Familietan esaten ez dena eta emakumeen sufrimendua ditu ardatz Itxaso Martinen nobela berriak
‘Puntobobo’ izeneko eleberria argitaratu berri du Itxaso Martin Zapirainek, bere bigarrena. Familiarteko dinamikak, esaten ez dena, emakumeen sufrimendua eta osasun mentala, besteak beste, dira amona bat, ama bat eta alaba bat protagonista dituen istorioaren ardatzak.
Itxaso Martin Zapirainek bigarren eleberria kaleratu du, ‘Puntobobo’. Familiarteko dinamikak, esaten ez den hori, emakumeen sufrimendua eta osasun mentala erdigune, hiru emakumeren istorioa kontatzen du, estilo intimista eta soilean eta pertsonaien psikologian sakonduz.
Idazle eta kazetari izateaz gain antropologian doktore den Itxaso Martinek liburu berria aurkeztu du astelehen honetan Donostian, lagun izan duen Erein argitaletxeko Inazio Mujikarekin. Azken honen hitzetan, «entzun egiten den» elkarrizketa «sinesgarri» batetik abiatzen da lana. Horrela, eleberriaren geruza poetikoa eta elementu errealisten eta fantastikoen uztarketa nabarmendu ditu Mujikak eta liburuaren parte diren emozio sakonak, erresilientzia eta maitasun baldintzagabea aipatu ditu.
Horrela laburbiltzen du eleberriaren abiapuntua argitaletxeak: «Ez da normala izango, esan zion medikuak haurrak urtebete zuenean. Jaio aurretik, ordea, amak jakin bazekien barruan zeraman haurra ez zela besteak bezalakoa izango. Amak alaba etxean isolatu zuen, eta herritarren txutxu-mutxuak areagotu egin ziren. Hain zen estua bien arteko harremana, beste alaba baten jaiotzak ez baitzuen hori haustea lortu».
Itxaso Martin «spoiler egin gabe» saiatu da eleberrian zertaz hitz egiten duen azaltzen. Azaldu duenez, «esan behar ez dudan hori izan da liburuaren abiapuntua» eta antropologiatik landutako lana da. Abiapuntu horretaz gain, «esaten ez den horrek obsesionatzen nau», esan du, eta aipatzen dena baino garrantzitsuagoa dela adierazi du.
Iragana eta orainaldia, hamaika ataletan
Hamaika atal eta bi denbora-lerrotan antolatzen den eleberri honetan «gertatzen den guztia gizarte matxista eta patriarkalean» gertatzen da eta medikuntzan, ezkontzan edota eskolan islatuta agertzen da. Horrekin, gizarteak ezberdinari egiten dion presioarekin, erditze osteko osasun mentalarekin eta amatasuna bizitzeko modu desberdinekin topo egingo du irakurleak.
Liburu hau lantzen «aspaldi» hasi zen: «Duela hamabi urte kaleratu nuen ‘Ni, Vera’ eleberria eta urte batzuk eman nituen ideia asko buruan bueltaka nituela, baina idazten hasi eta blokeatu egiten nintzen». Hala ere, osasunez gaizki egon zen joan den urtean eta orduan idatzi zuen lan hau. «Hainbat hilabetez egin dudan bakarra idaztea eta irakurtzea izan da», azaldu du.
Punto bobo delakoa puntua egiteko modu sinpleena dela azaldu du Martinek, eta haurrentzako arropa egiteko erabiltzen delako eta protagonisten «bizibidea eta salbazioa» delako erabili du izenbururako. Azala, aldiz, Asier Beltzak eta Ivan Landak egin dute eta, idazlearen ustez, «barruan aurkituko denaren isla» da.