Ezkutuko itunez betetako thriller erlijiosoa
CÓNCLAVE
Bretainia Handia, 2024. 118’ Zuzend.: Edward Berger. Gidoia: Peter Straughan. Akt: Ralph Fiennes, John Lithgow, Stanley Tucci, Isabella Rossellini. Musika: Volker Bertelmann. Argazk.: Stephane Fontaine.
Ustekabeko heriotzaren ostean, Aita Santu berria aukeratzea dagokie elizgizonei, eta Lawrence kardinalak izango du konklabea zuzentzeko ardura; Ralph Fiennesek jokatu du protagonistaren rola. Eliza Katolikoko buruzagi boteretsuenak Vatikanoko aretoetan biltzen direnean, Lawrence konspirazio konplexu batean harrapatuta geratuko da, eta, aldi berean, Elizaren zimenduak astindu litzakeen sekretu bat aurkituko du.
Robert Harris idazlearen izen bereko eleberrian oinarritzen den ‘Conclave’ filmak intriga, erlijioa eta politika uztartzen dituen narrazioa du oinarri. Tentsioz beteriko giro hermetiko bat erabiliz, boterea, fedea eta giza anbizioaren gatazka bezalako gaiak aztertuko ditu.
Zuzendaritza lanetan Edward Berger alemaniarra ageri da. Telesailen munduan izenburu garrantzitsuak zuzendu ditu: ‘Deutschland 83’, ‘The Terror’, ‘Patrick Melrose’ edita ‘Your Honor’, besteak beste. Film luzeen arloan, aldiz, 2022ko ‘Sin novedad en el frente’ (‘I'm Westen nichts Neues’) pelikulari esker nazioarteko kritikari eta publikoaren laudorioak jaso zituen; Oscar sarietan bederatzi izendapen lortu zituen, eta horietatik lau eskuratu zituen.
Ostiral honetan estreinatzen den film berri honek Vatikanoaren barrunbeetan barneratuko gaitu; intrigaz konspirazioz eta ezkutuko itunez betetako thrillerra da, Eliza Katolikoaren botere-borrokak eta sekretuak ardatz dituena.