INFO

Foronda itsasoz haraindiko hegaldietako «erreferentziazko aireportua» izan dadila eskatuko dute

EH Bilduren eskariz, Arabako Batzar Nagusiek onartu dute Foronda itsasoz haraindiko hegaldietarako «erreferentziazko aireportu» bilaka dadila eskatuko dutela. Testuak EAJk eta PSEren adostasuna jaso du.

Forondako terminalaren erreformaren aurkezpena, 2020ean. (Raul BOGAJO | FOKU)

Arabako Batzar Nagusiek azaroko ezohiko osoko bilkura egin dute igande hoenetan, eta bertan mozio bat onartu dute Forondako aireportua hegaldi transozeanikoetan eta merkantzietakoetan erreferente izan dadin eskatzeko. Testua EH Bilduk, EAJk eta PSEk adostu dute.

Mozioa EH Bilduk aurkeztutako testu batean oinarritzen da. Bertan, Gernikako Estatutuan jasotzen den bezala, aireportuen arloko eskumenak eskualdatzeko negoziazioak hasteko eskatzeaz gain, erakunde eskudunei eskatzen zaie euskal aireportu-azpiegituren jarduerak planifikatu eta koordinatzeko, «aireportu bat, hiru terminal» printzipioaren pean, «lankidetza eta sinergiak hobetzeko, bikoiztasunak saihesteko eta instalazio guztien potentziala ahalik eta gehien aprobetxatzeko», EH Bildutik adierazi dutenez.

Onartutako testuan, Arabako Batzar Nagusiek eskatu dute Foronda beharrezko baliabideez hornitzea beste aireportu batzuetatik desbideratutako hegaldiak hartzeko, bereziki eguraldi txarragatik desbideratutakoetan, salbuespenezko egoeretan azpiegituraren eraginkortasuna areagotzeko eta bidaiariei eragozpenak eta atzerapenak saihesteko.

Azpiegitura eraginkorrak

Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduren Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak adierazi duenez, «EH Bilduk ekimen hau aurkeztu du uste duelako eztabaida honek tokikoa gainditzen duela, eta gure subiranotasunaren esparruan kokatzen dela, herri gisa gure azpiegiturak modu eraginkorrean, planifikatuan eta herritar guztien mesedetan kudeatzeko gaitasunean».

Arlo honetako eskumenen transferentzia defendatu du bozeramaileak: «Nola justifika daiteke Estatuak gure garapenerako funtsezkoak diren azpiegiturak urrutitik kudeatzea, tokiko eragileak eta euskal erakundeak, lurraldea zuzenean ezagututa, bazterrean dauden bitartean?».

Lopez de Arroyabek gogora ekarri du EH Bilduyk «herri ikuspegia eta subiranotasuna» defendatzen ditela, «eta Foronda eta beste aireportu batzuk antolatzeko ordua iritsi dela uste dugu. Antolatzeko eta, batez ere, elkarrekin lan egiteko», iritzi du.