Eusko Label Winter Seriesetako final-erdietarako txartela lortu dute Urreistik eta Sorozabalek
Set bat irabaztea nahikoa zuten gipuzkoarrak eta lapurtarrak, baina Laduche eta Manciren aurka garaipen estu askoa lortu zuten Gernikan: 10-15, 15-11 eta 5-3. Ondorioz, A multzoko aurreneko postua bermatu dute, eta orain Danian hiru hilabeteko denboraldi laburrari ekingo diete.
Eñaut Urreistik eta Gorka Sorozabalek Eusko Label Winter Seriesetan sendo darraite. Laduche eta Manciren aurka set bat irabaztea nahikoa zuten final-erdietan lekua egiteko, baina partida bera eraman zuten, aurreneko seta 10-15 galdu arren. Ez kosta gabe, baina hurrengo biak 15-11 eta 5-3 eraman dituzte gipuzkoarrak eta lapurtarrak eta Floridan, Daniako frontoian egin beharreko denboraldi laburra egitera etxeko lana ondo beteta joaterik izan dute.
Laduche eta Manci askoz biziago kantxaratu ziren eta 0-5 aurreratu zirelarik, lehenengo seta beti kontrolpean izan zuten: 2-7 edo 6-10. Urreisti eta Sorozabal 9-10 hurbildu ziren, baina, Laduchek eta Mancik ez zieten gehiagorako aukeratik eman: 10-15 eta akabo aurreneko seta.
Bigarrena arras ezberdina izan da; 4-1 Urreisti eta Sorozabal aurretik. Aurkariak gainera etorri zitzaizkien, 6-5 edo 7-6, kasu, baina ez ziren markagailua berdintzeko gauza izan eta, bada, dema kitarakoan erabaki behar tartean tanto polemikoren bat izanda, non bideo arbitrajeak ere zeresanik izan zuen. Seta 15-11 amaitu zelarik, Urreistik eta Sorozabalek Eusko Label Winter Series hauetako final-erdietan lekua bermaturik zuten, karasnbola handiren bat gertatu ezean.
Kitarakoa hasteaz bat, Sorozabalen tanto bikaina zabalean; alabaina, Laduche eta Mancik aurrea hartu zuten 1-2. Urreistik, sake errestoan, bina berdindu zuen lehia ezin estuagoa eta Laduchek bere hurrengo errematea bete-betean txapara.
Polemikarako beste tartetxo bat jazo zen orduan: Sorozabal errebotean sartzera zihoala, Laduchek tantoa errepikatu behar zelako ustean geratzea erabaki zuen, baina epaileek ez zuten halakorik adierazi. Ondorioz, 4-2 aurretik Urreisti eta Sorozabal. Mancik emozioa eman zion partidaren azken txanpari, bi hormakoarekin 4-3 estutu baitzuen markagailua, baina aurreneko aukera aurkitzeaz bat, Urreistik zabalean moztuta zigilatu zuen garaipena.
Hurrengo neurketak
A multzo honetan aurreneko postua erabakita geratu bada ere, bigarrena erabaki behar da orain. Zentzu horretan, Laduche-Manci, Goitia-Del Rio eta Barandika-Lopez hiru bikoteek oraindik aukerak dituzte bigarren postu hori berreskuratzeko. Nolanahi, beraien arteko partidek erabakiko dute bigarren leku hau, Urreistik eta Sorozabalek hiru hilabeteko denboraldi laburra Danian egiten duten bitartean.
Eusko Label Winter Seriesetako hurrengo hitzordua, hala ere, datorren astelehenean izango da: Johan-Lekerika batetik eta Urrutia-Basque, bestetik. B multzo honetan Erkiagak eta Ibarluzeak dute aurreneko postua 8 punturekin; Urrutia eta Basque doaz bigarren, lau punturekin eta berdin Johan eta Lekerika zein Olharan eta Zabala punturik gabe daude. Hala, Urrutia eta Basquek irabaziko balute, final-erdietara sailkatzeko urrats galanta emango lukete eta, esan gabe doa, Johan eta Lekerikak puntuak behar dituzte aukerarik gabe ez geratzeko.