INFO

Euskal Eskola Publikoaz Harrok dirua ikastetxe publikoei bideratzeko eskatu dio Lakuari

Ehun lagunetik gora bildu dira igande honetan Gasteizen, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deituta. 2025eko aurrekontuetako dirua ikastetxe publikoentzat izan dadin galdegin diote Lakuako Gobernuari, pixkanaka kontzertazioari bukaera emanez.

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformaren elkarretaratzea, igande honetan, Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak 2025etako aurrekontuetako dirua ikastetxe publikoetara joan dadila eskatu dio Lakuari, gutxinaka-gutxinaka kontzertazioari amaiera emanez. Gasteizen egin dute elkarretaratzea, eta bertan ehundik gora lagun bildu dira. Ikasturte hasieran ere baliabide gehiago galdegin zizkioten Gobernuari.

Irakurri duten agirian Hezkuntza Legearen babesean irakaskuntza pribatura bideratutako dirua «nabarmen» goititu dela salatu dute. «Eskola publikoak behar dituen baliabideak itundutako sare pribatura zuzentzen ari dira», nabarmendu dute.

Hain zuzen ere, ‘Kanpoan hotz, publikoan bero. Badatoz Maridomingi eta Olentzero!’ zioten pankartak erakutsi dituzte elkarretaratzean.

Kritikatu dute eskola publikoak haur guztientzat aski toki duen auzo eta herrietan «behar ez diren plazak» ituntzen jarraitzen duela Hezkuntza sailak, «eskola publikoak hustuz eta, ondorioz, kudeaketa ekonomiko eskasa eginez».

Hori gutxi balitz bezala, 2 urteko B ereduko dozenaka ikasgela itundu dituela gaitzetsi dute. Diotenez, horiek ez dituzte legeak berak ezarritako helburu linguistikoak beteko.

«Hezkuntza sistema dualari» kritika

Elkarretaratzean parte hartu dutenentzat, «publiko-pribatu hezkuntza sistema dualak eskola segregazioa eragiten du etengabe, eta huts egin du ekonomikoki, emaitza akademikoetan, euskalduntze prozesuan eta gizarte kohesioan. Kontzertazio ekonomikoa da gure hezkuntza sistema dual honen jatorria eta arrazoia», azaldu dute.

Aldarrikatu dutenez, «bada garaia guztion artean ordaintzen dugun mekanismo hau birplanteatzeko». Beraiek argi dute: «Eskola publikoari eman behar zaio lehentasuna antolakuntzan, azpiegituretan eta baliabideetan, hori baita bide bakarra gizarteak behar duen hezkuntza sistema berdinzale eta kalitatezkoa bermatzeko».

«Ez dezagun mantendu kohesio sozialaren aurka doan hezkuntza sistema kontzertaturik, erabil dezagun diru publikoa guztion eskola publiko baten alde», dei egin dute.