«Euskal abertzaletasunaren bost figura» gerturatuko ditu Naziogintzak hitzaldi ziklo batekin
Aita Manuel Larramendi, Sabino Arana, Eli Gallastegi ‘Gudari’, Telesforo Monzon eta Txillardegiren figurak gerturatzea helburu, hitzaldi ziklo bat antolatu du Naziogintza taldeak Azpeitian.
Azpeitiko Basazabal Jauregian Naziogintza Taldeko Josu Alberok eta Karmelo Landak ‘Abertzaleak’ hitzaldi zikloa aurkeztu dute asteazken honetan prentsaurreko batean, Azpeitiko Kultur zinegotzia den Aitor Larrañagarekin batera. Helburua «euskal abertzaletasunaren bost figura enblematiko ezagutaraztea da».
Adierazi dutenez, «euskal nazionalismoaren historian lorratz sakona utzi duten bost pertsonaia erreferentzial» jorratuko dituzte. «Abertzaletasunaren eremuan eragin handikoak, zaila baita gaur egungo euskal nazionalismoa ulertzea haien ekarpenak aintzakotzat hartu gabe».
Abenduaren 18an, Edurne Alegria itzultzaileak Aita Manuel Larramendiri buruzko hitzaldia eskainiko du. Urtarrilaren 14an, Xabier Irujo historialaria, AEBetako Nevadako Unibertsitateko irakaslea, Sabino Aranari buruz mintzatuko da.
Otsailaren 18an, Nerea Azurmendi kazetariak Eli Gallastegi, ‘Gudari’-ren figura aurkeztuko du, martxoaren 19an, Pako Sudupe idazlea Telesforo Monzoni buruz jardungo da eta, zikloa ixteko, apirilaren 29an Karmelo Landa berak, historialaria eta EHUko irakasle ohia, Txillardegiren irudia gerturatuko du.
Hitzaldi guztiak Basazabal Jauregiko 3. solairuan izango dira, 19:00etan. Hitzaldi-ziklo honetarako Azpeitiko Udalaren Kultur sailaren laguntza eskertu dute Naziogintza Taldeko bi kideek.
«Euskal abertzaletasunari buruzko gogoeta-taldea izanik, garrantzi handia ematen dio Naziogintza Taldeak heziketa politikoari», adierazi dute. «Euskal abertzaletasunaren historia, tamalez, ezezaguna da gure gizarteko sektore zabal batentzat, baita beren burua abertzaletzat jotzen duten askorentzat ere».
Eta hori iraultzeko asmoz datoz hitzaldiak. «Urte luzeetan debekatu eta ezkutatu izan zaizkigu eragin handiko abertzaleen biografiak, haien ekarpenak eta lan ideologikoa, eta debeku horiek gainditu ditugunean ez gara gai izan figura horiei merezi duten ezagutza eta aitorpena emateko. Bada garaia justizia egiteko, eta gure historia garaikidearen ezinbesteko erreferentzia intelektual eta politiko batzuk ezagutarazteko».