INFO

Ferreirak karguan jarraitzea edo Bengoetxeari bidea ematea, EHUren gaurko hautua

EHUko errektore karguan Eva Ferreira mantenduko den edo Joxerramon Bengoetxeari lekukoa emango dion etapa berria hasiko den. Hori erabakiko dute gaur EHUko kideek hautetsontzietan. 2008. urteaz geroztik ez dira orain arte bi hautagai izan EHUko errektoretzarako hauteskundeetako lehian.

Irrifartsu eman dute boza bi hautagaiek, Bengoetxeak Donostian eta Ferreirak Leioan. (Jaizki Fontaneda | Foku)

EHUko kideek errektore berria nor izango den erabakiko dute gaur. Alde batetik, Eva Ferreirak karguari eutsi nahi dio. Bestetik, Joxerramon Bengoetxeak hautagaitza alternatiboa aurkeztu du. Bataren ala bestearen alde bozkatu beharko dute 50.000 kide inguruk gaur. Emaitzak gaur bertan 20.30 aldera plazaratuko direla aurreikusten da.

Izan ere, ez da hain ohikoa EHUko errektorea aukeratzeko hauteskundeetan bi hautagai izatea. Hori gertatu zen azken aldia 2008. urtean izan zen. Orduan Iñaki Goirizelaia nagusitu zitzaion Marisol Estebani, tarte estuarekin, boto haztatuaren edo haztatuaren %52,25 lortu baitzuen. Estebanek %47,75 eskuratu zuen.

Ordutik ez dira bi hautagai izan. 2012an Goirizelaiak karguari eutsi zion, baina hautagai bakarra izan zen; hau da, hauteskundeak egin egin ziren, baina hautagai bakarrarekin. Botoen %55 lortu zituen Goirizelaiak. 2017an antzeko egoera izan zen, Nekane Balluerka hautagai bakarra izendatu baitzuten errektore. Botoen %66 lortu zituen. Eva Ferreira 2021ean errektoretzara heldu zenean ere hautagai bakarra zen eta botoen %66 lortu zituen.

Botoen balio desberdina

EHUko errektore izateko botoen portzentajeaz jardutean, argitu behar da guztiek ez dutela balio bera. Irakasle egonkorren botoek guztien %56,25 hartzen dute; ikasleenek, berriz, %22,08. Irakasle ez diren langileen botoek %12,08 balio dute. Doktore ez diren edo egonkorrak ez diren irakasleei %8 dagokie. Azkenik, beste irakasleentzat %1,59 gordetzen da.

Gauzak horrela, irakasle egonkorren artean irabazteak berebiziko garrantzia dauka. Ikasleen artean irabaztea ez da hain «garrantzitsua», kopuruz gehiago badira ere. 42.837 ikasle daude EHUn eta irakasle egonkorrak 2.326 dira.

Erdi Arotik datorren oihutura da unibertsitateetan erabiltzen den sistema hau, Xabier Isasik NAIZ Irratian gogoratu zuenez.

Orotara, 99 hautes-mahai eratuko dira, mila hautetsontzi inguru egongo direlarik. Honekin batera, 242.000 boto-paper prestatu dituzte.

Aurrez aurre

Bengoetxeak EHUn «parte-hartze defizita» dagoela salatu du. «Gure argudio nagusia da ez dela praktikatzen ari deliberazioa, ez da benetan eztabaidatzen ari. Sentsazioa daukagu erabakiak erdi kozinatuta eramaten direla, mikrouhin labean jartzen da azken minutuan, berotu eta atera. Metafora honekin esan nahi dudana da ez dela benetan eztabaidarik gertatzen. Gure proposamena da gauza batzuetan aldaketak egitea», azaldu zuen NAIZ Irratian

Unibertsitateko profesionalak ikasleengana gerturatzea beharrezkoa dela ere defendatu du. Digitalizazioa bultzatzearen alde eta EHUko langile askoren prekaritate sistematikoaren aurka egin behar dela nabarmendu du, euskarak jauzi kualitatiboa eman behar duela ahaztu gabe.

Ferreirak, berriz, parte-hartze sistema digitalek ekarri duten aurrerapena azpimarratu du. «Eraldaketa digitala funtsezkoa da eta lau urteotan gauza asko aldatu ditugu», azaldu zuen NAIZ Irratian. Unibertsitate publiko batek ikasleei formakuntzarik onena eskaini behar diela gaineratu du, enpresen finantzaketa baztertu gabe.

Garraioari dagokionean, unibertsitatera heltzeko distantzia luzeko ibilbideak behar direla gaineratu zuen Ferreirak, horretarako aldundiekin hitz egiten ari direla azalduta. Shanghai zerrendak munduko 400 onenen artean kokatzen du EHU. Ferreiraretzat, zenbaki batek ezin du unibertsitate bat definitu, baina horrelako berriak «oro garrantzitsuak dira gure unibertsitatea munduan kokatzeko».

Kanpaina lohituta

EHUko hauteskundeotarako kanpainan izan da polemikarik. Ferreiraren taldekoa zen Guillermo Quindos errektoreordeak dimisioa aurkeztu behar izan zuen, sareetan, profil anonimo bat erabiliz, Bengoetxearen hautagaitzako kideen kontrako mezuak zabaldu zituelako.

Bengoetxeak berak eman zuen honen berri haugaitzak aurkezteko Klaustroan egin zuten bileran, Ferreira bera bertan zela.

Ferreirak euskarazko debaterik ez zuela nahi izan ere mahai gainean jarri zuen Bengoetxeak.

Ferreiraren hautagaitzak arauz kanpoko jardunbideak izan dituela ere salatu du Bengoetxeak. Botoa eskatzeko klaseak eten edo hauteskundeetarako apenas lau egun falta zirenean Ferreiraren haugaitzaren aldeko «mezu bidalketa masiboa» egitea leporatu die.