penaltia adierazi du etxeko taldearen alde, Manu Sanchezek eskuarekin ukitu duelako baloia. Hori eztabaidaezina da. Kontua da ea Vila-Realeko jokalariak falte egin ote dion Alaveseko atzelariari. VARak epailearen erabakia berretsita, Parejok hamaika metroetatik sartu du etxekoen bigarrena.
Ordurako partida erabakita zegoela, Marcelinoren taldeak hirugarrena egin du, Comesañaren bidez. Jota geratu dira arabarrak, eta berriz ere Mendizorrotzatik kanpo ezinean aritu dira.
Fitxa teknikoa:
Vila-Real: Diego Conde; Kiko Femenia (Pau Navarro, 23 min), Albiol, Costa, Sergi Cardona; Ilias Akhomach (Yeremi Pino, 46 min), Gueye (Comesaña, 72 min), Parejo, Alex Baena; Ayoze (Bernat, 84 min y Pepe (Barry, 72 min.
Alaves: Tenaglia, Abqar, Pica, Manu Sánchez; Antonio Blanco, Guevara (Stoichkov, 68 min); Carlos Vicente (Conechny, 76 min), Rebbach (Carlos Martín, 51 min), Guridi (Jordan, 68 min); y Kike Garcia (Toni Martinez, 76 min).
Golak: 1-0, 38 min: Ilias Akhomach. 2-0, 81 min: Dani Pareja, de penalti. 3-0, 89 min: Comesaña.
Epailea: Quintero González. Txartel horia Vila-Realen Sergi Cardonari, eta Alavesen Guevara, Abqar eta Carlos Martini.
Gorabeherak: 17.659 ikusle Ceramica estadioan. Minutu bateko isilunea egin da Valentzian eragindako hondamendiaren eraginez. Vila-Realek aurrenekoz historian kamiseta beltzarekin jokatu du, biktimen omenez.