INFO

Azkenaren aurka sekulako belarrondokoa jaso du IDK Euskotrenek eta zulora erori da (46-75)

Ensino Lugoko Claudia Sorianok nahi izan duen guztia egin du talde donostiarrarekin: 29 puntu, ostutako 8 baloi eta 7 asistentzia pilatu ditu. Galiziarrek lau laurdenak eraman dituzte eta albiste on bakarrak Laura Corneliusen debuta eta Delicia Washington jokora itzultzea izan dira.

Claudia Soriano, IDK Euskotren sorgindu eta zulora bidali duen jokalaria. (@ENSINO)

IDK EUSKOTREN 46 - ENSINO 75

Azken sailkatuaren aurka eta etxean 29 puntuko aldeaz galtzen duen taldeak ez du etorkizun onegirik, askoi zuzendu ezean. Claudia Soriano Lugoko Ensino taldeko antolatzailearen magiak –29 puntu, ostutako 8 baloi eta 7 asistentzia– sorginduta, txotxongiloaren moduan aritu dira Azu Muguruzarenak. Laura Corneliusen debuta eta Delicia Washingtonen itzulera ospatu dituzte donostiarren zaleek, baina besterik ez, sailkapen nagusian –partida bat gutxiago jokatuta– zulora erori delako Azu Muguruzaren taldea.

Akordatzerako, Lugoko taldeak 0-7 hanka egin du markagailuan. Eskerrak Roso Buch fin aritu den bere aurreneko hirukoetan. Nolanahi ere, Soriano eta Giomiren artean sekulako erasana eragin dute donostiarren defentsan.

Aukeran presaka hasi dira partidan Azu Muguruzarenak eta jokoa lasaitu nahian edo, Laura Cornelius fitxatu berriari berehala eman dio eman dio aginte makila. Ensino, izan ere, 8-18 aurretik jarri da, baina Lola Pendande, Buch eta Corneliusen artean aurreneko laurdena amaitzerako IDK Euskotrenek aurkarien aldea asko murriztea lortu du: 17-20.

Bestalde, Delicia Washington ere berreskuratu du talde donostiarrak, orkatilako lesioa atzean laga ondoren. Hala ere, bigarren laurdenean ere atzetik joan beharra izan dute Azu Muguruzarenek, Claudia Soriano antolatzailea ezin inolaz ere geldituta. Are, bigarren laurden hau 2-14ko partzial batekin hasi da eta Lugoko taldeak 19-34 alde egitea lortu du.

Sorianoren erakustaldia

Hirugarren laurdenean hankasartzeak eta hutsegiteak pilatu baino askoz gehiago ez dute egin talde biek, baina orduan ere Ensino nagusi izan da, neurri baten Claudia Soriano gero eta erosoago aritu delako.

Azken hamar minutuetara iristerako markagailua 32-50 jarri du Ensinok bere alde, baina okerrena iristear egon da. IDK Euskotrenek besoak jaitsi ditu eta oso zabar aritu da, hainbat erasotan pase bakarra eman gabe baloia galduta. Lara Gonzalez eta Lola Pendande bere lana duintasunez betetzen aritu dira, baina tarteka baino ez dute asmatu. Jokalari hauen bien kideek, ordea, ezta hori ere.

Aldiz, Sorianoren erakustaldia erabatekoa izan da azken laurden honetan. Orotara 29 puntu sartu baditu, horietatik 15 azken laurdenean sartu ditu eta ostu dituen 8 baloietatik erdia ere azken hamar minutuetan pilatu ditu. Josean Gascara hurbildu den jendeak txalo jo dio antolatzaile gazteari, nola ez ba! Ordurako partida erabakita zegoelako. Tamalez, azkenaurreko postuan jardunaldia hasi eta azkenaren aurka 29 puntuko aldeaz galduz gero, Ibaeta basket zulora erori da. Merezita gainera.

PARTIDAKO FITXA

IDK EUSKOTREN: Roso Buch (12), Becky Massey (2), Lou Halvarsson (6), Alba Prieto, eta  Nastja Claessens –hasierako bostekoa– Niyah Becker (4), Lola Pendande (10), Lara Gonzalez (6), Laura Cornelius (6) eta Delicia Washington.

ENSINO: Garfella (3), Castedo (10), Mollenhauer (6), Giomi (12) eta Soriano (29) –hasierako bostekoa– Muhate (7), Fequiere (8) eta Bettencourt.

Partzialak: 17-20, 7-19, 8-11, 14-25.