INFO
Entrevista
Eneritz Artetxe Eizagirre
Bertsolaria

«Hankak oholtzan mantendu eta bertsotan egitearekin konformatzen naiz»

Eneritz Artetxe Eizagirre (Azkoitia, 1990) hamar urterekin hasi zen bertso eskolan, tarte batez Txapelketa eta bertso eskola ere utzi ostean, Txapelketara itzuli da eta finaleraino iritsi da. Hasieran sorpresaz hartu bazuen ere, gogoz begiratzen dio finalari.

Eneritz Artetxe, bertsolaria. (Jon Urbe | FOKU)

Udaberrian hasi zenuen lehen saioa eta azken-azken saioraino iritsi zara.  Luze egin zaizu?

Sorpresaz hartu dut, ez nuen uste txapelketa hain luzea izango zenik, udaberritik hasita udazkenera arte nahiko luze egiten da, ba finaleraino zer esanik ez; eta horri gehituz gero aurreko hilabeteetako prestakuntza, denbora luze egiten da, baina aldi berean pozik nago. Neke pixka bat antzematen da, baina egindako lanaz gozatu ederra hartuta nago, hobetzeko gauzekin, baina pozik.

Aurreko prestaketak aipatu dituzu, nola landu duzu?

Urte pila bat neramatzan bertso eskola fundamentuz zapaldu gabe, eta duela urte eta erdi edo hasi ginen bertso eskolan, astero bildu eta ohiko ariketak egiten; elkartu, bertsotan egin eta komentatu egiten genuen. Txapelketa aurrera joan den heinean eta ariketak aldatzen joan diren heinean, entrenatzeko ariketak aldatu ditugu, baina prestakuntza modu ohikoan egin dugu, ezer berezirik egin gabe; lehen ez bezala, prestatu egin naizela iruditzen zait [barreak]. Ordu batzuk sartu ditugu bertso eskolan, eta baita joan-etorrietan ere, baina maiatzerako eta orain finalerako antzeko prestakuntza egin dugu, jardun eta komentatu.

Txapelketa izan da berriro ere bertso eskolan fundamentuz hasteko motiboa?

Txapelketa nire kasuan aitzakia bat gehiago izan da. Duela bost urte txapelketako saio denetan egotea tokatu zitzaigun, baina oholtza behean, eta inbidia handi-handia pasatu nuen. Bukatutakoan, banekien aurtengo Txapelketan parte hartuko nuela.

Aitzakia bat izan da txapelketa hainbeste gustatzen zaigun bertsogintzari eusteko, txapelketarik ez balego seguruenik ez nintzatekeelako berriro ere asteroko dinamika horretan sartuko, edo hainbesteko motibazio gabe behintzat. Aitzakia bat izan da lehen hain gustura egiten genuen horri eusteko, dudarik gabe.

Zuk baino hobeki inork ez du ezagutuko txapelketaren beheko aldea…

Txapelketa hain ondo ezagutzeak ez dakit alde txarrak edo onak dituen, nik, aurtengoa ikusita, esango nuke ondo etorri zaidala txapelketak antolakuntza aldetik zer lan daukan ezagutzea, batez ere balorazioak egiterakoan, edota bestela ere kexatzeko joera dugulako: gai txarrak izan direla, epaileek lana ez dutela ondo egiten… Nik uste dut lan hori guztia ezagutzeak eman didala aukera pixka bat erlatibizatzeko eta balioan jartzeko lan hori bera ere. Eta batez ere, guk kantatu ahal izateko han goizeko zortzietatik lanean zenbat jende dagoen jakiteak balio izan dit.

Bertso eskoletan egiten den lana nik bezain ondo ezagutzen du parte hartzen duen beste askok ere, esango nuke batez ere txapelketaren atzean dagoen lan hori ezagutzeak balio izan didala.

Gipuzkoako bertsogintza nola sumatzen duzu?

Txapelketan bertan ikusi da belaunaldi berrien parte hartzea nolakoa izan den, eta nik beti foku handiena bertso eskoletan egiten den lanean jartzen dut. Nahiz eta gero batzuetan txapelketan bakarrik ikusten den emaitza, belaunaldi berriak eta diskurtso berriak egotea zein garrantzitsua den sumatzen dut, hori ez litzateke posible izango bertso eskoletan egiten den lanik gabe. Eta uste dut azken urteetan eman den bilakaera (bai hezkuntza arautuan eta baita bertso eskoletan ere, metodologia aldetik, irakasleen formakuntzan…) nabari dela Eskolartekotik hasi eta Txapelketaraino.

Baduzu ariketa kuttunik?

Norbere bertsokerarekin bat etortzen da askotan gehien gustatzen zaiguna, ni neurri txikiaren oso zalea izan naiz beti. Uste dut bertsotan garrantzitsuena dela besteak entzun, erantzun eta elkarrizketa osatzea, eta orduan, bai hamarreko txikiko eta baita zortziko txikiko ariketetan ere izugarri gozatu dut, Altzotik hasi eta Zarautzeraino. Uste dut nire bertsokerarekin bat datorrela hori, neurri txikiko ariketak ditut gustukoen, elkarrizketatik ihes egiteko aukerarik ematen ez duten ariketa horiek.

Elkarri entzutea garrantzitsua da?

Horrenbeste urtetan bertso eskolara joan gabe egon eta gero, egun batean konturatu nintzen ofizio bat egiten hasi eta ondoan nuen bertsokidearen bertso bat bera ere ez nuela entzun ofizioa bukatutakoan. Hor egin nuen klik bat, eta esan nion nire buruari: «Bertsotan ahaztea da hau, ondokoa entzun gabe kantari hastea». Arreta berezia jarri dut hor, batzuetan obsesionatzeraino bestea entzun eta ahal den denetan erantzutearekin, batzuetan lortzen da, beste batzuetan ez, eta beste batzuetan, gainera, ez erantzutea hobe izaten da.  Baina nik uste dut esaten dugunean plazako kutsua eman behar zaiola txapelketari, horretaz ari garela, eta txapelketan badugula halako joera bat bakoitza berea luzitzera joatekoa, baina besteak entzuten ez baditugu eta biren arteko lana egiten saiatzen ez  bagara, nahiko zaila izaten da luzitzea.

Illunberako asmo zehatzik ba al duzu? Zarauzko azken agurrean sustoa hartu zenuela kantatu zenuen, proiektatu al duzu larunbateko plaza?

Sustoak astebete iraun zidan finaleko aukerarekin, gero Arrasaten beste susto bat hartu genuen hango puntuazioekin, baina ja %100 finalean kokatuta, ez dut asmo berezirik. Nik uste dut txapelketa osoan egin dudana egiteko gai baldin banaiz Illunben, besterik ezin dudala eskatu. Ea plaza ez zaigun handi geratzen eta hankak oholtzan mantentzea lortzen dugun, han egoten asmatu eta guretik pixka bat uzten dugun, bertsotan egitearekin konformatzen naiz.