Aita Marik beste 33 pertsona erreskatatu ditu Mediterraneo erdialdean
Mediterraneo erdialdean 33 pertsona erreskatatu ditu Aita Mari ontziak asteazken honetan. Italiako agintariek Salerno portua izendatu dute lehorreratze puntu bezala, nahiz eta gertuago beste portu seguru batzuk egon. Bertara ostiral goizean iristea espero da.
Gaur goizaldean, Aita Mari itsasontziak siriar jatorriko 33 pertsona erreskatatu ditu, horien artean bi emakume, Libiar SAR eremuan, kostaldetik 50 miliara gutxi gorabehera. Larrialdi-abisu bat jaso da AlarmPhone-tik 03:30ean, eta erreskatea 05:00ak inguruan gauzatu da. Erreskatatutakoen artean, hiru adingabe aurkitzen dira, familiarik gabe bidaiatzen ari direnak.
Hilaren 19an beste 53 pertsona erreskatatu zituzten.
Alertaren berri izan duenean, Aita Mari 18 itsas-miliara zegoen arriskuan zegoen ontzitik, eta berehala bertaratu da. Erreskatatutako pertsonak «nekatuta eta urduri» ageri ziren, Aita Maritik jakinarazi dutenez, baina erreskate-operazioa «normaltasunez» gauzatu da.
«Erreskatean zehar, Libiako Kostako Guardiako ontzi bat agertu da eremuan eta modu arriskutsuan hurbildu da ontzira», salatu dute. «Horrek tentsio eta paniko uneak eragin ditu bertan zeuden pertsonen artean. Egoera konpondu ahal izan da erreskatea bizkortuz, Libiako Kostako Guardia esku hartu aurretik, eta erreskatatutako pertsonen transferentzia arrakastaz burutuz», gaineratu dute.
Portua, beste behin urrun
Une honetan, erreskatatutako 33 pertsona Aita Marin daude seguru, non arreta medikoa, janaria eta ura jasotzen ari dira. Italiako agintariek Salerno portua izendatu dute lehorreratze puntu bezala, eta bertara ostiral goizean iristea espero da. «Hala ere, portu hori behar baino askoz urrunago dago, kontuan hartuta egun bakarreko nabigaziotik gertu portu seguru ugari daudela. Aldiz, Salernorako bidaia bi egun oso luzatuko da, erreskatatutako pertsonen estresa eta ziurgabetasuna areagotuz», nabarmendu dute.
«Erreskate honek beste behin azpimarratzen du Mediterraneo erdialdean bizitzak eta giza eskubideak lehenesten dituen migrazio-kudeaketa baten premia larria. Mediterraneo erdialdea munduko ibilbiderik arriskutsuenetako bat izaten jarraitzen du, gerra, jazarpena eta muturreko pobreziatik ihes egiteko beren bizitzak arriskuan jartzen dituztenentzat», gehitu dute ohar baten bidez.