Kepa Anabitarte, XX. mendeko Euskal Herriko historia laburbiltzen duen gizon baten bizitza
Kepa Anabitarteren bizitza kontatuz Euskal Herriko azken ehun urteko historia kontatu du Eneko Bidegainek Pamielarekin argitaraturiko liburuan. Politika pertsonek egiten dutela nabarmendu du autoreak, lehen lerroan ez daudenek egiten dituzten ekarpenen garrantzia azpimarratuz.
‘Kepa Anabitarte. Bizitza bat herriari eskainia’ liburua idatzi du Eneko Bidegainek. Gizon baten bizitzak Euskal Herriko XX. mendeko historia laburbiltzen duela nabarmendu du gaur Donostian egin duten aurkezpenean.
Trintxerpen 1934an familia euskaldun eta abertzale baten baitan sortu zen Anabitarte eta langileen borrokak eta zapalkuntza ezagutu zituen gertutik. Zaragozan ikasteko egin zuen egonaldiak abertzaletasunaren piztea ekarri zuen, Bidegainek gogoratu duenez. Lan munduan murgildu zenean, ELA sindikatuan sartu zen, kartzela ere ezagutu zuelarik. Parisera sindikalismoari buruzko ikastaldi batera joan zelarik, garai haietan pil-pilean zegoen deskolonizazioaren borroka ezagutu zuen gertutik Afrikako kideei esker. Borroka soziala eta herrien askapena uztarturik daudela ikasi zuen orduan. Municheko 1962ko kongresuan parte hartu zuen, faxistek ‘kontubernioa’ deituko zutena eta ELAren zatiketa ekarriko zuena. ESB alderdiaren sorreran, kooperatibismoan eta Gipuzkoako industrialdeak bultzatzen ere aritu zen. GARA egunkaria argitaratzen duen EKHEko Administrazio Kontseiluko presidentea izan zen. Azken urteotan, Nafarroako historiari eta Estatuari begiratu izan dio, Nabarralderen bultzatzailea eta Orreaga iritzi taldeko kidea izan delarik. Gaindegiaren sorreran ere izan zen.
Biografia politikoaren garrantzia
Pamielako argitaletxeko Lander Majuelok garai hauetan biografia politikoak idazteko beharra nabarmendu du. Anabitarteren bizipenak jasotzeak lan hori betetzen du, Euskal Herriaren historian erabakigarriak izan diren garaiak aztertzen dituelarik. «Biografia politiko guztiak bezala partziala da, baina lan bat betetzen du», adierazi du. Honekin batera, nobela beltza bezala ere irakurri ahal dela gaineratu du.
Bidegainek urteak eman ditu kazetaritza lanetan eta kazetariak formatzen. Hori dela eta, interesgarriak izan daitezkeen gaiak topatzeko sena garatu duela esan du. Anabitarterekin hitz eginda, sen hori piztu zitzaion. «Hemen liburu bat dago», etorri zitzaion burura. Euskal Herriaren historiaren azken ehun urteak Anabitarteren bizitzaren bitartez kontatzea zen erronka. «Hain ezagunak ez diren pasarteak daude», azpimarratu zuen.
Horretarako, Anabitarterekin berarekin bildu eta hitz egin du. Senitartekoekin eta bizitzan zehar bidaikide izan dituenekin ere bai. Hamarkadaz hamarkada jaso ditu Bidegainek gertatutakoak. Horien ardatza politika da, «baina politika pertsonek egiten dute. Eta politika ez da soilik lehen lerroko pertsonek egiten dutena. Itzalean daudenek ere egiten dute politika».
Bi ondorio nagusi
Lanaren ondorio bezala bi ideia aipatu ditu Bidegainek. Lehena, Euskal Herriaren zapalkuntza ez zela Francisco Francorekin hasi eta ez zela Francisco Francorekin amaitu. Eta zapaltzaile guztiak ez direla eskuinekoak edo eskuin muturrekoak. Espainiarekin batera, Frantziak ere Euskal Herria zapaltzen duela eta biek aliatuek dituztela adierazi du.
Bigarrena, 1970ko hamarkadan eztabaida sakonak eta barne hausturak eragin zituena: Askapen nazionala eta soziala elkarrekin doazela eta ezin direla banatu.
Osasun arrazoiak direla eta, Kepa Anabitarte ezin izan da liburuaren aurkezpenean izan. Naroa alabak hartu du hitza Bidegainen liburua familiarentzat oparia izan dela adierazteko. Aitak beti herri begirada izan duela esan du, «aurreko belaunaldiek herri hau herri izaten jarraitzeko egin zuten ekarpena».