ELAk auzitara eraman du Lakua aurrekontu proiektua «langileekin negoziatu gabe» onartu duelako
«100.000 langile publikoren lan baldintzak negoziatu gabe» onartu du Lakuak aurrekontu proiektua, ELAk gaitzetsi duenez. Sindikatuak Gobernuaren aurkako demanda jarri du, «askatasun sindikalaren eta negoziazio kolektiboaren oinarrizko eskubideak» urratu dituelakoan, «alde bakarrez inposatuz».
ELAk auzitara eraman du Lakuako Gobernua, EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salara, «askatasun sindikalerako eta negoziazio kolektiborako oinarrizko eskubideak» urratzeagatik. Izan ere, sindikatuak adierazi duenez, Gobernuak «alde bakarrez eta sindikatuekin negoziatu gabe» onartu du aurrekontu proiektua, hau da, «langileen lan baldintzak».
Hortaz, ELAk azpimarratu duenez, Lakuak ez du bete Askatasun Sindikalaren Lege Organikoan, Euskal Enplegu Publikoaren Legean eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan ezarritakoa. «Lege horiek guztiek Funtzio Publikoaren Mahai Orokorra deitzera behartzen dute lan baldintzak negoziatzeko aurrekontu proiektu bat onartu aurretik. Ez du, ordea, legea bete».
Mobilizazioak
ELAk «patronalik autoritarioena» bezala definitu du Gobernua, eta mobilizazioak izanen direla iragarri du. «Iraganean negoziatzeko aukera gutxi izan ziren, baina izan ziren horiek grebei eta mobilizazioei esker lortu ziren», baloratu du.
Adibidez, oroitu du EAJk PSOErekin adostu behar izan zuela lan baldintza desberdinak ezartzeko aukera, aurreko ikasturtean sektore publikoan hiru eguneko greba deialdia egin ondoren.
Sindikatuak erran duenez, mezu elektroniko bat jaso zuen astearte honetan. Bertan jakinarazi zitzaion Lakuak azaroaren amaierarako deitu nahi zuela Mahai Orokorra, ELAk auzitara eramateko asmoa iragarri ondoren. «Jaurlaritzaren ekimena aurrekontu proiektua onartu ondoren eta aldatzeko aukerarik ez dagoenean iritsi da, dagoeneko Eusko Legebiltzarraren esku
baitago proiektua», salatu du.
«Gainbehera geldiezinean»
Sindikatuak gogoratu du sektore publikoko langileen baldintzek «gainbehera geldiezina» izan dutela azken urteetan. 2010az geroztik, erosahalmenaren galera %17tik gorakoa izan da, eta 50.000 pertsona baino gehiago daude oraindik, ia langileen erdia, behin-behinekotasun egoeran; Osakidetzaren kasuan, erdia baino gehiago.
«Sektore publikoko zenbait eremutan profesionalak falta dira lan baldintzak okertu direlako», erantsi du.
Behin prozedura judiziala hasita, ELAk behin betiko demanda jarriko du. Bien bitartean, benetako negoziazioari ekiteko eskatu dio Lakuari. Era berean, Gobernua osatzen duten alderdiei eta EH Bilduri eskatu die «lan baldintzak negoziatzeko askatasuna adosteko eta euskal zerbitzu publikoak indartzeko, Madrilen ematen duten laguntza legegilea baldintzatzeko, batez ere aurrekontuen arloan».