Non geratu zaio Surne Bilbao Basketi denboraldi hasierako sendotasuna?
ACB Ligako azken lau norgehiagokak galdu ditu talde bilbotarrak eta Saski Baskoniaren aurka ez zen markagailuan aurretik inoiz ere izan. Orotara 23 hiruko bota zituzten Ponsarnaurenek eta 3 bakarrik sartu. Eta kezka hauei bueltaka, Cholet izango da bilbotarren aurkaria astearte honetan 20.00etan.
Denboraldi hasieran Miribillan erakusten zuen sendotasuna galdu du Surne Bilbao Basketek. Egia da Joventut, Valentzia Basket eta Saski Baskonia ez direla edonor, baina aurkari hauen guztien kontra galdu du eta Valentzia Basketen aurkako deman izan ezik, beste bietan irabazteko aukerarik ez du izan Jaume Ponsarnauk zuzentzen duen taldeak. Eta momentuz anekdota hutsa bada ere, sailkapeneko azken-aurreko postuan dagoen Breoganekin berdinduta daude uneotan beltzezko gizonak.
«Bigarren erdian aspaldiko defentsarik onena egin dugu, aurreko neurketetan baino askoz hobea, eta bide hori jarraitu behar dugu», amaitu zuen Jaume Ponsarnau entrenatzaileak Saski Baskoniaren aurkako euskal derbiaren osteko prentsaurrekoa. Zerbait nabarmendu behar onerako Tarregako entrenatzaileak, hirukoetan asmatzeko egun petrala inork ere esan gabe nabarmen geratu baitzen: 23 saiakeratik 3 bakarrik barrura –eta neurketa 64-69 zela Gielok sartu zuen hark azken emaitza estuago izan zedin baino ez zion balio izan Bilbao Basketi; hau da, derbia artean airean zela 22 hirukotik bi baino ez zituztela saskiratu bizkaitarrek.
Ez zen hura beltzezko gizonen aje bakarra izan. Bilbotarrek erasoko errebote bat gehiago hartu bazuten ere, hirugarren laurdenean neurketa 14 puntuko aldeaz ia bertan hautsi zuen Saski Baskoniak, neurri handi baten erasoko erreboteei esker. Horrez gain, trantsizio eta kontraeraso egoeretan pilatu zituzten Ponsarnaurenek galdutako baloi guztien gehiengoa; alegia, abantailarik e zutela ia baliatu, partida iraultzeko beranduegi zen arte. Izan ere, azken laurdenean sendoago aritu zirelako bizkaitarrak, Frey, Pantzar, Dominguez, De Ridder eta Hlinasonek osaturiko bostekoaren bitartez, hutsegiteak hutsegite, azken minutuan markagailua estutzea erdietsi zuten.
Baina horixe besterik ezin izan zuten egin bizkaitarrek: markagailua estutu. Aurretik ez ziren segundo bakar batez ere jarri eta Pablo Lasok partida ondorengo prentsaurrekoan esan zuen moduan, azken emaitza baino ondotxo argiagoa izan zen gasteiztarren aldea, jokoari dagokionez batik bat, Chima Moneke izanik euskal derbia gehien desorekatu zuen jokalaria.
Ukendua eta liderra
Orain arte bederen, FIBA Europe Cupeko lehiak zauriak sendatzeko ukendu baten antzekoak izan dira bilbotarrentzat, baina ez da ahaztu behar aurkariak orain arte eman duten maila eskasa. Dinamo Sassarik maila handiagoa erakutsi zuen joan zen astean Bilbao Basketen aurka aurreneko faseko arerioek baino, hori ere egia da. Eta astearte honetan, berriz, Cholet Basket talde frantsesa dator Miribillara. 20.00etan hasiko da partida eta ETB 4 kateak zuzenean eskainiko du.
Frantziako Ligako liderra, hain zuzen. Euroligan hain ondo ari den Paris Basketball Tiago Splitterren taldearen gainetik, Cholet historikoa da Estatu frantseseko saskibaloi liga goreneko puntan, 9-1 balantzea aldean. Azken norgehiagokan Strasbourg talde indartsua 83-94 hartu zuten menpean, sei jokalarik 11 puntu edo gehiago sartu eta gero: Ayayi, Diawara, Vautier, Campbell, Smith eta Ndow.
Fabrice Lefrancois entrenatzaileak bederatzi jokalariko errotazioa erabili zuen –Jamuni McNeace eta Soren Bracq jokalariek ere bizpahiru minutu izan zituzten, nolanahi– eta hirukoetan finegi aritu ez arren –31tik 9 asmatzea hartuko zukeen Bilbao Basketek igandean–, ezta jaurtiketa libreen marratik ere –30etik 23, alajaina!– erasoko errebotean erakutsi zuen sendotasunak garaipen garbia eman zion Choleti.
Orotara 86 puntutik gora pilatzen ditu batez beste etxeko ligan –laugarren Paris, Asvel eta Bourg en Breese taldeen atzetik–, ia 22 asistentziarekin, «passes décisives» delako sailean LNBko liderra da ere, eta partidako ia 9 baloi osten ditu, gainera.
Europako partidak orain arte ukenduaren baliokide izan badira ere Bilbao Basketentzat, argi Choleten aurka, sendotasuna berreskuratu ezean, behintzat.