INFO

Bilbok urtebetez eten du pisu turistikoetarako lizentzia berrien emakida

Bilboko Udalak «kautelaz» eten ditu hiri osoan erabilera turistikoko etxebizitzak eta logelak ezartzeko baimenak. Luzamenduak gehienez urtebeteko epea izango du; bitartean, Udal Gobernuak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra erreformatu nahi du eremu hori erregularizatzeko.

Bilboko etxebizitza turistiko bat. (Asier ROBLES)

Juan Mari Aburto alkateak urteetan errepikatu duen arren Bilbon «oraindik ez dagoela arazorik turismoarekin», azkenean, eta auzo elkarteen hainbat eskaeren ondoren, Udal Gobernuak horren inguruko neurriak hartzea erabaki du. Pisu turistikoen inguruko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa bat abiaraziko du eta, bitartean, hiri osoan lizentzia berrien emakida etengo du.

Gobernu Batzordeak urriaren 30ean hartutako erabakia da, eta aste honetan argitaratu du Bizkaiko Aldizkari Ofizialean. Zehazki, HAPOaren aldaketa formulatzen hastea erabaki du, «ostatu turistikoei eta etxebizitza kolektiboei dagokienez, Herritarren Partaidetza Programarekin batera».

Baina erreforma hori burutu arte, «kautelaz etenda» utziko ditu, urtebetez gehienez ere, Bilboko udal-mugarte osoan erabilera turistikoko etxebizitzak eta erabilera turistikorako etxebizitza partikularretako logelak ezartzeko adostasun txostenen bidez eman diren baimenak».

Erabaki hau Lakuako Gobernuko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari jakinarazi dio, Bilboko udalerrian erabilera turistikoko etxebizitzak eta logelak EAEko Enpresen eta Turismo Jardueren Erregistroan Erregistroan inskribatzeko eskaera berriak heltzen direnean «aintzat har ditzan».

Gaur egun, Bilbon erabilera turistikoko 1.074 etxebizitza eta 291 logela erregistratuta daude, lizentzia ez dutenak eta apartamentu turistikoak zenbatu barik. Horietako %46 azken hiru urteetan erregistratu dira. Hau da, 632 etxebizitza eta logela turistiko erregistratu dira 2022ko urtarriletik hona.

Maiatzean, Alde Zaharreko Bihotzean auzo elkarteak eta Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak pisu turistikoei mugak jartzeko neurriak eskatu zituzten mozio baten bitartez. Zehazki, lizentziak emateari ustea eskatu zuen. Udal Gobernuak, neurri batzuk hartzeko konpromisoa hartu zuen, baina turismoaren arazoa hainbesterako ez zela esanez, moratoriari uko egin zion. Izan ere, Xabier Otxandiano Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Turismo eta Enplegu zinegotziak «demagogia» egitea leporatu zion Bihotzean auzo elkarteari.

Sei hilabete geroago, Udal Gobernuak iritziz aldatu du eta, orain bai, lizentzia berriak emateari utziko dio. Baina, Bihotzeanek salatu duenez, sei hilbete hauetan 150 erregistro gehiago izan dira. «Bilboko Udalak, utzikeriaz lobby turistikoaren interesetarako hazten utzi du arazoa, eta gaur egungo egoera jasanezin honen arduraduna da», salatu du.

Deshazkunderako neurrien eske

Izan ere, atzo bertan, Bihotzeanek eta Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak presio turistikoaren muga auzoz-auzo zehaztea eta deshazkunderako neurriak ere eskatu zizkioten Udalari.

Etxebizitzaren alorretik haratago, kaleetan erabilera ekonomikoa mugatzeko neurriak ere exijitu dituzte elkarteek, konkretuki Free Tour-en erregulatzea eta turismora bideratutako denden arautzea.

EH Bilduk, turismoaren afera bere osotasunean hartzeko neurriak proposatu zituen ere iraileko udaleko osoko bilkura eta Gobernuarekin akordatu zuen auzoetan turismo-plazen banaketa orekatzea eta tasa turistikoa sustatzea. Izan ere, etxebizitza turistikoez gain, Bilbon 34 apartamentu, 17 aterpetxe eta 99 hotel daude. Orotara 18.000 turismo-plaza inguru daude.

Koordinazioa eskatu du Lakuak

Lakuako Gobernuak «tokiko autonomiarekiko errespetu osoz» hartu du Bilboko Udalaren erabakia. Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak administrazio guztien baterako lanaren alde egin du ere, eta ziurtatu du EAE «etxeko lanak eginda» daudela eta «modu koordinatuan» lan egiten jarraituko dela.