INFO

Joseba Borde Ugaoko presoak askatasuna berreskuratu du 22 urteko zigor osoa bete ondoren

Joseba Borde Gaztelumendi Ugaoko preso politikoak askatasuna berreskuratu du ostegun honetan, zigorra osorik beteta, 22 urteko espetxealdiaren ondoren. 2024ko urritik hirugarren graduan zegoen, azken urteetan neurri hau hiru aldiz atzera bota ostean.

Joseba Borderen askatasuna Ugaon egindako mobilizazio bat. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Aske geratu da ostegun honetan Joseba Borde Gaztelumendi preso politiko ugaotarra. 22 urte eman ditu espetxean eta zigorra bere osotasunean beteta, etxera itzuli da.

2023 eta 2024 artean Lakuak hirugarren gradua hiru aldiz ezarri eta fiskalaren helegitearen ondorioz atzera bota zioten. 2024ko urritik 3.graduan zegoen. Bordek 65 urte ditu eta 2002tik zeraman espetxean.

Hirugarren gradua lehen aldiz onartu ziotenean, espainiar Gobernuaren mendeko Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak onartu zuenez, aberriratzea ekarri zuten lekualdaketetako batzuk zirela eta, zigorraren hiru laurdenak beteta zituen 2019ko azarotik. Ondorioz, azken hilabeteetan ez zuen hirugarren graduan egon behar, baldintzapeko askatasunean baizik, beste dozenaka presoren antzera.

Hala ere, hirugarren gradu hori ere hainbatetan bota zioten atzera, Fiskaltzak beste hainbeste helegite jarri ostean. Iazko ekainean bi astez egon zen hirugarren graduan. Bere herrian hainbat mobilizazio izan ziren. Hala ere azaroan berriz ere hirugarren gradua eman eta kendu egin zioten.

Espetxean zegoela, gainera, koloneko minbizia pairatu zuen eta larriki gaixo dauden presoen zerrendan zegoen Borde.