Marrazo zurien erasoei aurre egiteko ikerketak eta laguntza elkarteak
Marrazo zurien erasoak ekiditeko egiten diren ikerketek ez dute etenik eta datu berriak argitaratu dituzte ikerlariek. Bitartean, marrazoen erasoek ere ez dute etenik eta erasoren bat jasan dutenek elkarri laguntzeko taldea sortu dute sarean.
Euskal Herrian ez da marrazo arriskutsurik, baina munduko leku gehienetan horien presentzia esanguratsua dago. Eraso bat jasateko aukerak oso murritzak izan arren, surflariak dira eraso gehien izaten dituztenak, eta, bestetik, eraso gehien egiten dituzten marrazoak marrazo zuriak dira. Horregatik aztertzen dute horien izaera Australia eta Hegoafrikako unibertsitateetan.
Sydneyko Macquarie unibertsitateko Laura Ryan doktoreak berriki argitaratu duen artikulu batean aditzera eman duenez, objektu batek azpialdea argiztatua badu, marrazo zuri baten erasoa jasateko aukerak urriagoak dira. Bestalde, marrazo baten edo beste edozein animaliaren erasoa jasan dutenek beren esperientziak partekatzeko eta elkar laguntzeko elkarte bat sortu dute sarean. Bite Club izeneko plataformak mundu osoko pertsonak batzen ditu.
Taula argidunak
Australian eta Hegoafrikan egin diren zenbait ikerketaren arabera, marrazoak daltonikoak dira edo koloreak hautemateko gaitasun mugatua dute. Gizakiok baino zehaztasun txikiagoarekin ikusten dituzte gauzak. Horrela, behetik gora begiratuta, eguzkiaren argiaren kontra ikusten dituzten silueten artean, ulertzekoa da surflariak fokekin nahastea. Horregatik, hain zuzen, itsas txakurren antza izan dezaketen siluetak desitxuratuz gero marrazoek zer egiten duten aztertzen ari dira aipatu herrialdeetan.
Hegoafrikan, Mossel Bayko uretan egin zituzten esperimentuak oso adierazgarriak izan ziren. Zenbait orduz gezurrezko fokak ontziaren atzealdean garraiatu zituzten eta haietako batzuen azpialdean argiak jarri zituzten. Marrazoek argirik gabeko fokei egiten zieten eraso.
Antzeko ikerketak egin dituzte Australian. Laura Ryan ikerlariak irudiak horizontalki argiztatzen badira antzeko efektua lortzen dela gaineratu zuen; izan ere, «izpi horizontalen ondorioz siluetak zabalagoa dirudi eta ez du foka baten antzik». Gainera, zalantzan dabilenean marrazoak erasotzeko abiadura moteltzen omen du.
‘Current Biology’ aldizkarian argitaratutako ikerketaren arabera, garrantzitsua izango litzateke frogatzea ea argiztapena eraginkorra den beste espezie batzuk ere uxatzeko, zezen-marrazoak eta tigre-marrazoak barne, harrapari portaera desberdinak baitituzte.
Bitartean, Ryanen ekipoa argiztapena duen surf taularen prototipo bat probatzen ari da. Azpialdean argia izango duen surf taula eraginkor bat egitea zaila izango dela aitortzen du Ryanek, baina bere helburua «surflari gisa, erabiltzeko modukoa izatea da».
Ur jantzi bereziak
Egin diren beste ikerketa batzuetan surflarien ur jantziak ikertu dituzte. Batzuek material zurruna erabili dute zauriak arintzeko eta besteek kamuflajea erabili dute marrazoen begietara ikusezin bilakatzeko, baina orain arte egin diren saiakerek ez dute arrakasta handirik izan.
Australiako Flinders unibertsitateko ikertzaile talde batek marrazoen erasoei aurre egiteko ur jantzi bat egin zuen. Helburua marrazo eraso bat jasan zezakeen urpekari, igerilari eta surflarien bizia salbatzea zen. Ikertzaileek Kevlar materialaren antzekoa erabili zuten. Ezaugarri nagusia bere zurruntasuna da. Gutxieneko elastikotasuna badu, baina oso material gogorra da.
Armadura moduko ur jantziaren diseinua odol galera handiak ekiditeko diseinatu zuten. Flinders unibertsitateko irakasle Charlie Huveneers-en esanetan, «marrazo erasoen ondorioz hiltzen diren gehienak odol gehiegi galdu dutelako edo odol-isuriak eragindako shock egoeraren ondorioz hiltzen dira».
Ur jantzi bereziak ez zuen arrakastarik izan, zeren marrazo zuri baten hozkadari aurre egiteko materialak zinez gogorra izan behar du, eta, gainera, aldi berean ezin du pisu handiegia izan ur jantziak, ur kiroletan arintasunak garrantzia duelako.
Australia Mendebaldeko Unibertsitateko zientzialariak ere enpresa batekin elkarlanean aritu ziren marrazoen erasoak gutxitu zitzakeen sistema bat aurkitzeko. Haien esanetan, marra beltz eta zuriz margotutako ur jantzia kosta egiten zaio marrazoari argi bereiztea eta, gainera, egiaz jatekoa ez den zerbait dela uste omen du.
Formula hau tigre-marrazoekin erabili zuten eta proba asko egin zituzten subjektu desberdinekin. Bi modelo atera zituzten, bata marra zuri-beltzekin, zebraren koloreak imitatuz. Beste modeloan, marra urdin argiak eta urdin ilunak elkar gurutzatzen ziren, kamuflajeko arropetan bezala.
Ur jantzi hauek merkaturatzeak oihartzun handia izan bazuen ere, salmentek ez zuten arrakasta handirik izan. Jendeak ez zien sinesgarritasun handirik eman, eta, gainera, ikerketa hauen emaitzak ez datoz bat argitaratu diren argien inguruko azken teoriekin.
Bite club
Marrazoen erasoak jasan dituzten pertsonentzat sortutako sarea da Bite Club. David Pearsonek sortu zuen. Bertan, «pertsonek beren trauma partekatzen dute, elkar laguntzen dute sendatzen, eta beren bizitzak berreraikitzen ikasten dute». Hasiera batean marrazoen erasoetan oinarritzen bazen ere, pixkanaka zabaldu egin da eta mota guztietako animalien erasoen biktima izan diren pertsonentzako zentro bihurtu da.
Pearsonek hiru metroko zezen-marrazo baten erasoa jasan zuen 2011n Crowdy Headen (Australia) surf egiten ari zela. Marrazoaren hozkadak ia besoa moztu zion, eta errekuperazio fisikoa esperientzia izugarriaren zati bat baino ez zen izan, ondorio psikologikoak ere zailak izan baitziren. Pearson ohartu zen, nahiz eta saiatu, horrelako erasorik jasan ez zuten pertsonek ezin zutela ulertu bere traumaren sakontasuna eta antzeko esperientzia izan zutenekin harremanetan jartzeko foroa sortzea otu zitzaion.
Bite Club Interneteko foro txiki bat bezala hasi zen. Marrazoen erasoetatik bizirik atera zirenek libreki hitz egin zezaketen antzeko esperientziak izan zituztenekin, euren beldur eta pentsamenduei buruz. Denborarekin, taldea zabaldu egin zen beste hainbat animaliaren erasotik bizirik atera zirenak sartzeko –lehoienak, krokodiloenak, hipopotamoenak, hartzenak...–. Gaur egun, 500 kide baino gehiago ditu elkarteak mundu osoan.