INFO

Hirugarren posturako lehia irabazi arren, Elordik onartu du «bosgarren» egin duela

Aitor Elordik irabazi du igande honetan Zumarragan jokatu den Lau eta Erdiko hirugarren posturako lehia, 9-22 markagailuarekin Erik Jaka menderatuta. Oldarkor aritu da bizkaitarra eta hasieran, gipuzkorrak erritmoari eutsi dion arren, partidaren bigarren erdi dema apurtu du Elordik.

Aitor Elordi partida serioa jokatu du, hirugarren postua eskuratzeko. (Iñigo URIZ | FOKU)

Tramiteak pasa behar diren moduan bete du Aitor Elordik Zumarraga egokitu zitzaion papera: sendo eta segituan, gehiegi luzatu gabe. Lau eta Erdiko txapelketako hirugarren postua irabazi du mallabiarrak, Beloki pilotalekuan jokatu den deman 9-22 markagailuarekin Erik Jaka mendean hartuta. Orduerdi pasa iraun du partidak (34 minutu) eta ez da iritsi 200 pilotakadara (146 orotara).

Hanka freskoekin ikusi zaio Aspeko aurrelariari, nahiz eta azken orduan jantzi behar izan dituen praka txuriak. Ezustekoa eman zen goizean, Jokin Altuna min hartuta zegoela iragarri zuenean Aspe enpresak. Txapelketako araudiari jarraiki, Lau eta Erdiko ligaxkako hirugarren pilotari onenari zegokion partida jokatzea eta hori, Aitor Elordi zen. B multzoan hirugarren bukatu zuen, Peio Etxeberria eta Lasoren atzetik –bi finalisten atzetik, alegia–, partida bakarra irabazita, Jon Ander Peñari (22-21). A multzoan Iraitz Zubizarretak egin zuen hirugarren, honek ere partida bat irabazita, baina egindako eta jasotako tantoen arteko diferentzia hobea zuen aurrelari bizkaitarrak (42 egindako eta 65 jasotako).

Elordirentzat goizeko albistea ezustea izan bazen, Erik Jaka benetan sorpresan hartu zuena mallabiarraren jarrera oldarkorra izan da, tantoak hasi eta bukatzeko definizioa eta hanka onak. Lizartzakoari kosta egin zaio erantzutea eta lehen txanpan indarrak apur bat berdintzea lortu badu ere (9-14), partidaren bigarren erdiak ez du kolorerik izan.

Elordik, «erritmoa»

«Pilotaleku honetan erritmoa jartzen zuen pilotariak irabazteko asko zeukala banekien; frontisean asko ateratzen da eta defendatzeko zaila izaten da. Nik jarri dut erritmoa eta, egia esan, gustora nago osatutako partidarekin», esan du Elordik, behin partida –edo tramitea– pasata.

Zorigaiztokoa izaten da hirugarren egitearen saria –finalistetako batek mina hartuz gero ordezkatzea–, inork ez baitu egoera horretara iritsi nahi. Ezta Elordik ere. Are gutxiago egoera honetan, berak bere burua «bosgarren» postuan ikusten baitu. «Gaurko papera ahalik eta ondoen egiteko intentzioz kantxaratu naiz. Lortu dut nire aurretik egin duen pilotari bati irabaztea –Jaka finalerdietara sailkatu baitzen– baina txapelketa honetan nire benetako postua bosgarrena izan da».

Modu berean, ez du aipatu ere egin nahi izan finalisten balizko lesiorik, «bi finalistek ondo merezita baitaukate finala». Hain justu, final laurdenetako ligaxkan aurrean izan zituen biak mallabiarrak eta bien aurka galdu zuen. Beraz, Elordik irudikatzen duen hurrengo partida, finalaren aurrekoa da. Telonero izango da Zabaletarekin batera. «Finalaren aurreko partida jokatzea polita da, orain arte ez dut aukera asko eduki. Zabaletarekin jokatuko du gainera, beti oroitzapen politak ekartzen dizkit horrek eta ea bete-beteko partida egiten dugun».

Jaka, «korapilatuta»

Igande honetan bete-beteko partida egin du, 18 egindakorekin partida osoa burututa. Sakez sei egin ditu eta galdu dituen biak ere sakez izan dira. Erik Jaka nahi eta ezinean aritu da, defentsan ezin asmatuta eta erasoan ere fintasun gabe. 4-8ra hurbildu da lizartzarra baina ohartu orduko, beste sei tanto egin dizkio Elordik eta lehen atsedenaldi luzea tarteko, Jakak soilik bakarra egin ahal izan du, mallabiarra, azkar eta serio, 22ra nola iristen zen ikusi duen bitartean.

«Finalerdietan dinamika okertu zitzaidan eta gaurkoa [atzokoa] horren segida izan da. Korapilo batekin bezala aritu naiz, askatu ezinda», onartu du Erik Jakak, aho bizarrik gabe. Finalerdietan Peio Etxeberriaren aurka eramandako kolpea eta atzokoa «lehenbailehen» ahaztu behar dituela azpimarratu du. 

Lau eta Erdiko txapelketa bukatzean, Binakakoaren txanda izango da eta Zumarragako bi protagonistek ez daukate leku bat ziurtatuta. Gogoz jasoko lukete bertan lehiatzeko dei bat. «Modalitatez aldatzea ona litzake baina ez dago nire esku», adierazi du Jakak. Merezimenduak egin ditut hor egoteko, ilusio handia egingo zidan», esan du Elordik.

FITXA TEKNIKOA:

ERIK JAKA: 9

ELORDI: 22

Iraupena: 34:51 minutu. Pilotakadak: 146 pilotakada. Sakeak: 1 Jakak eta 6 Elordik. Falta sakean: 0 Jakak eta 2 Elordik. Egindako tantoak: 7 Jakak eta 18 Elordik. Galdutako tantoak: 4 Jakak eta 2 Elordik. Markagailua: 0-1, 0-2, 1-2, 3-7, 4-8, 4-9, 4-13, 8-14, 9-14, 9-15, 9-16, 9-22-. Gorabeherak: Lau eta Erdiko hirugarren posturako lehia, Zumarragan jokatua. Sakea, urdin. Aitor Elordik, azken orduan, ordezkatu zuen Jokin Altuna, eskuin ukalondoan mina zuela-eta, uko egin baitzion partida jokatzeari.