INFO

Orbaizetan ere Mikel Zabalzaren kasua argitu arte ez dela etenik egongo ziurtatu dute

Mikel Zabalza Gogoan herri ekimeneko kideek deituta, ekitaldia egin dute larunbat honetan Orbaizetan. Azken urteko aurrerapausoak baloratu eta 2025erako, orbaizetarraren heriotzaren 40. urteurrenari begira, urte osoko programazioa prestatzen ari direla iragarri dute.

Mikel Zabalza Gogoan herri ekimeneko kideek deituta, ekitaldia egin dute larunbat honetan Orbaizetan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Mikel Zabalzaren heriotzaren 39. urteurrenean ere aski gogoan izaten ari da Estatu indarkeriaren eraginez hildako orbaizetarraren afera. Larunbatean Altzan bezala, igandearekin bere jaioterrian egin zaio aitortza, haren etxe atarian, eta, Zabalzarekin batera, Angel Berrueta ere izan dute gogoan Mikel Zabalza Gogoan herri ekimeneko kideek ekitaldi amaierako hitzartzean.

Iruñeko okinaren sendiari «urtero legez bidelagun izaten jarraitzeagatik» eskerrak eman dizkiete eta Nafarroako Gobernuak Zabalza eta Berrueta, biak Estatu indarkeriaren biktima gisa aitortu izana aurrerapausotzat hartu dute. «Hemendik esan dezakeguna da bazela garaia eta bere senide eta lagunengatik izugarri pozten garela. Milesker Mikelen familiari ere, emandako adierazpenengatik eta 39 uete hauetan egia, justizia eta erreparazioaren bidean jarraitzeagatik», esan dute, eta bide horretan jarraitzeko hautua berresten dutela nabarmendu dute: «Ez zarete bakarrik egongo!».

Hamarkada ezberdinetan tortura pairatu duten beste hainbat herritarrek ere Nafarroako Gobernuaren errekonozimendua jaso dutela aipatu eta haiei ere «gure besarkada estuena» helarazi nahi izan diete, eta «baita orohar Estatu estoldetako indarkeria horren biktima eta senideei», jarri dute azpimarra.

Azken urteko errekonozimendu hauek «aurrerapauso nabarmen» gisa baloratu dituzte. Idoia Zabalza arrebaren hitzetan, «Mikel biktima deklaratzea eta erreparatzea aurrerapauso garrantzitsua da, inoiz imajinatuko ez genukeena», aitortu du, baina ekimeneko kideak txanponearen beste aldeari begira ere jarri dira. «Aurten ere ikusi ahal izan ditugu kasuan parte-hartu zutenen kargu-igoerak edota Mikelen kasuaren dokumentazioaren desklasifikazio eskaeren aurrean emandako erantzunak. Bolaños ministroa izan zen erantzun horietako bat eman zuena, zeinetan adierazi zuen Mikelen kasuaren dokumentuek Estatuaren segurtasun nazionalean eragina izanen zuela. Egia esatearren ez gintuen harritu, baina bai haserretu. Mikelen kasuak segurtasun nazionalari zergatik egiten dio kalte? Zer dauka berezia?» galdegin dute, eta euren irakurketa ere plazaratu dute: «Mikelen kasua eta horien antzera urte guztietan hauetan zehar gertatutakoak ez diote segurtasunari kalte egiten, akaso bai euren errelatoari».

Errekonozimendu integrala

Alde horretatik, «tortura existitu» dela aldarrikatu eta Zabalza bera «torturapean erail» zutela berretsi dute, eta euskal gobernuen errekonozimentuak Madrilen «oztopo» gisa ikusten dituztenei ere zuzendu zaizkie: «Errekonozimendu horiek ekintzekin lagundu behar dira, bestela hauek paper bustian geratzen dira, tramite soil batean». Aitortzak «integrala» izan behar duela nabarmendu dute eta «agiaren alde lerrokatu» daitezela eskatu diete.

Era beran, euskal gobernuen errekonozimenduak aurrerapauso bezala ikusten badituzte ere egiteke bide luzea dagoela ekarri dute gogora, eta, Mikel Zabalzaren kasuan, «justizia gose» direla aitortu dute. «Egia eta justizia eduki arte ez dugu etsiko», ziurtatu dute.

Azkenik, datorren urtean Zabalzaren heriotzatik 40 urte beteko direla eta urteurren berezi hori aurrerapauso gehiago emateko baliatu nahi dutela aurreratu dute, «Orbaizeta eta Altza lotuz, Mikelek egin zuen bezala». Biak batuta urte osoko programazioa osatzeko asmoa dutela iragarri dute eta ekimenetara batzeko deia egin diete herritarrei, «guztion artean lortuko baitugu estoldetan gorde nahi duten horri argia ematea». Hala, datozen hilabeteetan deituko dituzten bilkuretara batzeko deia luzatu dute.

Maite Loperenaren musikaz lagunduta harilkatu dituzte parte hartzaileen hitzak. Urtero bezala aurreskua dantzatu dute Mikel Zabalzaren oroimen harriaren aurrean, eta lore eskaintza egin dute Orbaizetako Udalak eta herri ekimenak.