INFO

«Nazioarteko Zuzenbidea hitz hutsean geratzen denean gertatzen denaren lekuko da Palestina»

Palestinako auziari nazioarteko ikuspegitik heldu diete arlo juridikoko hainbat adituk, Gernika-Palestina Herri Ekimenak antolatutako jardunaldietan. Monique Chemilier-Gendreau eta Francesca Albanese legelariak Nazioarteko Zuzenbideaz aritu dira, bereziki, agertzen ari den eraginkortasunik ezaz.

Bi hizlariek bideokonferentzia bidez hartu dute parte jardunaldian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Gernika-Palestina Herri Ekimenak antolatuta, Nazioarteko Jardunaldi Juridikoak egin dituzte gaur Bilboko Bizkaia Aretoan. Francesca Albanese eta Monique Chemillier-Gendreau izan dira lehen saioko hizlariak; Albanese italiar abokatua eta Nazio Batuen Erakundeko Palestinari buruzko kontalari berezia da eta Chemilier-Gendreau frantziar legelaria eta The European Association of Lawyers for Democracy and Human Rightseko ohorezko presidentea. Biek ala biek ‘Nazioarteko Zuzenbidea eta Palestinaren aldeko borroka’ saioan hartu dute parte bideokonferentzia bidez eta bi kontzeptuen inguruan hausnartu dute.

Chemilier-Gendreauk hartu du hitza lehendabizi eta Nazioarteko Zuzenbidearen eraginkortasunaz eta gabeziez aritu da. Zehazki, Nazioarteko Zuzenbidearen gaur egungo eragiteko gaitasunik eza azpimarratu du. Halaber, legelariei zuzendutako mezua ere bota du, adierazi baitu haiei dagokiela gabezia hau aztertu, zergatiak aurkitu eta hari aurre egiteko pausoak zehaztea.

Era berean, azaldu du Nazioarteko Zuzenbidea Israeli dagokionean agertzen ari den eragiteko gaitasun falta ez dela auzi isolatua, baizik eta araudia bere horretan pairatzen ari den krisiaren testuinguruan ulertu beharreko afera. Horrez gain, legelariak gogoratu du Nazioen Zuzenbidearen xedea, berez, Estatuak elkar errespetatzera derrigortzen dituen neurrian, dominazioaren aurka egitea bada ere, mendebaldeko estatuek guztiz kontrakoa egiteko darabiltela, hots, dominazioa ahalbidetzeko.

Jarraian, Albanesek hartu du hitza eta bere egin ditu Chemilier-Gendreauk azaldutakoak. Horrela, adierazi du Israel burutzen ari den genozidioa Nazioarteko Zuzenbidearen hutsuneen ondorioen adibide paregabea dela: «Nazioarteko Zuzenbidea hitz hutsean geratzen denean gertatzen denaren lekuko da Palestina».

Izan ere, gatazkak ekiditea helburu duen araudia da, abokatuak azpimarratu duenez, baita Giza Eskubideak babesteko tresna ere. Horren inguruan, nabarmendu nahi izan du Giza Eskubideak «norbanakoon garaipenak arautzearen ondorioa» direla, hots, jendarteak kolektiboki zein indibidualki egindako «minez betetako» bideen emaitza. Azalpenarekin argi utzi nahi izan du eskubideak ez direla hausaz aitortuak izaten, borrokatuta baizik.

Halaber, Palestina pairatzen ari den okupazioaren mundu mailako ondoriez mintzatu da. Horrela, baieztatu du bertan gertatzen ari denean eragiteko gaitasunik agertu ezean Nazioarteko Zuzenbidea bera oso-osorik eroriko dela. Horrek, azaldu du, arriskuan jarriko gintuzke orain gure burua erabat babestuta ikusten dugun mendebaldeko norbanakoak ere, Albaneseren hitzetan.

Proiektu koloniala

Abokatuak azpimarratu du Israel badela juduen zapalkuntzari erantzuteko sortutako Estatua, baina ez hori bakarrik, «proiektu koloniala ere bada mendebaldeko herrialdeentzat». Orain Israelek okupatutako lurretako indigenak musulmanak, juduak eta kristauak direla adierazi du, gaur egun jatorrizko biztanleak kanporatu badituzte ere.

Adibide gisa jarri ditu Estatu Batuak, Kanada eta Zeelanda Berria, hiru estatuak garbiketa etnikoen gainean eraiki baitituzte, jatorrizko biztanleak ia guztiz ezabatzea lortzeraino: «Ez badugu nahi Palestina Estatu Batuak edo Kanada bilakatzea, palestinarrak babestu behar ditugu».

Horrez gain, azaldu du indigenentzat lurra ez dela bizitokia soilik, baizik eta identitatea bera: «Ez da non bizi diren, nor diren baizik». Horrela, uste du ezinezkoa dela Palestinaren azken hamarkadetako historiari buruz hitz egitea garbiketa etnikoaz aritu gabe.

Nazioarteko Zuzenbideak kontzeptu gisa handitasuna iradokitzen baditu ere, Albanesek tokian tokiko eragiteko gaitasunean jarri du arreta. Horrela, adierazi du ezin zaiola Nazio Batuen Erakudeari errurik bota Nazioarteko Legea errespetatzen ez duen Estatu batean bizi eta haren gobernuari konturik eskatzen ez bazaio. Aitortu du NBEak ardura izan badaukala, baina baita hura osatzen duten Estatuek ere, espainiar Estatua adibide gisa jarrita.