Durangoko Azokak spota aurkeztu du, euskal kulturan «izatearen» garrantzia nabarmenduz
«Euskal kulturan irakurle, entzule, ikusle eta abar izateak duen garrantzia, idazle, musikari edo antzezle izatearena bestekoa edo handiagoa delako», Durangoko Azokak 59. edizioaren spota kaleratu du gaur, ‘Hartzea ematea DA’ lelotik tiraka.
«Irakurtzea idaztea da, entzutea kantatzea da, ikustea antzeztea, aditzea pentsatzea, egotea egitea da, eta Hartzea ematea DA». Horrela dio, 20 segundoko ikus-entzunezko labur batean, aurtengo Durangoko Azokaren spotak.
‘Hartzea ematea DA’ izango du lelo euskal kulturaren ospakizun handienetako batek bere 59. edizioan. Eta hortik tiraka ikus-entzunezko bizia kaleratu dute astelehen honetan, estetika aktualekoa. Hainbat talde eta sortzailek parte hartu dute garapenean; gidoia Sorland agentziak ondu du, eta Arriguri ekoiztetxeak izan du grabaketaren ardura.
‘Hartzea ematea DA!’ leloa irudiz eta musikaz jantzi du spotak. Hain zuzen, eslogana indartu nahi izan dute sortzaileek. «Islatu dena horixe da: euskal kulturan irakurle, entzule, ikusle eta abar izateak duen garrantzia, idazle, musikari edo antzezle izatearena bestekoa edo handiagoa delako», azaldu dute Sorland agentziako kideek. Gidoia lantzerakoan, horri egungo estetika eman nahi izan diote, aurtengo irudi nagusiarekin bat: «estetika bisuala, sonoroa eta zentzumenezkoa».
Leloaren unibertso hori asko gustatu zaie Arrigurikoei, eta spotean txertatzea erabaki dute, «mezua bera ere hobeto ulertarazteko asmoz». Spotaren istorioari dagokionez, ideiak hartzetik berriak sortzera doan prozesua kontatu dute. «Liburu bat irakurri, esaldi batek inspiratu, letra bat idatzi, letra hori abesti bihurtu, abesti hori bideo baterako erabili... prozesu hori 20 segundotan esplikatzea nahi izan dugu, modu zuzen eta dinamikoan».