Aurrekontuei buruzko antzeko proposamenak egingo ditu EH Bilduk datozen urteetan
«Jendearen interesetan oinarriturik» aurrekontuak negoziatzeko prozedura bateratuaren balorazio positiboa egin du EH Bilduk, «agendan etxebitza, gutxieneko soldata eta zaintzak jarri dituelako». Datozen urteotan gisa honetako proposamenak egingo dituztela aurreratu du Arnaldo Otegik.
Aurrekontuak negoziatzeko orduan erabili duen estrategia bateratua eta mahai gainean plantetaturiko proposamena «egokia eta zuzena» izan dela uste du EH Bilduk eta datozen urteetan antzeko moduan jokatuko du. Horrela adierazi du alderdiaren koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik zuzendaritzak Iruñean gaur egin duen bilera dela eta egin duen agerraldian.
Otegik nabarmendu duenez, EH Bilduren helburu nagusienetako bat politikagintza aldatzea da, eta horretan kokatu du aurrekontuei buruzko planteamendua. «Proposamena sakona eta sinplea da», azpimarratu du. Hego Euskal Herriko administrazioen dirua jendearen beharretara zuzentzea, herrialde mailako logikatik nazio mailera pasaz. Horrela, etxebizitza, zaintza, gutxieneko soldata eta trantsizio ekosoziala izan dira EH Bilduren proposamenak landu dituen gaiak.
Balorazio positiboa
Negoziazio prozesuaren balorazio positiboa egin du Otegik. Lehenik, aurrekontuen eztabaidak, «aspaldiko partez», herritarren interesak izan ditu oinarri. Honekin batera, Araban akordioa lortu dute, Bizkaian gauzak ongi doaz eta Lakuako Gobernuari dagokionez azken unera arte ezin dela akordioa baztertu nabarmendu du Otegik. Arabako akordioari esker, «aspaldiko partez», egoitzetan plaza publikoak izango direla, udalei diru gehiago emango zaiela eta trantsizio ekosozialean aurrera egingo dela azpimarratu du.
Euskal Herrian gobernatzeko eta oposizioa egiteko beste modu bat era dagoela islatu duela prozesu honek gaineratu du Otegik, Estatu espainolean ematen denaren arras desberdina.
Guzti honengatik «hurrengo urtean, eta hurrengoan, eta hurrengoan» antzeko proposamenak egingo dituztela aurreratu du EH Bilduren koordinatzaile nagusiak. Aurtengoarekin alderatuta hobekuntzak erantsiko dizkiotela azaldu du. Hauen artean, proposamena lehenago egingo dutela esan du, eztabaida modu egokiago batean egin ahal izateko.
Politika molde berrien beharra
EH Bilduren proposamenak beharrei aurre egiteko politika molde berriak behar direla adierazten duela esan du Otegik. Lakuako Gobernuak horri uko egiten dionean «ez da gure kalterako, herritarren kalterako baizik. Etxebizitza politika berri bat egiteari uko egiten dionean gazteen kalterako da. Gutxieneko soldata propioa ezartzeari ezetz esaten duenean langileen kalterako da». Egungo etxebizitza politika mantentzeak arazoa ez duela konponduko eta hori hurrengo urteko negoziazioan agerian geldituko dela esan du Otegik.
Estatu espainoleko aurrekontuekin antzeko moduan jokatu nahi dutela esan du Otegik. Alde batetik, Pedro Sanchez Gobernuaren egonkortasunaren alde egiten dutela, alternatiba nabarmen okerragoa izango delakoan. Bestetik, euskal herritarren eta Estatuko beste lurraldeetako biztanleen bizitza baldintzak hobetzeko helburua dutelako.