INFO

Iruñeko auzo guztietan haur eskolak euskaraz izatea aldarrikatuko dute abenduaren 11n

Hiriko auzo guztietan euskarazko haur eskolak izatea aldarrikatuko du Iruñeko Euskalgintzak abenduaren 11n deitutako manifestazio baten bitartez. Udalean gehiengoa duten alderdiei eskatu «irtenbidea adosteko» eskatu diote: «Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da».

Iruñeko Euskalgintzaren prentsaurrekoa abenduaren 11ko manifestazioaren berri emateko. (Iñigo URIZ | FOKU)

Auzo askotan euskarazko eskaintzarik ez dagoela salatu du berriro ere Iruñeko Euskalgintza plataformak, eta manifestazioa deitu du abenduaren 11rako, 17.30ean, Udalean gehiengoa duten alderdiei irtenbide bat exijitzeko.

«Bada garaia auziari irtenbidea emateko. Udalaren betebeharra eta ardura da Iruñeko biztanleen eskubideak bermatzea. Baina ez hori bakarrik, gizarte kohesioa eta elkarbizitza bermatu behar ditu Udalak. Belaunaldi berriei euskara ezagutzeko aukera eman behar zaie. Iruñean dugun egoera diglosikoa aintzat hartuta, murgiltze eredua da bidea, zeinak hizkuntza gutxitua lehenetsiko duen. Ikerketa guztiek argi utzi dute elebitasuna eta eleaniztasuna bermatzen dituela murgiltze ereduak», adierazi dute Iker Mundiñanok eta Amaia Razquin bozeramaileek.

Aipatu dutenez, Joseba Asiron (EH Bildu) alkate egin zuen zentsura mozioa aurkeztu zenetik 334 egun pasa dira. Akordio programatikoan haur eskolen afera sartu zuten, eta Joseba Asiron alkateak ere, adierazpenak egin zituen erranez auzo guztietan bermatuko zela euskaraz ikasteko aukera. Baina AEK, AET, EHE, ELA, IKA, LAB, Steilas eta Sortzenek osatzen duten plataformaren arabera oraindik ez da aldaketa handirik sumatu.

«Arduradun politikoak aldatzen badira ere, eskolen egoeran ez da halakorik. Auzo askotan ez dago euskarazko eskaintzarik eta murgiltze giroan haur eskola bakarra dugu. Horretaz gain, bi adarreko sei haur eskola sortu badira ere, ez dute euskalduntzekoa ziurtatzen. Egia da orain urte batzuk egoera hobetu zela, baina legegintzaldi bakarra iraun zuen. Eta haurren hezkuntza ezin da aginduko duenaren nahien araberakoa izan», azaldu dute.

Horregatik, «hitzetatik ekintzetara pasatzeko» garaia dela nabarmendu dute. EH Bildu, PSN-PSOE, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin alderdiek osatzen duten gehiengoari irtenbidea adosteko eskatu diete. PP eta UPNri, aldiz, eskatu diete ez dezatela «zangotrabarik» jarri.

Abenduaren 11n manifestazioa deitu du Iruñeko Euskalgintzak, 17.30ean Parlamentuaren paretik abiatuta.

Familien testigantzak

Bideo baten bitartez, Iruñeko Euskalgintzak egoerari buruzko hainbat familien testigantzak bildu ditu.

«Lau testigantza. Lau familia horien errealitatea zenbat etxeetan bizi dute? Zenbat oztopo eta ezintasun euskarazko murgiltze ereduan matrikulatzeko. Zenbat familien amets, gogo, ilusio eta eskubide alboratuak urtetik urtera. Zergatik? Zergatik desberdintasun hori? Zergatik bazterketa hori? Zergatik zigor hori? Galderak egin ditu Razquinek.