Euskararen Errepublika helburu, larrialdi linguistikoaz ohartarazi dute Durangon
Ehunka lagun elkartu da gaur Euskal Herrian Euskaraz elkarteak deituriko manifestazioan, ‘Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika’ lelopean.
Eguraldi benetan kaskarra izan da gaur. Haizea eta euri zaparradak. Halere, ehunka lagunek hartu du parte Euskal Herrian Euskaraz elkarteak antolatuko manifestazioan, Durangoko Azokaren testuinguruan.
EHEk Durangon antolatutako manifestazioan euskararen aldeko borroka berrindartzeko deia egin du. Euskararen aldeko olatu berri bat sortzeko asmoz, euskararen aldeko elkarte honek euskalgintzako gainerako eragileak eta esparru desberdinetako norbanako eta taldeak elkarlanerako gonbidatu ditu.
Euskaraz bizitzeko eta independentziaren aldeko aldarriak nabarmendu dira mobilizazioan. EHEren arabera, hizkuntzak «larrialdi linguistikoan» jarraitzen du, eta egoera horri aurre egin behar zaio.
Egiturazko arazoak azpimarratu dituzte oztopo nagusi gisa: hezkuntza sistemaren eraginkortasun falta, euskara ikasteko zailtasunak eta hizkuntzaren ofizialtasun ezak.
Manifestazioa Durangoko Azokako erdigunetik abiatu eta herriko kaleak zeharkatu ditu. Amaieran, manifestariek adar eta txalaparta doinuekin jaso dute ongietorria, eta kultur ekitaldi batek eman dio amaiera. Irene eta Maddi kantariak, Spartak Dementziala taldea eta Unai Iturriaga bertsolariak¡ izan dira amaierako ekitaldian, non EHEk bere aldarriak plazaratu dituen. Argi utzi du: aitzakietatik ekintzetara igarotzeko garaia da.