Kiroltasuna?
Realaren eta Athleticen arteko euskal derbia inoiz baino parekatuagoa zegoen arren, Irene Ogiza kapitain zuri-gorriaren kaleratzeak erabat hautsi zuen berdintasun hori. Noski, zalantzarik izan gabe, epaileak adierazitako txartel gorria bidezkoa izan zela. Beste kontu bat da ea Ogizak nahigabe edo inertziaz heldu ote zion ilean Jacintori —Durangoko erdilaria ezagututa, jokalari leial eta zintzoa, ez dut uste nahita heldu zionik—, baina hori halako jokaldietan ez denez epaitzen, gutxirako balio du eztabaidak. Arautegia eskuan, kaleratzea bidezkoa izan zen.
Jokaldi hori erabakigarria izan arren, Reala nahieran aritu zen hasiera-hasieratik. Txuri-urdinak izan ziren baloiaren jabe. Realeko erdiko jokalariak jarraitu ezinik aritu ziren Irene Ogiza, Maite Zubieta eta Clara Pinedo. Nagusitan horri gehitzen badiozu Realak egin zuen lehen jaurtiketa sareetara joan zela, ezer gehiago eska zezaketen Sanchez Veraren jokalariek.
Lavogez frantziarraren jaurtiketa area ertzetik baino zertxobait urrunago behin eta berriz ikusteko modua da. Baita Andrea Jacintoren pasea ere. Manu Vanegasek ondo ikusi zuen zelai erdian portugaldarra, zeina Maite Zubietaren atzean kokatu zen, ondoren lehen ukituan frantziarra aurpegiz eta ateari begira zegoela aprobetxatuz, hari pasatzeko. Zaila dena, badirudi portugaldarrak erraz egiten duela. Lavogezek jaurtitutako baloia langatik oso gertu joan zen eta Nanclaresek ezin izan zuen ezer egin.
Eguneko goleatzaileak beste lau aukera garbi izan zituen Nanclaresen atea berriz ere zulatzeko, baina ez zen fin ibili ate aurrean. Halakoxea baita futbola: zailena barrura, eta errazenak kanpora.
Jada jokalari bat gutxiagorekin, zuri-gorriek nahikoa egin zuten amaierara arte bizirik mantentzen. Baita gertu egon ere. Daniela Agote harrobiko jokalariak debuta egin zuen lehen taldearekin eta, bere erdiraketa baten bitartez, azken minutuetan Athleticek aukera paregabea izan zuen partida berdintzeko. Ezker hegaletik Emma Ramirez Realeko eskuin alboko atzelaria atzean utzi zuen. Ederki erdiratu zuen baloia. Hantxe zegoen Sara Ortega atzoko zuri-gorri onena, Nanclaresekin batera, baina Vanegas ere hortxe zegoen, beste behin. Kolonbiarrak errioxarraren errematea oztopatu zuen.
Hiru puntuak Anoetan geratu ziren, baina Realak suarekin jokatu zuen, eta ia erre egin zen. Lehen zati oso ona egin ostean, bigarrenean nahiko geldo aritu ziren txuri-urdinak. Athletic, berriz, esku hutsik itzuli bazen ere, bat gutxiagorekin ondo aritu zen, azken unera arte partida berdintzeko aukerekin. Datorren igandean Realak Zubietan jokatuko du Real Madril hirugarren sailkatuaren aurka; hiru puntura du sailkapenean. Athleticek, berriz, Madriden aurka Lezaman, larunbatean.
Nahikariri txistuak
Bada datu bat nahiko esanguratsua dena: atzoko deialdian zeuden jokalarietako asko Añorgan, Tolosan eta Bizkerren hezitakoak direla. Amaiur, Ceci, Sarriegi, Claudia Fernandez, Marta Sanadri, eta Nahikari Añorgakoak, Apari, Nerea, Izarne eta Laida Balerdi Tolosakoak, eta Pinedo, Nevado, Maddi Torre eta Agote —azken honen kasuan, Athleticek 12 urterekin fitxatu zuen— Bizkerrekoak. Guztira hamalau. Klub xumeetan egindako lan onaren saria da.
Amaitzeko, futbolaz haragoko beste kontu bat. David Aznarrek Nahikari aldatu zuenean, txistu eta txalo artean utzi zuen zelaia urnietarrak. Noski, jakin badakigu bakarren batzuen txistuak askoren txaloak baino ozenago entzuten direla. Hala ere, hausnarketa bat. Nahikari klub txuri-urdinaren ikur eta kapitain izan da. Berak sartu zuen 2019ko Granadako final hartan garaipenaren gola. Ume bat zela, 16 urterekin fitxatu zuen Realak. Klubari asko eman dion jokalari bat dela, alegia. Inork hori merezi ez badu, urnietarra da.
Baina, merezi ala ez, ezeren gainetik, txistuak futbol estadioetatik kanpo utzi beharko genituzke. Ez dago zalantzarik emakumezkoen futbola hazten ari dela, eta gero eta diru gehiago inbertitzen dela. Baina ez ditzagun ahaztu oinarrizko balioak, gizonezkoen futboletik aldentzen gaituztenak. Kiroltasuna da bat. Jokalariek zelaian erakutsi zutena.