Gure Eskuk «Euskal Herria irudikatuko» du larunbateko bideo katean
Larunbat honetan, azaroaren 16an, bideo katea egingo du Gure Eskuk. Hamabi orduko maratoiaren bidez «Euskal Herria irudikatu» nahi du, herri bat «bagarela» erakusteko. Hain zuzen ere, ‘Bagara’ da ekimenaren leloa, eta zuzenean zein online jarraitzeko aukera izango da, besteak beste, NAIZen.
‘Bagara’ ekimena egingo du Gure Eskuk larunbat honetan, online zein Bilbon, Gasteizen eta Iruñean egingo dituzten ekitaldiekin. Duela hilabete aurkeztu zuten ekimena eta iristear da eguna. Aipatutako hiriburuetan egitarauak antolatu dituzte, baina hamabi orduko emisioa zuzenean jarraitu ahal izango da bertaratu gabe ere, Gure Eskuren YouTube kanalean, NAIZen, Hamaika Telebistan, ‘Berria’-n eta PeerTube.eus plataforman.
Gure Eskuk jakitera eman du 200 bat bideo jaso dituztela eta azpimarratu nahi izan du ia denak direla ‘Bagara’ egitasmorako espreski grabatu eta editatutakoak. Ekimenak iraungo dituen 12 orduetatik 9 emango dizkiete bideoei. Horrez gain, ekitaldiak egingo dituzte Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Donostian ere antolatzeko asmoa bazuten ere, azkenean bertan behera utzi dute.
10.00etan ekingo diote emisioari eta bi orduz emango dituzte herritarrek helarazitako bideoak. 12.00etan ekitaldia egingo dute Bilboko Alondegian eta Herri Adierazpena irakurriko dute bertan. Ostean, berriz ere ekingo diote bideoen emisioari eta 13.00etan Gasteizko Auzolana frontoian ‘Gu Agustina’ dantza emanaldia izango dute. Ekitaldi hau ez da zuzenean emitituko, 14.00etan baizik, eta, gero, ostera bideoak egongo dira ikusgai.
Iruñeako ekitaldia 18.00etan hasi eta ordu eta erdiz luzatuko da. ‘Orreagatik Iragan Hurbilera’ izeneko antzerkia ikusteko aukera izango da bertan zein online emisioan. Bukatutakoan bideoak emango dituzte berriz, 22.00etan katea Gure Eskuren abesti ezagunarekin amaitzeko.
Izen-ematea
Antolakuntzako kideek gogorarazi dute komeni dela ekitaldietara gerturatu nahi dutenek izena ematea, gureesku.eus webgunean dago horretarako aukera, aforoa kontrolatu ahal izateko. Bertan daude eskuragarri hiriburuetako egitarauak ere. Besteak beste, Bilbon kalejira eta ‘Sagardo Lutx’-a antolatu dituzte, eta Gasteizen mahai-ingurua.